Inor ase ez duen berdinketa, areto futboleko derbian

Josu Artutxa Dorronsoro

Lauburu KE Ibarrak eta Tolosala AFKEk hiruna berdindu dute Belabietan; partida amaitzeko lau minuturen faltan, 2-1 zen aurretik Lauburu, baina azken minutuan egin du hirunakoa.

Larunbatean, areto futboleko Hirugarren Mailako Lauburu KE Ibarra eta Tolosala AFKE taldeek elkarren aurka jokatu zuten Ibarrako Belabieta kiroldegian, ligako seigarren jardunaldian. Bi taldeak oso bestelako dinamikekin heldu ziren denboraldiko lehen derbira. Tolosala liderra zen, ligan partidarik galdu gabe eta gol ugari eginda. Lauburu, berriz, oraindik partidarik irabazi gabe zegoen.

Cristian Davila ibartarren entrenatzaileak aitortu du Tolosalak hobeto hasi zuela partida. «Baloiaren jabe izan ziren, eta erraz gainditzen zuten gure presioa. Ondorioz, gure kantxan defendatzera behartu gintuzten». Laugarren minuturako aurretik jarri zen Tolosala, Iker Lopez de Murillasen golari esker.

16. minutuan lortu zuen berdinketaren gola Lauburuk, Iraitz Iraolaren eskutik. Neurketa berdintzea gakoa izan zela azaldu du Davilak: «Partida aldatu egin zela iruditu zitzaidan. Hiru puntuak lortu genitzakeela sinesten hasi ginen, eta haiek deserosoago sentitzen hasi ziren. Zalantzak sortu genizkien gure presioarekin eta jokoarekin».

Bigarren zatiaren hasiera «oso bestelakoa» izan zela esan du ibartarren entrenatzaileak. «Uste dut une askotan hobeak izan ginela. Baloi asko lapurtu genituen, baina ez genuen baliatu, zenbait trantsizio jokalditan huts egin genuelako. 29. minutuan, epaileak txartel gorria atera zion Xabier Arranz Tolosalako jokalariari, eta kanpoko taldea jokalari bat gutxiagorekin zegoenean, bigarren gola egin zuen Lauburuk, Xabat Alijosteseren eskutik. Markagailuan aurretik zela, aldea areagotzeko zenbait aukera huts egin zituen Lauburuk, tartean, penalti bikoitz bat.

Partidako azken lau minutuetan denetik gertatu zen. Estrategia jokaldi batean, binako berdinketaren gola egin zuen Lopez de Murillasek, eta neurketa amaitzeko minutu eta erdi falta zela, Tolosalaren hirugarrena egin zuen Hodei Urrestik. Segidan, hutsartea eskatu zuen Davilak, eta atezain-jokalariarekin jokatzea erabaki zuen. Azken minutuan, landutako jokaldi batean, hirunako berdinketaren gola egin zuen Beñat Irastorzak.

Davilak aitortu du «zapore gazi-gozoko» berdinketa izan zela. «Aukera mordoa izan genuen gol gehiago egiteko, batez ere bigarren zatian. Jokalariak hustu egin ziren, eta alde horretatik pozik nago». Entrenatzailearen iritziz, emaitza «justua» da.

Inhar Torres Tolosalako entrenatzaileak «sentsazio oso txarrak» ditu larunbateko partidaren ondoren. «Partida arraroa izan zen, joan-etorri askokoa. Guk gaizki jokatu genuen; gola egiteko zenbait aukera garbi huts egin genituen. Haiek, berriz, intentsitate handiarekin jokatu zuten; ez zituzten aukera asko izan, baina oso ondo aritu ziren defentsan», azaldu du. Torresek gaineratu du, akaso, denborarekin, puntua «ontzat» emango dutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!