Euskal gatazkaren historia ezezagunak gizarteratzen

Imanol Garcia Landa 2016ko otsailaren 25a

Udaletxeko aretoan, 'Bisaiak, jauziaren aurpegiak' dokumentala emango dute bihar

Bisaiak, jauziaren aurpegiak dokumentala emango dute bihar Ikaztegietan, 19:30ean, udaletxeko aretoan, herriko gazte taldeak antolatuta. Ibai Agirrebarrena da ikus-entzunezkoaren egileetako bat eta biharko saioan parte hartuko du. «Ideia Jauzia proiektuarekin hasi zen eta dokumentala proiektu horren jarraipena da», azaldu du. Proiektuaren egileek Euskal Herrian, zehazki Ipar Euskal Herrian, bertakoak baitira, ikusten zuten bazirela «istorio batzuk lotuta Euskal Herriko gatazka politikoari. Historia asko kontatzekoak direnak, bestela ez direnak inoiz jakingo».

Agirrebarrenak gaineratu duenez, «azken finean konturatzen ginen gure lagunetik, hogei eta hogeita hamar urte bitarteko zenbaitzuk, ez zekitela zer gertatu zen orain 30 urte inguru Euskal Herrian, eta ez zutela jakintzarik gure gurasoen belaunaldian gertatutako gertakari biziki garrantzitsuei buruz». Pentsatu zuten Euskal Herriko gatazkan parte hartu zutenei hitza eman behar zitzaiela, «kontatu dezaten bizi izan dutena, eta hori nahi genion transmititu gizarteari modu zabalean, baina gehienbat gazteei begira. Azkenean, memoria kolektiboa erraten diogun horri ekarpen bat egitea da, orain 20-30 urte gertatutakoa gizarteratuz».

Ideia horretatik abiatuta, bost historia hartu zituzten eta elkarrizketak grabatu zituzten, Zuzeu webgunean ikusgai daudenak oraindik. Pertsona eta historia horretan oinarriturik atera dute Bisaiak, jauziaren aurpegiak dokumentala.

Euskal gatazkarekin lotura berezirik ez zuten Ipar Euskal Herrian edo Frantzian jaiotako hainbat pertsona dira protagonistak. Batzuk errefuxiatuen gaiarekin sentsibilizatuta, beste batzuk lagun bati laguntzeagatik, albistegietako zerbaitekin interesatuta..., euskal gatazka nola etorri zitzaien jakitea izan da proiektuaren helburu nagusietako bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!