Atez ateko hondakin bilketa abian jarriko dute Ikaztegietan

Tolosaldeko Ataria 2013ko urr. 17a, 15:14
Informazioa eman eta beharrezko zalantza guztien azalpenak egiteko, gaur eta bihar egingo diren gizarteratze prozesuan parte hartzera dei egin diete herritarrei.

Tolosaldeko Mankomunitatetik azaldu dutenez, herrian banatutako gutunen bidez herritarrei helarazi zaien moduan, "Ikaztegietako herria ere, pausoak ematen hasi da, bere hondakinen kudeaketa egokiago bat helburu duelarik". Ikaztegietako udal taldeak eskualdean beste herri batzuk eman dituzten pausoak gertutik jarraitu dituela azaldu dute, eta herri horietan atez ateko bilketa sistemak emandako datuei esker, "geroz eta argiago dute berau dela herrirako ere sistema eraginkorrena".
Ikaztegietako Udaletik azaldu dutenez, "azterketa teknikoen arabera eta inguruko herrietan ikusi dugunaren arabera, atez ateko zabor bilketa da gehien birziklatzen duen eredua. Aukera honekin, ikaztegietar guztion artean gure zaborren kudeaketa egokia egin ahalko dugu".
Bestalde, konposta egitera animatu dituzte herritarrak: "Atez atekoaz gain, organikoa kudeatzeko beste modu bat da. Duela denbora bat, herritar batzuk euren materia organikoa konposta bidez lantzen hasi ziren. Emaitza oso positiboa izan da eta norberak bere hondakin organikoak kudeatu eta baratzerako konposta lortzeko era egokiena da". Aurrekoaren emaitzak ikusirik jada beste 25 pertsonek bigarren ikastaro baterako izena eman dutela azaldu dute.
Udalak gaineratu duenez, "gure helburu nagusia, ahalik eta gehien birziklatuz, errefusa, hau da, material ez birziklagarria, kopuru oso txikietara eramatea da. Tolosaldean, %34ko birziklapen tasa baxua dugu, %80ra iritsiko gara bilketa berriarekin". Modu horretara, udaletik zehaztu dutenez, "lehengaien neurrigabeko ustiaketaren aurrean, birziklatuz, lehengai horiek bueltan jarri daitezke euren berrerabilpenerako".
Hala, atez atekoa jada martxan duten herrietan, kopuru horiek gainditu direla ikusi ahal izan dute azken hilabeteetan. "Alegia, Irura, Anoeta, Zizurkil eta Villabonan, birziklapen datuak irauli egin dira, eta aurrez emandako datuetatik, irailean %83a birziklatzera iritsi dira", azaldu dute Ikaztegietako Udaletik. "Hau da, %17a soilik bideratu dute herri horietan zabortegira. Aurrez zen %66arekin, aldea handia da oso".
Ikaztegietarentzat eta eskualde osoarentzat "hoberena egitera goazenaren segurtasuna" dutela gaineratu dute, eta herritarrei "euren konfiantzarekin" jarrai dezatela eskatu diete.
Informazioa eman eta beharrezko zalantza guztien azalpenak egiteko, gizarteratze prozesua antolatu du udalak. Hilaren 18an, 20:00etan, eta hilaren 19an, 11:00etan, izango dira, udaletxean. Bertaratu ezin dutenek, aukera izango dute hurrengo astetik aurrera udaletxean egongo den informazio bulegoan beharrezko informazio guztia eskuratzeko. Bestalde, behar bereziak edo menpekotasuna duten herritarrekin udaleko gizarte langilea jarriko da harremanetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!