Leire Olaberria: "Nire lana niretzat munduko politena da"

Imanol Garcia Landa 2014ko api. 6a, 16:00

Leire Olaberriak (Ikaztegieta, 1977) txirrindularitzan lortutako sarien zerrenda oso luzea da, bai pistan eta baita errepidean ere. Besteak beste, Pekingo Olinpiar Jokoetan brontzezko domina lortu zuen pistako puntaketa proban eta 2010eko munduko txapelketan brontzezko domina ere lortu zuen, kasu honetan omnium proban. Azkeneko lorpen nabarmena ere pistan izan da, aurtengo Munduko Kopako irabazlea izan da scratch proban.

Nola duzu gogoan Munduko Kopako lorpena? Aurretik lortu gabeko postua zen zuretzat, ezta? Falta zitzaizun maillota zela esan zenuen.
Dagoeneko urrun samar geratu da. Munduko Kopako sailkapena lortzeko hiru zita ziren, eta hiruretan egoteko ideia nuen. Azken finean, erregulartasuna saritzen duen sailkapen bat da. Hiru saioetan ondo aritu nintzen, eta betikoa ez, nik nire azken saioan lana ondo egin behar nuen; beste batzuk nituen aurretik, eta beraiei lana ez zitzaien nahi bezain ondo atera, eta azkenean lortu nuen sailkapen orokor hori. Orain arte lider izan naiz Munduko Kopan zehar, baina sailkapen orokorra ixtea ez nuen lortu, eta aurten lortu dut, eta pozik.

Falta zitzaizun maillota zela azaldu duzu.
Aurreko urteetan lider ipini nintzen unean, batean istripu bat izan eta ezin izan nuen defendatu azkeneko saioan; eta beste batean, Munduko Txapelketari begira atseden hartzea erabaki genuen. Aurten ikusi nuen aukera ona zela, eta ezin zela alferrik galdu. Gauzak ondo atera ziren, oso gustura aritu naiz Munduko Kopa guztian; egia esan, negu guztian oso gustura aritu naiz pistan. Denboraldia bukatu da eta orain errepidea tokatuko da. Txipa pixka bat aldatzea, eta lanean jarraitzea.

Hain justu, Munduko Txapelketarekin bukatu da pistako denboraldia, Calin jokatutakoa, otsaila bukaeran. Bertan bosgarren egin zenuen omnium proban. Aurrerago egotea espero zenuen?
Postua, dudarik gabe, ohorezko postua da, eta postu ona da. Munduko Txapelketa da, eta horrelako txapelketa batean podioan egoteko proba guztiak ondo atera behar dira, eta niri proba bat geratu zitzaidan erdizka. Laugarren eta bosgarren postuaren borrokan ibili nintzen, eta pozik nago egindako lanarekin. Dudarik gabe zertxobait hobeto egin ahal zen, baina okerrago ateratzeko aukerak ere bazeuden. Aurrekoak oso ondo jardun zuten, eta zorionez edo zoritxarrez, pistako historian pisu handia izango duten bi emakumerekin lehiatzea tokatzen zait, bata Sarah Hammer eta bestea Laura Trott, eta beraiengandik gertu ibiltzen naizenean seinale ona izaten da. Pozik nago egindako lanarekin; pixka bat gorago egotea gustatuko litzaidake, baina, azkenean, egindako lanaren ostean bosgarren, eta gustura, egia esan.

Munduko Txapelketan beste bi probetan ere parte hartu zenuen, scratchean eta jazarpenean. Nola joan ziren horiek?
Scratchean seigarren izan nintzen; badakigu oso proba irekia dela, karrera oso ona atera zitzaidan, eta azken momentuan seigarren amaitu nuen eta pozik egindako lanarekin. Jazarpenean zortzigarren amaitu nuen. Nik eskatu nuen proba horretan parte hartzea. Normalean gero eta egun gehiagotan aritu lehian, nire sentsazioak hobeak izaten dira, eta jazarpena pixka bat hobeago atera zitekeen, baina nire postua proba horretan bosgarren eta zortzigarrenaren artean egongo zela, eta postu horietan ibili nintzen. Azkenean, segundo bat edo biren arteko tartea izaten da postu horien artean, eta batzuetan hobeto eta bestetan okerrago ateratzen dira. Pozik hasi nintzen proba horretan eta gero, egunak pasa ahala hobeto sentitzen joan nintzen eta azken egunean oso gustura aritu nintzen.

Pistako denboraldian beste txapelketa garrantzitsu batean ere aritu zara, Europako Txapelketan, urrian jokatutakoa. Puntuaketa proban brontzezko domina lortu zenuen.
Pista denboraldiko lehen kontaktuak izan ziren, errepidetik iritsi berria bainintzen. Banekien omniumeko probari begira erlojuaren kontrako probak ez nituela gehiegi prestatu, eta nire helburua puntaketa proban parte hartzea izan zen. Oso irekia izan zen, eta lehenengo hiru postuen artean, batetik bestera, puntu bakarreko aldea izan zen. Oso gustura aritu nintzen, Ana Usabiaga izan nuen selekziokide, eta berak lagundu behar zidan uneetan bere lana oso ondo bete zuen, eta podioan amaitu nuen eta pozik.

Eta behin pistako denboraldia bukatuta, zer balantze egiten duzu?
Balantze oso ona. Ni oso gustura aritu naiz, nire sentsazioak oso onak izan dira, erlojuaren kontrako probetan nire denborak hobetzen jarraitu dut. Hamar bat jartzeko zertxobait falta izan zaio, baina pozik nago egindako lanarekin eta emaitzekin ere bai. Noski, egindako lanari emaitza hobeagoak jartzea nahi izaten da, baina ohorezko postu bat lortzen denean, pozik egon behar da egindako lanarekin.

Dagoeneko, beraz, errepideko denboraldiarekin hasi zara?
Justu Munduko Txapelketa amaitu eta gero, orain, udan zehar, Munduko Koparako sailkatu behar dugu. Londresen proba batean izan naiz, eta beharrezko puntu gehienak eskuratu ditut, eta orduan aukera dut errepidean aritzeko. Gogoa neukan Belgika aldeko klasikoak-eta ezagutzeko, eta nik uste dut lasterketa horietan ibiliko naizela hurrengo hilabeteetan.

Eta itzuli handietan parte hartzeko asmoa duzu? Edota errepideko Munduko Txapelketan?
Itzuli handiak ez dira nire helburu; egun bateko lasterketetan ondo aritu naiteke, astebetekoetan ere, baina hortik aurrerako lanak ez dihoakio nire perfilari edo nire txirrindulari izaerari. Ikusiko dut pixka bat gauzak nola doazen; tarteka-tarteka atsedenaldi bat izango dut: gustura aritzen naizen lasterketetan izango naiz eta atseden hartu behar dudanean hartuko dut. Nahiko plan irekia daukat eta denboraldia aurrera doan arabera, bide bat edo beste bat hartuko dut. Ondo egin nahi dut, baina argi dut egun txirrindularia naizela pistan ematen dudan errendimenduagatik, eta horrek horrela jarraitzeko ezin naiz sartu buru belarri errepidean. Azkenean exijentzia handia da, eta pentsatzen dut pistan emaitza hobeagoak izango ditudala.

Fullgas taldearekin aritzen zara pistan, baina zein talderekin ariko zara errepidean?
Fullgasekin pistan aritzen naiz, nire babesle pribatua da, eta errepideko lasterketak Bizkaia-Durango taldearekin egingo ditut. Bi taldeak bateragarriak dira: ez dago arazorik modalitate bakoitzean talde ezberdinarekin aritzean.

Zure mailagatik zuretzat errazagoa izango da, baina orokorrean zaila da talderen batean parte hartzea emakumezkoen txirrindularitzan errepideko modalitatean?
Egun emakumezkoen txirrindularitza hasten ari da, baina oraindik gehiago hasi behar da. Azkenean kontuan izan behar da talde benetan profesional edo garrantzitsu batean izateko euren eskaera beti izaten da taldearen esanetara egotea. Alde horretatik, ez daukat taldeak eskatuko lidakeen exijentzia guztia. Urritik orain arte gelditu gabe aritu naiz, eta errepideko talde garrantzitsu batean izango banintz, ez nuen izango denborarik ezta atseden hartzeko ere. Momentuz ez da aukera hori eman, eta ematen ez den bitartean ez naiz burua jaten ariko. Hala eta guztiz ere, gaur egun emakumezkoen errepideko txirrindularitzak ez ditu oso baldintza duinak, sufrimendua besterik ez dauka. Bakoitzak egin behar du bere balorazioa bere lanari buruz, eta bakoitzaren errendimenduaren arabera erabaki batzuk edo besteak hartu. Emakumezkoen errepideko txirrindularitzak ez du zerikusirik gizonezkoenarekin, eta espero dezagun baldintzak eta lasterketak gero eta gehiago hasten joatea, eta egoera gero eta hobeagoa izatea.

Eta aurrera begira zer? Zurrumurruak iritsi ziren txirrindularitza utzi behar zenuela Londresko olinpiar jokoen ondoren, baina hor jarraitzen duzu, eta maila onean gainera.
Momentuz oraina bizi dut, eta epe motzeko erabakiak hartzen ari naiz. Orain olinpiar sailkapen batean sartuko gara buru belarri, eta ez dago dudarik sailkapen horretan hasi aurretik bai gorputza eta bai burua ondo deskantsatuta izan behar ditudala, eta behin sailkapena irekitzen den unean, sailkatzea izango da hurrengo helburua eta gero jokoak iristen direnean ahalik eta hobekien egitea. Kazetariei asko gustatzen zaizuen galdera da, baina nik nire buruari oraindik ez diot eperik jarri, eta nire hankak ondo doazen bitartean eta nire burua ondo ikusten dudan bitartean… Nire lana niretzat munduko politena da, eta konturatzen naizenean arerioak nire baino azkarrago doazela agian beste modu batera pentsatuko dut. Baina ondo sentitzen naizen bitartean eta emaitzak lagun ditudan bitartean, nik uste dut egon naitekeen lekurik politena eta ederrena hauxe dela.

Azaldu duzun moduan, 2016ko Rio de Janeiron egingo diren Olinpiar Jokoetarako sailkapena pistako datorren denboraldian hasten da, hau da, aurten bertan.
Oraindik ez da argitaratu, baina pentsatzen dut guretzat Europako Txapelketarekin hasten direla puntuak, baina noski, Europako Txapelketan eta Munduko Kopan egon ahal izateko orain hartu behar dira puntuak. Nire kasuan puntu horiek proba gehienetan lortuak ditut, eta ziurrenik udan zehar pistako beste proba batean parte hartu beharko dut, baina orokorrean lan horiek eginak ditut; eta sailkapena irekitzen denean beti behatzak gurutzatuta izaten ditugu lesioek eta erorketek errespetatzeko. Hori da batik bat gehien kezkatzen gaituena. Nire kasuan, omniumean nik nire lanak ez baditut egiten, inork gutxi atera ditzake aurrera. Ea zortea izaten dugun, eta ez den arazorik izaten sailkapen horretan, aurrekoetan bezala.

Agian Pekingo olinpiar jokoetan lortutako brontzezko domina da zure ibilbideko lorpen handiena?
Nik uste dut edozein kirolariren bizitzan, kanpotik begiratuta, hori esan daitekeela. Gero gauza asko aldatzen dira Olinpiar Jokoetan lortutako domina batekin. Une bakoitzean lortutakoak bere esanahia izan du, eta gauza bakoitza bere momentuan garrantzitsua izan da. Munduko Kopa lehenengo aldiz irabazi nuenean izugarrizko poza izan nuen, Europako Txapelketa irabazi nuenean ere… Munduko Txapelketako podio batean egoteak Olinpiar Jokoetakoen zailtasun bera du. Instituzio aldetik eta prentsa aldetik, Olinpiar Jokoei sekulako garrantzia ematen zaie, baina guretzat zailtasunaren aldetik proba asko izan dira antzekoak, eta, azken finean, zailtasun askorekin zerbait lortzen duzunean, garaipen horrek asko pozten zaitu. Ziurrenik hori izan zen nire ibilbideko punturik garrantzitsuena, eta nire ibilbidea beste modu batekoa izateko aukera eman zidana.

Atzera begiratuz, urte asko daramatzazu txirrindularitzan goi mailan. Zer eman dizu txirrindularitzak?
Mundua ezagutzeko aukera eman dit. Pistaren kasuan Munduko Kopa munduko punta batetik bestera izaten da, eta jende mota asko ezagutu dut, lagun asko, hizkuntza desberdin asko. Txirrindularitzak niri asko eman dit, eta beti eskertuko diot.



Goi mailan aritzeko, ordu asko eskaini beharko dizkiozu kirolari, ezta?
Goi mailan izan nahi baduzu, lana egunerokoa izaten da, eta egunero entrenatu behar izaten dut. Urtean zehar, egia esan, nire egunak oso antzekoak izaten dira. Negu partean bidaia asko izaten ditut, eta batzuetan udak lasaiagoak izaten dira, baina orain errepideko denboraldiarekin ere etxetik kanpo egun asko tokatzen zaizkit. Baina gustura egiten dut eta gero ere bizitza guztia dago etxean egoteko eta lagunekin egoteko, janaria ez hainbeste zaintzeko… Bizitza luzea da azken finean.

Egun esan daiteke profesional moduan aritzen zarela txirrindularitzan, edo bestelako ogibiderik ere baduzu?
Zorionez nire ogibide moduan dut txirrindularitza. Ibilbidea hasi nuenean beste proiektu batekin hasi ginen, nutrizioko marka bat dugu, penintsula osoan, Kanaria Uharteetan eta Balearretan saltzen dena, eta denbora librea daukanean, beti gustatzen zait laguntzea.

Egun ere Ikaztegitan bizi zara, urte batzuk kanpoan izan ondoren. Nola da herrira itzultzea?
Egia esan asko eskertzen dut. Nire bizitzak etxetik kanpo nagoenean erritmo oso altua du, eta bueltatzen naizenean, hemen errekuperatzen naiz esfortzu guztietatik. Oso gustura eta oso lasai bizi gara.

Berria TB-k Gaintzako igoera egin du txirrindulariarekin. Ikusi bideoa.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!