Leire Olaberriak Munduko Kopa irabazi du

Tolosaldeko Ataria 2014ko urtarrilaren 18a

Hirugarren jardunaldiko proban laugarren postuan amaitu du ikaztegietarrak, baina puntuak batu ostean, sailkapen orokorreko lehen postuan amaitu du txapelketa. Omnium probako sailkapen orokorrean bigarren egin du.

Leire Olaberriak "Scratch" modalitateko Munduko Kopa irabazi du. Guadalajaran (Mexiko) jokatutako hirugarren jardunaldian laugarren izan da Ikaztegietako txirrindularia, baina aurreko bi probetan lortutako puntuen batuketa egin ostean, puntuaketa hoberena izan du Olaberriak.

Xiao Juan Dao txinatarrak irabazi du hirugarren jardunaldi hori, Jannie Salcedo kolonbiarrari sprint-a irabazi ostean. Brontzezko dominaren lehian, berriz, Evgenya Romanyuta errusiarrak azken unean aurre hartu dio Olaberriari. Ikaztegietarrak ez du dominarik izan, baina pozik azaldu da probaren amaieran lortutakoarekin: "Mailot hau falta zitzaidan, eta lortu dut" esan du. 

Era berean, omnium proban ere lehiatu zen eta azken hiru probetan oso ondo aritu zen, laugarren egin zuelarik. Omniumeko orokorrean bigarren egin zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!