Euskal Azokan parte hartzeko deia herritarrei

Ataria 2013ko irailaren 13a

Ikaztegietan Euskal Azoka antolatzen hasiak dira, eta lehenik eta behin, herritarrei luzatu diete deialdia: «Aurten urriaren 5ean izango da, eta herritarrak gonbidatu nahi ditugu euren produktu, eskulan eta abarrekin postua jartzera». Antolatzaileen esanetan, postu txikia edo handia izan, interesgarriak guztiak dira. Azokan parte hartu nahi dutenek, 943 65 33 29 zenbakira deitu behar dute, irailaren 23a baino lehen. Azokara baserritarrez jantzita joan behar dela ere esan dute antolatzaileek.

Bestalde, egun horretan txekor jatea egingo dute Ikaztegietan, eta txartelak erosteko azken eguna irailak 27a izango da, Toki Alai eta Ostatuan. Txekorra prestatzeko boluntarioak behar direla ere argitu dute, eta horretarako herritarrei deialdia egin diete. Laguntzeko prest dagoenak 943 65 33 29 telefono zenbakira deitu behar du.

Erretirodunentzako irteera

Lizarra eta Iruñea ezagutzeko irteera antolatu dute Ikaztegietan, erretirodunentzat. Irailaren 19an, ostegunean egingo dute txangoa. Lizarran azoka ikusi eta Iruñean bazkaltzen geratuko dira. Izena emateko epea hilaren 16an, astelehenean, amaituko da. Ikaztegietako udaletxean eman behar da izena, 25 euro ordaintzearekin batera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!