Jatorriz zizurkildarra den Patxi Bisquerten Ombuaren itzala filma izango da ikusgai Ibarran. Pello Mari Otaño poeta eta bertsolari zizurkildarrari buruzkoa da pelikula eta auzolan baten bidez ekoitzi zuten. Udalek, kultur elkarteek, ikastolek, institutuek, eskola publikoek eta Nafarroako eta Euskal Herriko tokiko komunikabide askok hartu zuten parte ekoizpenean. Baina horiekin batera aktore bezala parte hartu dute, besteak beste, Hodei Arrastoa herritarrak, Anjel Mari Peñagarikano anoetarrak eta Oihana Iguaran amasarrak ere. Joseba Usabiaga aktore tolosarrak jokatzen du, hain zuzen, Otañoren papera pelikulan. Ostiralean proiektatuk dute, 19:00etan, Ibarrako kultur etxean.
Patxi Bisquert, zuzendari eta ekoizleak dioenez: "Pello Mari Otaño bere garaiko idazle euskaldun garrantzitsuenetako bat izan zen. Bere historia Ameriketara egindako migrazioarena ere bada; politikoa eta ekonomikoa. Otañok hitzak jarri zizkien gazte etsi haien nostalgiari eta sentimenduei".
Sinopsia
Pello Mari Otaño poeta eta bertsolariak zerbitzu militarra egin nahi ez zuelako egin zuen ihes Argentinara lehenengoz. 33 urterekin gaixotu eta Gipuzkoara itzuli zen. Madalen Alberdi ezagutu, ezkondu eta Donostian finkatu ziren. Hainbat literatur lehiaketatan parte hartu eta bere konposizio poetikoengatik nabarmendu zen. Ezin zuenez bere familia eta izaera politikoa –liberal errepublikano eta foruzalea– mantendu, Argentinara itzuli zen azken aldiz emaztearekin eta hiru seme-alabekin.