Atez ateko bilketarekin hasiko dira Ikaztegietan

Asier Imaz 2014ko urtarrilaren 2a

Ikaztegietan hondakin bilketa sistema berria urtarrilaren 8an jarriko dute martxan: atez atekoa. Hurrengo asteko asteazkenean papera eta kartoia ateratzen hasiko dira ikaztegietarrak. Tolosaldeko Mankomunitatetik azaldu dutenez, dagoeneko ontzi guztiak banatu dituzte herritarren artean, eta azpiegitura lanak ere amaitu dituzte.

Bilketa sistema berria ezarri aurreko faseetan ikaztegietarrek izan duten jarrera azpimarratu nahi izan dute mankomunitatetik: «Herritarrek oso jarrera ona erakutsi dute, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu». Atez atekoaren inguruko edozein zalantza argitzeko, udaletxean informazio bulegoa jarri dute; astearteetan 09:00etatik 11:00etara, eta asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara. Telefonoz edo e-mailez ere argitu daitezke zalantzak, ikaztegieta@tolosaldea.org helbidera idatzita, edo 661 55 97 57 zenbakira deituta.
Web orria eta aplikazioa
Ikaztegietako erronka berriaren inguruko edo beste herrietako albisteak jarraitzeko, mankomunitateak bere web orriaren berri eman du: www.tolosaldea.org. Atez atekoaren jarraipenaz gain, herri bakoitzeko bilketen inguruko informazioa dago bertan zintzilik. Horrez gain, traste zaharrak ateratzeko egutegia ere jarri dute eskura. «Bestetik, atez ateko bilketa duten herrietan dagoeneko martxan dugun sistema hobetzeko parte hartze prozesuan zabaltzen ari garen galdetegia ere herritarren eskura dago, bide honetatik ere betetzeko aukera dago», jakinarazi dute mankomunitatetik.
Webgunearekin bezala, aplikazio baten berri ere eman nahi izan dute Tolosaldeko Mankomunitatetik. Tablet zein mugikorretarako aplikazio horretan, birziklapenaren inguruko informazioa ematen da: hondakinen bilatzaile bat dago, eta aplikazioak esaten du nora bota hondakin bakoitza; nankomunitatea osatzen duten herri guztietako egutegiak daude, eta baita bestelako informazioa ere.  Aplikazioa erabili ahal izateko, mugikorrean edota tabletean aplikazioak deskargatzerakoan Tolosaldeako Mankomunitatea bilatu behar da.  Apple zein Android sistementzat da baliagarria.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!