Baratzea izan nahi dutenek izena eman beharko dute

Ataria 2016ko otsailaren 11

Alegiako baratze parkea

Ikaztegietako Udalak baratze parkea egin nahi du, eta izen ematearekin herritarren interesa zein den jakin nahi dute

Ikaztegietako Udalak baratze parkea egiteko asmoa du herritarrek baratzea izateko aukera izan dezaten. Herritarrekin bilera bat egin ostean, izen emate epea ireki du eta epea otsailaren 12an, bihar, amaituko da.

Baratze parkea 3060 metro karratu inguruko lursail ezberdinez osaturiko berdegunea izango da, bertan barazkiak landatzeko aukera izango da. Alokairu xume baten truke, lur sailik ez duten herritarrek herriko baratze parkean, baratzea izateko aukera izango dute. Izena eman nahi duenak datu hauek bete beharko ditu: izen-abizenak, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa izanez gero. Bi bide daude interesatuek izena emateko. Alde batetik, bergara.tolosaldeagaratzen@gmail.com helbide elektronikora bidali daitezke datuak, edota udaletxera deitu 943 65 33 29 telefono zenbakira. 09:30etik 14:30era, eta datu horiek eman daitezke. Era berean, informazio gehiago nahi izanez gero, proiektuaren ardura daraman teknikariarekin (Beñat Bergara) harremanetan jarri daiteke aurretik aipatu helbide elektroniko bidez.

Udaletik, ordea, izen emate hau ez dela behin betikoa jakinarazi dute: «Oraingoz herritarren artean proiektu honekiko dagoen interesa eta eskaria aztertu nahi da». Aurrerago eta proiektua definitzen doan heinean «behin betiko izen ematea egingo da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!