«Nire asmoa txikitatik ama haurdun nola eta zergatik geratu zen kontatzea da»

Bere seme-alaba Enarak eta Hodeik 18 egun besterik ez zituztela jaso zuen TOLOSALDEKO ATARIA Maider Gonzalez ikaztegietarrak bere etxean. Eskertzekoa eta era berean, bizitzen ari den esperientzia berri honen berri jasotzeko une egokia. Ama bakarra da, egun gero eta ohikoagoa den familia eredu horietako bateko adibide.

Denbora luzez hausnartu gabeko erabakia izan zen, baina era berean, aztertutakoa. Behin ere ez du planteatu «amatasuna, bikotea, familia» izatearena: «Etortzen bada etorriko da». Baina, duela urte eta erdi inguru, 37 urte zituela eta oporretan zegoela, egunerokotasunetik aterata, eta pentsatzeko denbora gehiago zuela amatasunaren inguruko galderak sortzen hasi zitzaizkion, eta etorkizunean damua sor ziezaiokeen gai bat izan zitekeela pentsatu zuen. Uda horretan bertan berarentzat oso garrantzitsua den informazioa jasotzeari ekin zion, izan ere, «aukera ezberdinak» bazeudela zekien arren, ez zekien «nola funtzionatzen» zuen.

Bere buruarekin «elkarrizketa» hori izan ondoren, hurrengo pausua bere desioa amarekin eta izebarekin elkarbanatzea izan zen: «Nire kabuz pausu hori ematea erabakitzen banuen erabat garrantzitsua izango zen beraien laguntza edukitzea». Hasieratik, prozesuaren «partaide» egin behar zituela argi zuen. Zalantzarik gabe «aurrera» egiteko esan zioten eta prozesua nolakoa zen jakiteko «informazioa biltzea» erabaki zuen. Psikologoa izanda, bere lanagatik «ohitura» du behar duen informazioa bilatzeko eta horregatik ez du hutsunerik sumatu prozesu honetan, behar duena bilatu eta aurkitu du.

Gonzalezek erabakia hartuta «argi» izan zuen bidea, eta ez zuen zalantzarik izan. Bidean «ziurtasun faltak» izaten direla dio, edo une batzuetan «beldurra» ere sentitu izan duela prozesuan. Baina, horiek zu menderatu gabe eta «egunean egunekoari» aurre eginda, ikaztegietarrak bere kasuan baliagarri izan den eta egoera honetan aurki daitezkeen beste emakume batzuen kasuan ere baliagarri izan daitezkeen hiru gauza argi izatea gomendatzen du: «Lan egonkorra izatea, hausnarketaren ondoren ideiak garbi izatea, eta ingurukoen laguntza».

Ama izatera iristeko bidea

Ama izateko erabakia hartuta, esan bezala, Gonzalezek informazioa biltzeari ekin zion. Berak prozesu osoa Quiron ospitale pribatuan gauzatu du, eta hain zuzen ere, ospitale hori aukeratu zuen «lehen elkarrizketan informazio guztia» ematen dizutelako eta hori zelako berak bilatzen zuena: «Hasieran informazio hori nahi nuen: Nola zihoan gauza? Zer proba egiten ziren? Prozesuak zenbat aukera zituen eta nola garatzen den denboran...». Gonzalezen kasuan emaile bidez egitea erabaki zenez, nola zegoen jakiteko probak egin zizkioten; izan ere, emaileak lehenagotik proba ugari pasata ditu eta osasun proba guztiez gain, «test psikologikoa» ere egiten diotela jakin du Gonzalezek prozesu horretan.

Emailea guztiz «anonimoa» izaten da, eta «identifikazio prozesua errazteko» medikuek amaren profil edo ezaugarri berdineko emailea bilatzen dute. Gonzalezen kasuan, medikuek emaile bidezko intseminazio artifiziala gomendatu zioten: «Kontutan hartzen da zure obulazio prozesua noiz hasten den eta egun konkretu batzuetan, bi egun jarraietan, intseminazioa egiten dizute kontsultan». Amari egindako probak ez badaude «ondo» edo lau alditan probatuta intseminazioak arrakastarik ez badu, in vitro bidera jo behar da: «Obuluak atera eta esperma obulu horietan sartzen dizute. Ondoren, enbrioia zure umetokian jartzen dizute, zure gorputza prest dagoen momentu batzuetan. Bikotea dutenen kasuan, emailerik gabeko intseminazio artifiziala ere egin liteke.

Aipatu bezala, Gonzalezek emaile bidezko intseminazio artifizialaren bidea egin zuen, eta «hirugarren saiakeran» lortu zuen haurdun geratzea. Berak «zortea» izan duela dio, eta prozesua «oso ondo» atera dela.

Gomendioa

Prozesu guzti honetan gauza asko ikasi dituela dio ikaztegietarrak, eta horietako bat beste emakumeekin elkarbanatzea oso garrantzitsua dela uste du: «Behin edo behin pentsatu baduzu familia izatea, edo ez baduzu pentsatu baina prebentzio moduan zerbait egin nahi baduzu, hogeita hamabost urte bete baino lehen egin analitika batzuk ikusi zure gorputza nola dagoen eta informazio guzti horrek beti lagunduko dizu aurrerago erabaki batzuk hartzen ala ez».

Ginekologoek hogeita hamabost urterekin aukerak «jaitsi» egiten direla diote Gonzalezen arabera, eta hogeita hamazazpirekin «are gehiago» jaisten omen dira, nahiz eta horrek ez duen esan nahi «lortuko ez duzunik». Horregatik, gomendatzen du proba horiek egin eta gutxienez «informazio hori hor» izatea, «baldintzak» jarri ditzakeelako bai «aurrera» egiteko edo baita «atzera» egiteko ere.

Askotan komunikabideetan «arrakastatsuak» izan diren adibideak soilik agertzen direla dio Gonzalezek, eta nola lagundu emakume edo bikoteei aurrera begira arazoak ez izateko prebentzio moduan? Gonzalezek «animatu» egiten ditu guztiak osasun proba hori egitera, eta «nola» dauden jakitera; nahiz eta gero, agian, seme-alabak izatea ez erabaki, baina: «informazio hori beti hor egongo da, eta erabakiak hartzen agian laguntzen dizu».

Etorkizunari begira naturaltasunez

Haurdunaldi «oso ona» izan ondoren, martxoaren 18an beste prozesu bat, «oso polita» hasi zuen Gonzalezek: «Prozesu bakoitzak bere xarma dauka». Bikiak izanda haur goiztiarrak izateko kezka zuenez «sabelean ahalik eta denbora» gehien egotea zen bere helburua, eta amaiera arte «goxo-goxo» egon dira amaren sabelean zesarea bidez jaio ziren arte, eta jada «aurpegiak ikusteko desiratzen» zeudela.

Erreportaje honetan hizpide dugun familia ereduen aniztasuna hartzen ari den indarraren erakusle dira Maider Gonzalezek bere ingurukoengandik bere amatasunaren berri izan dutenean jasotako erantzun positiboak: «Gaur egungo gizartea asko aldatu delako izango dela pentsatzen dut, orain dela hamar urte beste gauza bat izango zen. Familiakoak izan ala ez, denek animatu egiten naute, iruzkin guztiak positiboak izan dira eta aurrera bultzatu naute». Galderak egin dizkiotenean «jakin-minagatik» izan dela dio, eta ez bere erabakia «zalantzan jartzeagatik».

Aurrera begira ere, seme-alabek gaia nola bizi dezaketen pentsatzeak ez du kezkatzen: «Era naturalean lantzeko asmoa daukat. Prozesua hastea erabaki nuenetik, egunkarietan agertzen diren artikuluak gordetzen ari naiz, beraiek ikusteko jaio ziren garaian nola era naturalean ikusten ziren gauza guzti hauek». Haurrekin ere gaia txikitatik naturaltasunez lantzeko asmoa du: «Nire asmoa txikitatik ama haurdun nola eta zergatik geratu zen kontatzea da ipuin bat balitz bezala, beraiek ulertu dezaketen modu batean. Ez dut itxarongo beraiek galdetu arte».

Haurrei ere gizartea garatzen joan den eta joango den heinean gauzak «ulertzea» are errazagoa egingo zaiela uste du Gonzalezek. Herrian ere «beste eredu» bat badute, eta atzetik ere «beste batzuk» etorriko direla uste du ikaztegietarrak. Eta haurrak eskolan hasten direnean ere beste haur batzuk «beraien egoeran edo antzekoan» aurkituko direla uste du, eta gainerakoa, «naturaltasunez» azaltzen saiatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!