Leire Olaberria ez da Brasilgo Olinpiar Jokoetarako sailkatu

Asier Imaz 2016ko martxoaren 7a

Munduko Pista Txapelketan, Londresen, hamaikagarren postuan amaitu du ikaztegietarrak, Omnium proban.

Londresko Munduko Pista Txapelketan lehen bederatziren artean amaitu behar zuen Leire Olaberriak, Omniumean, Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetara sailkatzeko.Txirrindulari ikaztegietarra, ordea, hamaikagarren gelditu zen, eta bere hirugarren Olinpar Jokoei agur esan zien. 2008an Pekinen brontzea lortu zuen, eta 2012an Londresen egoteko aukera izan zuen.

Hain justu, Londresen jokatu da Munduko Pista Txapelketa, asteburuan. Olaberriak Omniun proban parte hartzen zuen. Omniuma proba desberdinek osatzen dute, eta bakoitzean lortutako puntuekin azken sailkapena egiten da. Ikaztegietarra ez zen ondo hasi, hamabigarren, baina ondoren puntuak lortuz sailkapenean gora egin zuen. Igandeko jardunaldi erabakigarrian, ordea, ezin izan zuen bederatzigarren postura gerturatu, eta hamaikagarren postuarekin konformatu behar izan zuen azken sailkapenean. Inongo aitzakiarik gabe hartu zuen emaitza Olaberriak: «Ez daukat ezer esateko, txirrindularitza horrelakoa da. Aukera on bat nuen, banakien zer egin behar nuen, baina ez dut egin. Ezin dut aitzakiarik jarri, azken lau urte hauetako prestakuntzaren arduraduna ni izan bainaiz».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!