Alkateei elkarrizketak

Bakarne Otegi: «Herritarren parte hartzea sustatu nahi dugu»

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 8a, 10:56

Udal hauteskundeetan EH Bilduk lau zinegotzi lortu zituen eta EAJk hiru. Orain lau urteko emaitzak errepikatu ziren, baina EH Bilduk 30 boto galdu zituen (Bildurekin alderatuz) eta EAJk 12 irabazi. EH Bilduko Bakarne Otegi da alkatea, eta bere lehen aldia da karguan.


Zein irakurketa egiten duzu emaitzen inguruan?

Azkenean EH Bilduren emaitzen beherakada orokorra izan da. Hala eta guztiz ere, gehiengoa lortu genuen eta lanerako gogoz gaude.

Batzordeburu guztiak EH Bildukoak dira?

Batzordetan lan egiteko asmoa izan da hasieratik, eta batzordeburu guztiak EH Bildukoak gara. Baina, esan bezala, batzorde bidez lan egiteko asmoa dagoen unetik, bertan parte hartzeko gonbitea luzatu zaie EAJkoei ere.

Nolatan aurkeztu zinen zerrendaburu?

Niretzat ezusteko handia izan zen. Azkenean udaleko lanari denbora bat eskainiko zion pertsona bat nahi zen, eta ondo pentsatu ondoren, eta ingurukoen eta herritarren laguntza nuela ikusirik, animatu egin nintzen erronka berri honetara.

Zenbait aldaketa izan dira udal taldean. Nolakoa osatu duzue?

Aldaketa guztizkoa izan da. Zinegotzi guztiak gara berriak. Taldea osatzerakoan armonia oneko taldea osatzen saiatu ginen. Egia da lehenagotik ezagutzen garen jendea garela, eta lan talde polita dugu. Gure artean giro ona dugu, eta hori garrantzitsua da lanerako, elkarlan hori aurrera eraman ahal izateko.

Ekainean hartu zenuen kargua. Nolakoa da alkate izatea?

Esperientzia polita da, eta aldi berean gogorra. Niretzako hau dena berria da, hasi besterik ez naiz egin, eta ikastea tokatzen zait. Eta horretan nabil buru belarri, gauza hauek guztiak ikasi eta egunerokoa ahal den bezala aurrera eramaten. Niretzat aldaketa handia izan da, baina lehen aipatu bezala, familiaren eta lagunen laguntzarekin nahiko ondo daramat. Denbora libre askorik gabe, baina gustura.

Behin udalean sartuta, aurretik bertan egiten den lanaren ikuspegia aldatuko da, ezta?

Asko. Normalean jakinarazten zaiguna osoko bilkura-eta izaten dira, baina udalez kanpoko erakundeak ere badaude, eta horietan ere parte hartzen da. Herri mailan ere ikusten dena baina lan gehiago egiten da. Azkenean alkatearen lana 24 ordukoa da, eta herri txikia izanik, udaletxetik kanpo ere lan asko egiten da, hau da, kaleak askorako ematen du.

Zer balantze egiten duzu aurreko legealdiaz?

Ekonomiaren aldetik mugatua izan zen, eta ez zuten aukerarik izan ezer handirik egiteko. Baina egia da barruko lan asko egin dutela, eta horri esker egoera ekonomiko saneatuagoarekin hartu dugula udala. Eta esperantzarekin gaude ea horri esker gauzatu gabe geratu diren proiektuak aurrera eramateko aukera dugun legealdi honetan.

Hain justu, zein izango dira legealdi honen ildo nagusiak?

Lan talde guztia lanerako gogoz eta ilusioz gaude. Erronka asko ditugu buruan. Gehienbat herritarren parte hartzea sustatu eta bultzatu nahi da, eta horretarako ekintzak antolatu. Herria bizirik mantentzeko ahaleginak ere egin nahi dira. Herrian kulturaniztasuna gero eta handiagoa dugu, eta horren inguruko egitasmoak bultzatu nahi ditugu. Gure hizkuntza ikasi nahi dutenei, erraztasunak jarriko dizkiegu. Erronka nagusietako bat ere izango da birziklapen tasak gora egitea.

Nola bideratuko duzue herritarren parte hartzea?

Batzar irekien bidez lan egiteko asmoa izan dugu beti. Batzuk martxan jarrita daude, eta beste batzuk martxan jartzekotan. Deialdiak zabaltzen ditugu, herritarrak gonbidatuta daude, eta udaletxeko ateak zabalik daude. Denon laguntza eskertzen da, eta behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!