Euskararen Eguna 2015

Lehen gerturatzea

Imanol Garcia Landa 2015ko abe. 2a, 11:32
Ikastaroa liburutegian egiten dute.

Zortzi etorkin euskara ikasten ari dira Aisa programaren bidez Ikaztegietan.

 

Aisa egitasmoaren bidez zortzi etorkin euskara ikasten ari dira Ikaztegietan. Bakarne Otegi alkateak azaldu duenez, «beti garbi izan dugun gauza da euskara, gure hizkuntza, ikasteko asmoa dutenei ahal dugun laguntza gehiena emango diogula». Uemaren bidez jakin zuten programaren berri: «AEKrekin batera atzerritarrentzat egitasmo hau zuela jakin genuen, interesgarria iruditu zitzaigun eta herri mailan bultzatu genuen».

Ezustekoa hartu zuten udaletik ikastaroak izandako erantzunarekin. «Egia da azken aldian kultura ezberdinetako jendea etorri dela herrira bizitzera, eta pozik gaude ikastaroak izan duen erantzunarekin», esan du Otegik. Egitasmoak hiru ikastaro ditu, eta bakoitza 60 ordukoa da. «Erantzun ona izaten ari da, eta jarraitzeko asmoa badute, bigarrengoa bultzatzeko interesa badugu», esan du alkateak, eta gaineratu: «Herri txikia garenetik, denontzako ona da ikastaro hau, etorkinen eta bertakoen artean euskaraz hitz egitea bultzatzeko».

Oihane Jordana da irakaslea. Ordiziako AEK euskaltegitik joaten da Ikaztegietara. «Oinarrizko mailarekin hasi gara, etorri zirenean ez baitzekiten ezer», esan du. «Beraientzat oso arrotza da, hitzak luzeegiak direla diote. Espainolez hitz egiten dutenek ikasten dutenean esaten dute zaila dela, baina beraiek ez zuten erreferentzia hori».

Badaude ikasleak gazteleraz ia ezer ez dakitenak. «Horiek ez dute itzultzen, zuzenean ikasten dute, eta listo», esan du Jordanak. «Batzuk irakurtzeko arazoak dituzte, horregatik bisuala egiten dugu, keinuekin eta». Irakasleak garbi du: «Onena da beti metodologia komunikatiboa izatea eta komunikatzen ikastea, dinamiken bitartez. Zerotik hasten den batentzat erosoena da. Nahiz eta ez ulertu hitza, keinuekin ulertzen dute esaten dudana, eta gero elkartzen dute keinua eta hitza». 60 ordu dituela kontuan hartuta, oso oinarrizko gauzak eman behar direla esan du Jordanak: «Aurkezpenak egiteari begira, hau da, nor zaren, non bizi, zenbat urte, lanbidea, norekin bizi zaren, zer moduz zauden... Egunerokotasunean aurkitu dezakezuna». Irakasleak azaldu duenez, «ongi pasatzen dute, gustura ikusten zaie. Euskara entzuten dutenean sentsazioa ona izaten da».

Othmane Bahri da ikasleetako bat: «Udalak abisatu zigun ikastaro bat zegoela, oinarrizko gauzak ezagutzeko. Ikastaro ona da, eta niretzat garrantzia du. Dena jakitea gustatuko litzaidake, baina pixkanaka joan behar dugu».

Beste ikasleetako bat Mahmud Aali-Salem da: «Asko gustatzen zait euskara. Gustatuko litzaidake hitz asko jakitea». Eta Bahrik gaineratu du: «Hizkuntza bat dakizunean, errazagoa izaten da dena. Jendea oso atsegina da, hitza ez badakizu, idatzi egiten dizu. Gurasoen bileretan gertatu zait hori». Bahrik haurrak ditu eta horiek azkarrago ikasten dutela dio: «Hasi dira hitz egiten euskaraz, eta batzuetan estaldurarik gabe geratzen naiz beraiekin. Orain, gero eta hitz gehiago ikasten ari naiz». Edozein kontutarako garrantzitsua dela euskara jakitea gaineratu du Bahrik: «Medikura joateko, irakaslearekin egoteko, lana bilatzeko... Gogoa dugu eta borondatea gehiago ikasteko. Irakasleak ahal duen gehiena egiten du, baina ikasleok ere ama hizkuntza ezberdinak ditugu, eta horrek ere zailagoa bihurtzen du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!