Ikaztegietako Udaletik herritarrentzat jaien inguruko hainbat ohar zabaldu dituzte. Lehenik eta behin, festak abuztuaren 8tik 11ra egingo dituztela esan dute, eta ondoren, bazkari eta afarietako txartelak dagoeneko salgai daudela jakinarazi dute, eta modu horretan egongo dira uztailaren 29ra bitarte, Toki-Alai eta Ostatu tabernetan. Txartelak garaiz erosteko eskatu dute udaletik, izan ere, epez kanpo dabilenari ez zaio salduko.
Lehen afaria, euskal preso eta iheslarien aldekoa izango da, abuztuaren 8an, 21:00etan herriko plazan. Afari horretako txartelak 15 eurotan jarri dituzte salgai.
Umeei zuzendutako bazkaria abuztuaren 9an izango da. Arroza oilaskoarekin eta postrerako izozkia izango dute. Bazkaria dohainik bada ere, tiketak hartzea beharrezkoa izango da, eta udaletik azaldu dutenez, txartelik ez duen haurrari ez diote bazkaririk emango.
Herri afaria abuztuaren 11n izango da, 21:00etan, herriko plazan. Txartelak kasu honetan 23 eurotan jarri dituzte.
Tartean, abuztuaren 10ean, Koadrilen bazkaria ospatuko dute. Aurreko urteetan bezala paella erraldoia egin nahi da, eta koadrila bakoitzetik bi partaidek 11:00etarako plazan egon beharko dute. Ondoren, garbiketarako beste bi kide jarri beharko ditu koadrila bakoitzak. Txartelak 12 eurotan jarri dituzte.