Ibarrako Gazte Asanbladak bi hitzordu antolatu ditu astebururako. Ostiralean, Gazte Festak antolatzeko asanblada irekia egingo dute, 19:00etan; eta larunbatean, berriz, reggae gaua ospatuko dute, 19:30ean hasita. Bi ekimenek helburu bera dute: herriko gazteen parte-hartzea sustatzea eta gaztetxea kultura alternatiboaren eta elkargunearen erreferente izaten jarraitzea.
Gazte Festen antolakuntzari dagokionez, azken urteotan asanblada irekiak deitu dituzte, ahalik eta gazte gehienen artean jaiak prestatzeko asmoz. Hala ere, asanbladaren arabera, «pixkanaka gero eta jende gutxiagok parte hartu du antolaketa-lanetan», eta horren ondorioz, asanbladako kideek hartu dute jaiak aurrera ateratzeko ardura nagusia. Horregatik, aurten, bereziki, parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute, «Gazte Festak hasiera-hasieratik gazte askoren artean antolatutako zerbait izatea» nahi dutelako.
Bestalde, reggae gaua gaztetxean eskaintza kultural alternatiboa indartzeko asmoaren barruan kokatzen da. Asanbladan egindako hausnarketetatik abiatuta, musika-genero ezberdinak herrira gerturatzeko beharra ikusi dute. Esaterako, apirilean rock gaua antolatu zuten, eta oraingoan reggaearen aldeko hautua egin dute. «Gure asmoa gaztetxera genero musikal ezberdinak ekartzea da, gazteek musika komertzialetik aparte dauden generoak entzuteko aukera izan dezaten», adierazi dute.
Balio askatzaileak
Musika-generoaren aukeraketa ez da kasualitatea izan. Gaztetxeko kideen ustez, gaur egungo festa-ereduari eta aisialdian sustatzen den musikari buruz hausnartzea beharrezkoa da. Horren harira, kultura alternatiboak ideologia antikapitalista zabaltzeko duen garrantzia nabarmendu dute, bereziki gazteen artean.
Haien esanetan, «gaztetxeak betidanik izan dira bestelako kultur adierazpenak eta balioak zabaltzeko espazioak». Horregatik, askatasunean oinarritutako musika sustatu nahi dute, tabernetako ohiko festa-eredutik desberdinduko den aisialdi-proposamen bat eskainiz. «Gure asmoa balio askatzaileetan oinarritutako musika erreproduzitzea eta tabernako festa-eredutik ezberdintzen den eredu bat eskaintzea da», azaldu dute. Ildo horretan, reggaea genero «egokitzat» jo dute balio antirrazistak eta askatzaileak zabaltzeko.
Faxismoaren aurka
Ekimenaren beste ardatzetako bat faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako jarrera zabaltzea da. Gaztetxeko kideek kezka agertu dute faxismoaren gorakadaren eta ideia erreakzionarioen normalizazioaren aurrean. Horren aurrean, herrian ideologia antifaxista eta antirrazista sustatzeko ardura hartu dutela azaldu dute.
Haien ustez, kultura antifaxista hedatzeko ezinbestekoa da gazteek sozializatzeko erabiltzen dituzten espazioetan ideia horiei lekua egitea. Horregatik, antolatzen dituzten ekitaldiak aisialdirako proposamen hutsak baino gehiago direla azpimarratu dute: «Aisialdiko espazioak dira, baina faxismoaren kontrako ideologia bat garatzeko balio behar dute». Helburu horrekin, larunbatean, faxismoaren inguruko irakurketa bat ere egingo dute, hausnarketarako tartea eskaintzeko.
Ibarrako gazteak asteburuan antolatu dituzten ekimenetan parte hartzera animatu dituzte. Arratsaldean mojitoekin hasiko dute jardunaldia, eta gauean DJ pintxada izango da; Little Martin Selektah-k zabalduko du egitaraua, 19:30ean, eta ondoren, 23:30ean, Calde Selektah izango da.
Hala ere, antolatzaileek ostiraleko asanblada irekiari eman nahi izan diote garrantzi berezia. Izan ere, aurten inoiz baino lehenago hasi nahi dute Gazte Festak prestatzen, eta oraindik ez dute egitarauari buruzko erabakirik hartu. Herriko gazteen artean elkarrizketa eta proposamen-trukea sustatu nahi dituzte, kontzertuak, ekitaldi politikoak, kirol-jarduerak eta aisialdiko eskaintza elkarrekin erabakitzeko. Horregatik, dei zuzena egin diete Ibarrako gazte guztiei: «Gazte Festak antolatzen parte hartu nahi duzuen guztiak animatzen zaituztegu asanbladara gerturatzera».