Familia giroko herri krosa, Ikaztegietan

Asier Imaz 2013ko azaroaren 8a

Herrigintza Elkarteak lasterketaren XXIII. edizioa antolatu du azaroaren 16an; izena emateko bideak zabalik daude

Azaroaren 16ean Ikaztegietako Herrigintza Elkarteak bere eguna ospatuko du. 70. hamarkadan zabaldu zituen ateak elkarteak, eta urtero, Elkartearen Eguna ospatu izan ohi dute. Azken 23 urteetan, egitarauan lasterketa herrikoia sartu dute. Joxe Mari Garmendia herritarrak lehen edizioan hartu zuen antolatzaile ardura, eta horrelakoetan gertatzen den bezala, ongi egindako lanaren jarraipena bere esku gelditu zen, nahiz eta gustura hartuko lukeen erreleboa.

Ikaztegietako XXIII. Kros Herrikoia hurrengo larunbatean jokatuko da. Izena eman nahi duenak bi aukera izango ditu: aldez aurretik, www.herrikrossa.com web orrian apuntatu daiteke, 10 euroren truke; egunean bertan, 15:00etatik 16:00etara eman daiteke izena, kasu honetan, 13 euro ordainduz.

Familia giroko herri lasterketa 16:30ean hasiko da. Aurrez, herriko haurrak aterako dira korrika, 16:15ean. Hauek kilometro bakarreko ibilbidea egingo dute. Lehiakortasunean baino gehiago jolasean ibiliko dira Ikaztegietako belaunaldi berriak. Ondoren etorriko da helduen txanda, eta hauek, 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Herrian barrena hiru itzuli egin beharko dituzte. Kasu honetan, lehen sailkatuentzat sariak egongo dira. Lehen hiru emakumeek; lehen hiru gizonek; lehen beteronoek; lehen herritarrek… Hori bai, dirutan baina kirol materialetan jasoko dute botatako izerdiaren ordaina.

Aurreko lanketa gehiena Joxe Mari Garmendiak egin baldin badu ere, egunean elkarteko 35 lagun inguru ariko dira krosaren antolakuntzan. Garmendiaren esanetan, «lasterketa herrikoia da, eta ez dugu izugarrizko jendetzarik espero». Lehen urteetan 50 lagun inguru atera ziren korrika, eta ondoren, 260ra iritsi ziren. Hala eta guztiz ere, azken urteetako bilakaera ikusita, Garmendiak 160-200 pertsona espero dituela onartzen du: «Aurreko urteetan igandean korritzen zen, eta ondoren, salda, pintxoak eta abar jartzen genituen. Lasterka ibili ondoren, tertulian lasai egoteko. Aurten larunbat arratsaldean denez, mokadutxo bat eta ardo pixka bat egongo da, partaideak gustura uzteko. Helburua hori da, etortzen den guztia gustura joatea».

Ikaztegietako XXIII. Kros Herrikoia amaitzen denean, 70 bazkide inguru dituen Herrgintza Elkartearen Egunak aurrera jarraituko du. Ospakizunak afariarekin izango du jarraipena, 20:30etik aurrera, elkartean bertan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!