Libre, baina elkartzeko beharrez

Imanol Garcia Landa 2015ko mai. 29a, 10:53

Ikaztegietaren ikuspegia, 1952. urtean.

Tolosatik banandu eta hamar urtera Alegia eta Orendainekin batu zen Ikaztegieta, Aizpuruako Batasunean, irauteko. Ondoren Altzo elkartu zitzaien. Orain gutxi arte, 1967tik 1989ra, Iruerrieta udalerria osatu zuen Orendain eta Baliarrainekin.

Historian lotuta edo elkartuta egon da Ikaztegieta, udalerri moduan aurrera egiteko. Orain 400 urte arte, Tolosari lotu zitzaion, eskualdeko beste hainbat udalerri bezala. Hortik gutxira, baina, beste bi udalerrirekin elkartu zen ekonomikoki irauteko; kasu horretan, ordea, berdinen arteko elkarketa izan zen.

XIII. mendean Nafarroako erresumaren barruan zegoen Ikaztegieta, baina, dirudienez, herriari buruz dagoen lehen idatzia 1374koa da, Tolosara lotu zenekoa. Henrike II.a erregeak onartu zuen batzeko hitzarmena, eta 1379an haren oinordekoak berretsi zuen, Juan I.ak.

Tolosarekin tirabirak izan zituen Ikaztegietak, ez zuelako bat egiten Tolosak ezartzen zituen zenbait karga ekonomikorekin, ezta Tolosako kontseiluan Ikaztegieta ordezkatzen zuen epailearen eskumenekin ere. Pixkanaka, hala ere, zenbait aldarrikapen lortu zituen; besteak beste, epaile edo epaimahaiaren ordez, auzo alkate bat izan zuen. Horren bitartez, botere betearazle handiagoak izan zituen.

Tolosarekin zuen lotura 1615ean askatu zuen, inguruko beste hainbat udalerrik egin zuten moduan. Urte horretan, Ikaztegietak 230 biztanle inguru zituen, eta Tolosatik banatzeko 11.374 erreal ordaindu behar izan zituen.

Baina lege aldetik libre izateak ez zuen ekarri ekonomikoki buruaski izatea. Gainera, Tolosatik banatzeagatik ordaindu behar izan zuen kopurua handia izan zen. Hori horrela, hamar urte geroago, 1625. urtean, Aizpuruako Batasuna osatu zuen Tolosatik banandu berri ziren beste bi herrirekin: Alegia eta Orendainekin. Berdinen arteko batura izan zen, baina beharrezkoa udalerri izaera erosi berria mantentzeko. Batasun berri horretara Altzo elkartu zen 1660an. Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu zuten batasun berri hori, eta guztira 43 su (boto) izan zituen, horietatik zortzi Ikaztegietakoak.

Batasun horretan bi mendez baino gehiagoz iraun zuen Ikaztegietak. Gutxi gorabehera hogei urtez behin batasuna berresten zuten lau udalerriek; 1844. urtean, ordea, Ikaztegietak ez zuen bat egin. Hori bai, hortik bi urtetara berriro sartu zen.

Aizpuruako Batasunaz gain, udalerrien arteko beste elkarte baten parte ere izan da Ikaztegieta. Eta historia kontuan hartuta, orain gutxi gertatu da: 1967. urtean, Ikaztegieta, Orendain eta Baliarrain bildu ziren, eta beste herri elkarte bat gauzatu zuten: Iruerrieta. Ikaztegieta buru zela, entitate horrek 1989. urte arte iraun zuen, Orendain eta Baliarraingo herritarrek banatzea erabaki zuten arte. Urte bat pasatu zen berriz ere aurreko izena eta nortasuna berreskuratu arte.

Ikaztegieta Oria ibaiak zeharkatzen du. Tren geltokia duen Gipuzkoako herririk txikiena da, eta, autobia egin aurretik, N-1 errepideak herrigunea zeharkatzen zuen. Handik igarotzen da Donejakue bidea ere. Aipagarria da San Lorentzo eliza. XVI. mendean hasi ziren eraikitzen, eta XVII. mendean birmoldatu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!