Geuretik Sortuak Beken hirugarren edizioaren bitartez, komikigintza, literatura, zinegintza eta antzerkigintzako 30 lan sortu ziren 2025ean zehar. Udalbiltzak antolatzen dituen sormen egonaldi hauei esker ondu diren lanak aurten gozatzeko aukera izango da herriz herri. Antzerkiaren esparruan, bekari esker zortzi obra taularatuko dira, eta horien artean da Imanol Epelderen Zerbait sartu zait begian lana.
Ajangizen eta Muxikan (Bizkaia) egin zituen sormen egonaldiak Epeldek, iazko abuztuan eta irailean, eta abenduaren 2an aurkeztuko du antzezlana Ibarrako kultur etxeko areto nagusian, 19:00etan. Hitza, musika elektronikoa eta irudia uztartzen dituen ikuskizuna da. Eguneroko kontraesanetatik abiatuta, umorea, emozioa eta pentsamendu kritikoa eramaten ditu oholtzara. Barre egiten, hausnartu eta galdera batzuekin etxera itzultzeko proposamena da, hain zuzen. Sarrera doakoa izango da, aforoa bete arte.