Euskal kultura, plazara

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 2a, 11:17
Orain bi urte egindako azokaren postuetako bat.

Hamabost postu inguru izango dira bihar Ikaztegietan egingo den Euskal Jaian.

Zanpantzarrekin esnatuko da bihar Ikaztegieta, Euskal Jaiari hasiera emanez. Bi urtez behin egiten da jaia, eta azoka da ardatza: hamabost postu inguru izango dira goizean zehar plazan. Barazkiak, sendabelarrak, eztia, odolki eta mondejuak, esnekiak, artisautza..., hainbat motatako produktuak izango dira, beraz, salgai. «Sei-zazpi postu herritarrenak edo beraien parte hartzea dutenak izango dira», azaldu du Miren Mendizabal Kultura zinegotziak. «Beste postuak ingurukoak izango dira, eskualdekoak».

Zanpantzarren doinuekin batera, «modu berezi» batera emango diote jarraipena jaiari, Mendizabalek azaldu duenez: «Bertso saio txiki bat egingo da. Hernaniko bertso eskolako bi bertsolari etorriko dira. Beti nahi izan dugu azokari hasiera desberdina eman, eta aurten pentsatu dugu, euskal jaia izanik, gure kulturaren ezugarrietako bat den bertsolaritzarekin hastea».

Azokak irauten duen bitartean, beste jarduera batzuk ere izango dira. «Urtero gustatzen zaigu zerbait ezberdina antolatzea, eta aurten haurrentzako jogurt tailerra egitea pentsatu dugu. Azokan postu bat jarriko duten Larreta esnekien eskutik egingo dute tailerra haurrek», esan du Mendizabalek. Eskulan tailerrak ere izango dira eguerdi partean, herriko boluntarioek dinamizatuta. Bi tailerrak bereziki haurrei zuzenduta izango dira. «Azoka bera batez ere helduei begira denez, nahi izaten dugu haurrentzako jarduerak antolatzea goizean zehar», zehaztu du Mendizabalek.

14:00ak arte izango da zabalik azoka, eta ondoren txekor jatea etorriko da. 80 pertsona inguru elkartuko dira elizaren aterpean. Bezperatik txekor erdi bat erretzen ariko dira, eta horixe jan ahal izango dute bazkarian.

Paxaka erakustaldia

Arratsalderako paxaka pilota partida baten erakustaldia egingo dute. «Euskal Herrian zehar erakusten ari diren modalitate bat da. Noiztik datorren eta nola jokatzen den azalduko digute. Zerbait originala eta interesgarria iruditu zitzaigun, euskal kulturarekin zerikusia duena», azaldu du Kultura zinegotziak.

Zozketa ere izango da. Eguerdira arte txartelak saltzen ariko dira eta saria txekor zati bat izango da. «Bazkaltzen dugun txekorraren zatia uzten da aparte, erre gabe, eta hori da zozketatzen duguna», dio Mendizabalek. «Azkenean azokak gastu pila bat ekartzen ditu. Herri guztiak antzera gabiltza diru aldetik, eta ondo etortzen da egun hau antolatzeko laguntza txiki hori».

Hainbat herritar aritzen dira Euskal Jaiaren antolakuntzan, eta Mendizabalek dioenez, «garrantzitsua da ere gero egunean bertan azokara jendea joatea. Plazan jenderik ez badago, ez da festarik izango». Jaiak «lan asko» eskatzen duela gaineratu du: «Besteak beste, bezperatik txekorra erretzen hasi behar da. Bestalde, betiko jendea inguratzen da eta antzekoak gaude lanak egiteko garaian. Eskertu behar da lan egiten duten horiei, bai aurretik eta bi egunean bertan lan asko egin behar baita».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!