Ibarran 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzako eta familientzako espazio berria zabalduko dute azaroaren 30ean

Guraso talde baten eskaerari erantzunez, udalak KZgune zaharrean jarriko du martxan zerbitzua. Espazioa gurasoek autogestionatuko dute, eta jolaserako, esperimentaziorako eta komunitate-ekintzetarako erabiliko dute.

Ibarrako Udalak 0 eta 6 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutako zerbitzu berria jarriko du martxan azaroaren 30ean. Ekimenak herriko guraso talde baten eskaerari erantzuten dio, eta KZgune bezala ezagutzen zen espazioan kokatuko da. Aurrerantzean, haurren eta familien topagune bihurtuko da lokala.

Zerbitzua haur eskolako eta Haur Hezkuntzako haurrei eta haien familiei zuzenduta egongo da. Espazioa jolaserako, esperimentaziorako, ekintza komunitarioak antolatzeko eta edoskitzeko erabili ahal izango da, betiere haurrak gurasoen edo tutoreen ardurapean daudela. Erabilera, gainera, bertako familien artean adostuko dute.

Honen inguruko informazioa emateko bilera antolatu du udalak azaroaren 10erako, arratsaldeko 18:00etan, kultur etxeko areto nagusian. Horrekin batera, azaroaren 14an, goizean zehar bigarren eskuko eta egoera onean dauden altzariak, liburuak eta jostailuak biltzeko postua jarriko dute plazan, lokalari forma ematen hasteko asmoz.

Gurasoen autogestioan oinarritutako eredua

Zerbitzuaren ezaugarri nagusietako bat gurasoen autogestioa izango da. Familien esku egongo dira espazioaren eguneroko kudeaketa, materiala, garbiketa, komunikazioa eta jardueren antolaketa, betiere udalaren laguntzarekin.

Horretarako, hainbat batzorde eratuko dituzte: materialarena, garbiketarena, komunikazioarena eta giltzen kudeaketarena. Batzorde hauek zerbitzuaren jarraipena egingo dute, eta arduradunak bi hilabetez behin txandakatuko dira, zerbitzuko izen ematearen hurrenkeraren arabera. Sei hilabetean behin, gainera, asanblada egingo dute zerbitzuaren funtzionamendu orokorra aztertzeko.

Asteko zazpi egunetan zabalik

Espazioa asteko egun guztietan egongo da erabilgarri, asteburuak barne. Ordutegia honakoa izango da: goizez, 09:00etatik 13:30era, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:30era.

Giltzen kudeaketa ere antolatuta egongo da. Aste barruan, goizetan udaletxeko harreran hartu eta bertan utzi beharko dira; arratsaldeetan, berriz, kultur etxean. Asteburuetan, adin-taldeen arabera banatuko dituzte giltzak, eta horien kudeaketa giltzen batzordearen ardura izango da.

Erabilera egokia bermatzeko, hainbat arau ere ezarri dituzte: ezin izango da lokalean jan, ezta animaliarik sartu ere. Erabiltzaileek eta tutore arduradunek sarrera-erregistroan izena eta iritsiera-ordua adierazi beharko dituzte. Gainera, aforoa beteta badago eta itxaron-zerrenda osatzen bada, erabiltzaileek ordu eta erdi igaro ondoren espazioa utzi beharko dute, beste familiei sartzeko aukera emateko.

Izen-ematea doakoa izango da

Zerbitzua erabiltzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, eta doakoa izango da. Eskaerak azaroaren 10etik 24ra aurkeztu ahal izango dira, bi egunak barne. Horretarako, izen-emate orriak udaletxeko eta kultur etxeko harreretan egongo dira eskuragarri. Internet bidez ere egin ahal izango da eskaera, udalaren webguneko formularioa bete eta erregistro elektronikoaren bidez aurkeztuta.

Izen-ematearekin batera, erabiltzaileek zerbitzuaren arautegia eta funtzionamendu-arauak onartu beharko dituzte. Hurrengo izen-emate epea Aste Santuan irekiko dute.

Ibarrako Udalak, azkenik, zerbitzuaren erabilera egokia eta herrian eragin positiboa duela ikusiz gero, ekimena indartzen jarraitzeko prestutasuna agertu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!