Hiru urteko etenaren ondoren, babarrun lehiaketa herrikoia berreskuratuko dute Ibarran. 2022an egin zuten azken aldiz, eta, ordutik herrian jarduera horren hutsunea sumatu dutela aipatu dute. Uda partean, Xepla elkarteko bazkide batzuek ekimena berriz martxan jartzea erabaki zuten, Hauspoarekin elkarlanean, «herrian giro ederra sortzen duen eguna berreskuratzeko asmoz».
«Egun ederra izaten zen, giro oso ona sortzen zen, baina antolaketarako eta lanerako jendea aurkitzen zailtasunak izaten ziren urtez urte», azaldu du Koldo Llorente antolatzaileak, eta esan du ekitaldiak antolatzeko lan-taldeak osatzea ez dela beti lan erraza izaten: «Herrian zerbait antolatzen baduzu, jendeak oso gogotsu hartzen du, baina horretarako gauza asko antolatu behar dira, eta horretan gaude».
Giro Arte dultzaineroek dianarekin esnatuko dute herria larunbatean, eta 10:30ak aldera herriko konpartsak eta buruhandiek kalejira egingo dute kaleetan barrena. Eguerdian, plazara joaten direnek txorizo pintxoa dastatzeko aukera izango dute. 13:00etan babarrunen balorazioarekin hasiko dira, eta ondoren sari banaketa egingo dute. 15:00etan izango da bazkaria, Xepla elkartean.
15 bikoteko muga
Antolatzaileen helburua 15 bikoteko kopurura iristea zen, eta dagoeneko 15 bikotek eman dute izena lehiaketan. Bazkaria Xepla elkartean egingo dute eta bertako edukiera mugatua da. Horregatik, lehiaketan parte hartzen dutenak soilik joan ahalko dira bazkarira, baina parte hartzen duen bikote bakoitzak bi gonbidatu eraman ahal izango ditu, eta horiek 25 euro ordaindu beharko dute bazkariagatik.
Sendi Ekintza elkartearen laguntza eskertu dute antolatzaileek, izan ere, parte-hartzaile batzuei bertan bazkaltzeko aukera eman diete.
Emakumeak epaimahaian
Azpimarratu beharreko aurtengo berritasunetako bat epaimahaiaren parte-hartzea dela dio Llorentek, aurtengo epaimahaia emakumez osatuta egongo baita. Maialen Belaunzaran (Iriarte Jatetxea), Itsaso Calviño (Danon Txokoa tabernako sukaldari ohia) eta Izaskun Olariaga (Izaskun Taberna) izango dira epaimahaikideak.
Epaimahaia emakumez osatua egotea ez dela kasualitatea dio Llorentek, antolatzaileek espresuki bilatu baitute hori, eta erabakiaren atzean aitortza egiteko nahia dagoela jakinarazi du: «Urteetan sukalde publikoetatik kanpo, onarpenik gabe egon diren hainbat eta hainbat sukaldariren omenez egin dugu».
Babarrunen itxura eta aurkezpena, egosketa eta testura, saldaren kalitatea, zaporea, usaina eta alderdi horien guztien arteko oreka izango dituzte kontuan epaia ematerakoan.
Lehiaketako irabazleek hainbat sari jasoko dituzte. Lehenengo bikoteak txapelak, garaikurrak eta bi pertsonarentzat Iriarte jatetxeko dastatze menua lortuko du; bigarren sailkatuek garaikurrak eta bi pertsonentzat bazkaria edo afaria izango dute Tolosako Fronton jatetxean; eta hirugarrenak garaikurrak eta bi pertsonarentzat bazkaria edo afaria Izaskun tabernan.
Antolatzaileek herritarren harrera ona nabarmendu dute, eta eskerrak eman dizkiete ekimena berreskuratzeko egindako ahalegina gustura hartu dutenei.