Mattin Jauregi: «Ahal dudan guztietan txakurra hartu eta mendira joaten naiz»

Asier Imaz 2014ko urt. 7a, 19:30
Atletismoa eta txakurrak gustuko ditu Mattin Jauregik (Ikaztegieta, 1998). Kartel batean ikusi zuen biak uztartzeko bidea, eta orduz geroztik, Haika txakur emea lagun duela, mendian lasterka ibiltzen da. 2013ko azaroaren 24an, lehen aldiz, proba batean parte hartu zuen Orion. Ondoren, Donostiakoan ere irten zen, eta urtarrilaren 26an, Tolosako Txakurkrosean ateratzeko asmoa dauka. Orain arte, Jauregik emaitzak bere alde izan ditu, baita txakurrarekin mendian ibiltzeak sortzen dion gozamena ere.

Zer da txakurkrosa?
Talde lana. Txakurrarekin korri egitea. Bera aurretik joaten da tiraka, eta asko laguntzen dio korrikalariari, batez ere, malda goraka jartzen denean.
Nola egiten duzue korri elkarrekin?
Txakurrari arnes antzeko bat jartzen zaio, eta korrikalariari gerrikoa. Soka moduko batekin bata eta bestea lotzen dira. Txakurra aurretik joaten da tiraka, korrikalariari laguntzen.
Nolatan, txakurkrosean?
Ikaztegietan kartel bat ikusi nuen, eta ideia gustatu egin zitzaidan. Duela urtebete, Olentzerori gerrikoa eta arnesak eskatu nizkion, eta probatzen hasi nintzen. Orduko txakurra hil egin zen, eta bestea ekarri genuen, Haika. Pixka bat probatu eta gustatu egin zitzaidan, eta gero lasterketetan ateratzen hasi nintzen.
Aurrez, atletismoan ibiltzen zinen.
Aurtengoa bigarren urtea izango da. Iraupen luzeko probetan ibiltzen naiz Tolosa CF taldearekin. Baina txakurrarekin lasterka ibiltzea gehiago gustatzen zait, eta orduan, ahal dudanean txakurkrosean ibiltzen naiz.
Mendian izaten al dira lasterketa guztiak?
Orain arte egin ditudan guztiak mendian izan dira. Gainera, niri horiek gustatzen zaizkit gehien.
Zenbat kilometroko ibilbideez ari gara hizketan?
Zortzi, zortzi t’erdi. Gehienak distantzia horren inguruan ibiltzen dira; bostetik gora behintzat.
Nola moldatzen zara entrenamenduetarako?
Atletismoko entrenamenduez gain, ahal dudanean, txakurra hartu eta mendira joaten naiz.  
Txakurkrosean aritzeko, nola entrenatu duzu Haika, zure txakurra?
Hasieran ez zidan kasu handirik egiten; ez zuen asko tiratzen. Pixkanaka-pixkanaka ikasten joan da, eta orain asko laguntzen dit lasterketetan. Gauzak ongi egiten dituen heinean, zoriontzen joaten zara, eta horrela ikasten joaten da. Orain, arnesa jartze hutsarekin badaki zer egin behar duen.
Lasterketetara ongi moldatu al da?
Hasieran lasai hasten gara, gero pixkanaka aurrera egiteko. Gehienbat aldapetan esaten diot tiratzeko. Beheraka errekuperatu egiten dugu. Nire erritmoa ezagutzen du jadanik, eta badaki nola joan behar duen.
Benetan nabaritzen al da txakurraren laguntza?
Asko. Aldapa gogorrak izaten dira, eta askotan lokatzarekin. Zati horietan txakurraren laguntza asko eskertzen da.  
Lehen lasterketan garaipena lortu zenuen. Bigarrengoan, bigarren postua.  
Gipuzkoako Kopako bigarren lasterketa jokatu zen Orion azaroan, eta probatzea erabaki nuen. Juniorretan lehen postua lortu nuen, eta gustura. Txakurra ere oso ondo ibili zen, eta bigarren lasterketa bat egiteko gogoz gelditu ginen. Donostian bigarren postuan amaitu nuen, bederatzi segundora.
Zer dator orain? Zeintzuk dira hurrengo lasterketak?
Urtarrilaren 28an Tolosako Txakurkrosa jokatuko da, eta otsailaren 2an Zumaiakoa.
Edozein txakurrekin atera al daiteke lasterketa horietan?
Geroz eta aldapa gutxiagoko proba izan, orduan eta txakur handiagoa komeni da, indar gehiago duelako. Goranzko maldak baldin badaude, ordea, oso handiak ez dira komeni, errazago nekatzen baitira.
Zer esaten dizute lagunek, txakurkrosetan zabiltzala esaten diezunean.
Pixka bat arraroa egiten zaie, baina niri betidanik gustatu izan zaizkit txakurrak, eta gustura ibiltzen naiz hauekin korrika.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!