A11 Greba Orokorra

«Langileak berriz ere subjektu kolektibo gisa eraiki behar ditugu»

Jon Miranda Labaien

Sindikalgintzaren erronkak, langileen antolakuntza eta borroka kolektiboaren garrantziaz hitz egin du Oihana Lopetegi Arangurenek LAB sindikatuko ekintza sindikalerako eta negoziazio kolektiborako idazkariak, azaroaren 11ren bezperetan.

Duela 20 urte inguru hasi zen lanean Tolosaldeko LABen Oihana Lopetegi Aranguren (Ibarra, 1979), aurrena ekintza sindikalean, eta gero eskualdeko arduradun gisa. Hiru bat urtez zaintza-lanengatik sindikatutik distantzia apur bat hartu ondoren, Ipar-Hegoa Fundaziora itzuli zen lanera, ikerketa-lantaldearen arduradun izateko. Eroso bai, baina afiliatu, delegatu eta lan-zentroetako langileekiko harremanaren falta nabaritzen zuen. LABen bederatzigarren biltzar nagusiaren atarian ardura berria proposatu zioten: Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkaritza. Postu horretan ari da 2022ko ekainetik.

Zein da zure ardura LABen?

Egia esan, denborarekin konturatu naiz zaila dela nire ardura zehatzak zein diren identifikatzea, egunerokoan gauza berri asko sortzen direlako. Baina oinarrian, ardura nazionala da nirea, eta batik bat, ekintza sindikalari begira aritzen naiz. Ekintza sindikaleko sailean lan-zentroetan langileria antolatzen dugu, enpresetan aldarrikapen zehatzak planteatzen ditugu, eta borrokak aktibatzen ditugu. Lan-harremanei buruzko estrategiak pentsatzea ere bada gure zeregina, bitartekoak eskaintzea, borroka moldeen inguruko eztabaida sustatzea, proposamenak egitea, dokumentuak prestatzea... Horrez gain, tarteka beste hamaika egiteko sortzen zaizkit: beste sindikatuekiko harremanak, patronalekikoak, harreman instituzionalak...

 

«Borrokak erakutsi digu antolatzeak merezi duela»

Horrek nola lur hartzen du zure egunerokotasunean?

Bada mila modutara. Nire lana ez da batere monotonoa. Guri batetik bestera ibiltzea egokitzen zaigu. Harro esan dezaket LAB Euskal Herriko sindikatu nazional bakarra dela eta zazpi lurraldeetan antolatuta dagoela. Harreman asko izaten ditugu, eta nahiz eta askotan sentsazioa dudan lanerako denbora gutxi geratzen zaidala, uste dut jendearekin egotea ere badela gure egitekoaren parte.

Zein dohain behar dira zurea bezalako postu batean aritzeko?

Uste dut trebetasun edo dohain desberdinak dauzkan jendeak ondo bete ditzakeela nik orain betetzen ditudan funtzioak. LABen asko eztabaidatu izan dugu lidergo-ereduaz. Garai batean burura etortzen zitzaizkigun liderrak eredu maskulinoarekin lotutako pertsonak ziren: mitinetan indarra transmititzen zutenak, jendea mugiarazteko gaitasun handia zutenak, jendaurrean ozen hitz egiten zutenak... Hori lidergo-eredu bat da, eta sindikatuak behar ditu horrelakoak. Baina urte guztiotan ikusi dugu badaudela beste lidergo mota batzuk, eta horiek ere mugiarazten dutela jendea.

«Beste lidergo-eredu batzuk ere gai dira jendea mugiarazteko»

Zein uste duzu dela zure dohain handienetako bat?

Nire dohain nagusietako bat taldea osatzea dela uste dut. Jendearen iritziak entzun, ideiak bildu eta guztien artean eraikitzen saiatzen naiz. Nik uste dut horixe dela nik sindikatuari egiten diodan ekarpenetako bat.

Ikasi egiten al da taldean lan egiten?

Bai, ikasketa-prozesu bat da. Ni sindikatuan hasi nintzenean, hemen eskualdean, aurretik zeudenek hori erakutsi zidaten: taldean lan egiten. Gure arteko eztabaidak egoten dira, noski, baina guretzat elkar zaintzea oso garrantzitsua da. LABen askotan esaten dugu eremu informalek laguntzen dutela harremanak eraikitzen. Batzuetan bilera bat izan daiteke; beste batzuetan, bazkari bat, parranda bat edo irteera bat. Alde hori zaindu beharra dago, eremu horietan sortzen diren harremanek taldea indartzeko balio baitute.

Nola antolatzen zarete LAB sindikatuan?

Badugu, nolabait esateko, organigrama zurrun bat, bakoitzak bere ardurak dituena, eta maiztasun jakin batekin egiten ditugu bilerak. Beharrezkoa da ordena mantentzea eta bakoitzak argi izatea zein diren bere ardurak. Baina sindikatuan beti esaten dugu konpartimentu estankoak sortzetik aldendu behar dugula eta ekipoa egin behar dugula. Ezin dugu pentsatu bakoitzak bere ardura duela eta hor amaitzen dela dena. Eta egia esan, eskerrak horrela antolatzen garen, bestela oso zaila izango litzatekeelako gure lana. 

Ardura hartu nuenean, neure buruari galdetzen nion gai izango ote nintzen langintza honetan aritzeko. Eta esan dezaket, urteotan taldeak lagundu didala postuari tamaina hartzen. Zalantzak izan ditudanean kideek beti babesa eman didate.

Zer eman dizu zuri sindikalgintzan aritzeak?

Pertsona gisa hazteko aukera handia izan da. Asko ikasi dut eremu guztietan, baita maila pertsonalean ere. Neure buruarengan konfiantza handiagoa izaten ikasi dut, eta nire ikuspegia zabaldu dut. Eskualde bateko errealitatetik harago begiratzen ikasi dut. Greba bat planteatzea oso desberdina izan daiteke Tolosaldean, Erriberan edo Ezkerraldean.

Eta zerbait kendu al dizu?

Denbora. Berez, nire lanorduak amaitu ondoren ere, kezka batekin geratzen banaiz, hurrengo egunean prentsari adierazpen batzuk egin behar dizkiodalako-edo, etxera joan eta ordenagailua irekitzen dut. Momentuaren arabera, familiarekin egonda ere, burua beste gai batean edukitzen dut. Hala ere, sindikatuak heldutasun-prozesu bat egin du lidergo-ereduen eta militantziaren inguruan. Ni hasi nintzenean, emakumeek ardura sindikalak hartzea zailagoa zen, zaintza-lanak ere beren gain hartu behar izaten zituztelako. Orain, beste militantzia-eredu batzuk garatzen ari gara: sindikatuari ematen diogun denboraz gain, etxean ditugun ardurak eta gure bizitza pertsonala ere aintzat hartzen ditugu. Baina kontziente naiz oraindik ere zaila dela, eta askotan geure buruari ere kosta egiten zaigula mugak jartzea.

Bilgune Feministako militante izan zara. Lagungarri izan zaizu sindikalgintzan?

Nik uste dut feminismoak sindikatuari, oro har, on handia egin diola, eta sindikatuak asko ikasi duela mugimendu feministatik. Niretzat, Bilgune Feministatik sindikatura etortzea aldaketa handia izan zen. Pixkanaka, sindikatu barruan hainbat emakume feminista ahotsa altxatzen eta gauza batzuk aldatu behar genituela esaten hasi ziren. Beste militantzia-eredu batzuk behar genituela ere planteatu zuten. Bilgune Feministatik etortzeak lagundu dit nire ekarpena egiten, baina, dena den, nire aurretik ardurak hartu dituzten emakume askok asko egin dute sindikatuan gauzak aldatzeko. Haien ekarpenik gabe, gaur egun ez ginateke gauden tokian egongo.

Urte hauetan guztietan zer aldatu da gehiago, sindikatua edo langileria?

Sindikatua, behintzat, ikaragarri aldatu da. Ni hemen Tolosan lanean hasi nintzenean, goitik behera betetzen zen delegatuen inguruan dugun iruditeri hori: koadrodun alkandora zeramaten gizonezkoak; gehienak, ni baino helduagoak. Modu maitagarrian gogoratzen ditut denak, eta haiengandik asko ikasi nuen, baina hura zen errealitatea duela 20 urte. Nahiz eta saiatu, ikaragarri kostatzen zitzaigun sektore feminizatuetan ekintza sindikala aktibatzea. Neurri batean, ohitura falta zegoelako; baina bazen, baita ere, ez genituelako sindikatuko egiturak horretarako prest.

Paradigma-aldaketa egin zenuten LABen?

2015-2016 urte inguruan LAB ondo kokatuta zegoen, ordezkaritza zabala genuen. Baina iristen al ginen benetan langile guztiengana? Langile guztiak antolatzen al genituen? Hausnarketa-prozesu bat abiatu genuen bazterrean kokatuta zeuden langile horiek erdigunera ekartzeko. Ohartu ginen gure ekintza sindikala ohiko lan-zentroetatik eta langileak antolatuta zeuden eremuetatik harago zabaldu behar genuela. Langileak beste eremu batzuetan ere antolatu behar genituen. Sektore horietako askotan, langileek ez zuten sindikalismoa espero ere egiten, baina erabaki genuen eremu horietan ere eragin behar genuela. Ez zedila izan, behintzat, LABek eskaintza sindikalik egiten ez zuelako.

Etxeko langileena da adibide bat. Erabaki genuen etxeko langileak antolatzen hasiko ginela, kontsultak artatzeaz gain, benetako antolakuntza-prozesu bat abiatuko genuela. Prozesu luzea izan da, baina sindikatuak apustua egin du: horretarako liberatu bat jarri du esate baterako. Etxeko langile gehienak migratuak eta emakumeak dira, eta haiekin lanketa hasia dugu. Bilbon hasi genuen bidea, eta hiriburuetan dagoeneko sail sindikalak abiatu ditugu.

Zertan aldatu da langileria?

Gaur egun atomizatuago dago. Kapitala ondo ari da asmatzen langileriaren zatiketan. Garai batean enpresa handi bateko langile guztiak batuago zeuden: kolektibo bat osatzen zuten, uniforme bera erabiltzen zuten, eta asanblada bakarrean biltzen ziren guztiak. Horrek indar handia ematen zuen. Azken urteetan, ordea, lan-zentro berean hainbat enpresa eta hitzarmen egon daitezke. Hau da, garbiketa-zerbitzua azpikontratatuta egon daiteke, biltegiko langileak beste enpresa batekoak izan daitezke, eta lan-zentro berean baldintza oso desberdinak dituzten langileak egon daitezke. Lanaldi osoak, lanaldi partzialak eta aldi baterako kontratuak ere badaude, eta langile horien interesak kontrajarriak izatera ere irits daitezke. Patroiaren kontrako borrokak aktibatu beharrean, gure artean borrokan aritzen gara askotan.

Horregatik, gure helburuetako bat langileria berriz ere subjektu kolektibo gisa eraikitzea izan da. Langile horiek guztiak elkartzeko eta elkartasun-sareak sortzeko moduak bilatu behar ditugu, baita enpresa barruan ere. Kolektibotasun hori berreraiki behar dugu, bestela oso zaila baita patronalari elkarrekin aurre egitea.

Nola egiten da hori?

LABen azkeneko kongresuan saltoa egitea erabaki genuen: kapitalaren eta lanaren arteko gatazkatik kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazkara. Horrek esan nahi du kapitala ez dugula lan-zentroetan bakarrik disputatzen. Zein politika publiko dauzkagun, zein osasungintza-eredu daukagun... horrek zuzenean eragiten du gure bizi-baldintzetan. Adibidez, osasungintza txarra baldin badaukagu, osasun-aseguru pribatu bat ordaindu beharko dugu, eta horrek zulo are handiagoa eragingo du gure poltsikoan. Etxebizitzaren gaia ere hor dago. Gaur egun, etxebizitza langileen prekarizazioaren elementu garrantzitsuenetako bat da, lan-baldintzekin batera. Langileen bizi-baldintzak ez dira lantokietan gertatzen denarekin bakarrik definitzen.

 

«Langileen bizi-baldintzak ez dira lantokian bakarrik erabakitzen»

Konfrontazioa beste eremuetara zabaltzen ari zarete?

Gure estrategiaren helburua da langileak prekarizatzen dituzten eremu guztietan borrokatzea. Horretarako, sindikatuaren aniztasuna zabaltzea ezinbestekoa da. Aldaketa hori gure egituran ere islatu da. Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko arloaz gain, Ekintza Sozialaren eremua ere sortu dugu, bizitzaren eremu guztiak borrokatzeko. Sektore berrietara iristeko erabaki zehatzak ere hartu ditugu. Ez da erraza, baina gure konbentzimendua da antolatzeko zailtasunak dituzten errealitateetara iritsi behar dugula eta gure baliabideak haien eskura jarri behar ditugula. Etxeko langileekin bezala, rider-ekin edo soinu-teknikariekin hasita gaude. Oso zaila da, langileen joan-etorri handia dagoelako sektore horietan.

«Sindikatuak antolatzeko zailtasunak dituztenengana iritsi behar du»

Sektore guztietan erraztasun berdinarekin lortzen dira adostasunak?

Mobilizazio asko egiten ditugu gero akordioak gauzatu ahal izateko. Identifikatuta daukagun elementuetako bat da sektore feminizatuetan greba eta borroka luzeagoak egin behar izaten ditugula akordioetara iristeko. Industrian, askotan, greba batek azkarrago mugiarazten du patronala. Produktuaren ekoizpena gelditzen denean, enpresak zuzenean nabaritzen du eragina. Sektore feminizatuetan, berriz, patronalek balio gutxiago ematen diote langileen lanari eta haien lan-baldintzei. Merkataritzan edo supermerkatuetan gertatzen da, esaterako. Oro har, lan-baldintza hobeetan dauden horiek errazago lortzen dituzte hobekuntzak.

Borroka batzuk beste batzuk baino ikusgarriagoak dira?

Egia da borroka batzuek beste batzuek baino ikusgarritasun handiagoa dutela. Eskualde-mailan, tokiko hedabideekin eta beste baliabide batzuekin saiatzen gara gatazkak ezagutarazten. Bizkaiko metalgintzako greba, Osakidetzan edo hezkuntzan ematen diren gatazkak, esaterako, oso ikusgarriak izaten dira eta oihartzun handia dute komunikabideetan. Aldiz, Bizkaiko garbiketa-sektorean greba asko egon dira uda honetan, eta ia inor ez da jabetu. Guk erabaki dugu sektore horiei erdigunea ematea, gure sindikatuaren baliabideak haien borroken zerbitzura jartzea eta haien garrantzia azpimarratzea. Hala ere, ez gara gai haien borrokei zabalkundea emateko. Gure erronka da ikusgarritasun txikiagoa duten borrokak ere ikusaraztea.

Zer moduzkoa da ekintza sindikala Tolosaldean?

Grafikagintzako enpresa dezente dago hemen, eta gatazkak sortzen direnean, mugitua da Tolosaldea. Hitzarmen propioa duten enpresetan ere borroka egiten dute hitzarmen horien defentsan. Mobilizatu ohi den eskualde bat dela esango nuke. Hemen ordezkaritza nagusia LAB eta ELArena da. Horrek ere errazten du nolabaiteko adostasuna borrokarako. Ikusten da greba orokorretan nolako lanketa egiten den hemen. Oinarri bat jarrita dago, eta hori eskertzen da.

Uste duzu kultura sindikala gutxitu egin dela urte hauetan guztietan?

Lan-zentroetatik iristen zaigun informazioak erakusten digu gero eta gehiago kostatzen dela kolektibotasunetik pentsatzea eta elkarrekin antolatzea. Ez dut uste sindikatuen gabezia denik bakarrik, gizarte osoarena baizik. Horrenbestez, sindikalismoan ere islatzen da joera hori. Hori horrela izanik, esan nahi nuke Euskal Herrian zortea dugula. Sindikalismoak beste eremu batzuetan baino pisu handiagoa du. Sindikalismo eraldatzaile eta borrokalaria da hemengo gehiengoa. Hemen badugu antolakuntza kolektiborako gaitasuna, eta lan-zentroetan erabakiak modu kolektiboan hartzeko ohitura. Grebetan, adibidez, jarraipen handiagoa lortzen dugu beste toki batzuetan baino. Iazko gutxieneko soldataren greba arrakastatsua izan zen, eta Palestinaren aldeko lanuzteek ere jarraipen handia izan zuten. Badago ereiteko lurra, nahiz eta kontziente garen munduaren norabidea bestelakoa dela.

«Badago antolakuntza kolektiborako gaitasuna, eta horri eutsi behar diogu»

Azaroaren 11n deitu du euskal gehiengo sindikalak greba orokorra. Zein eskakizun jarriko dituzue mahai gainean?

Langileok prekarizatzen gaituzten beste eremu horietan ekintza sindikala egitea hartu dugun erabaki horren barruan kokatzen dugu etxebizitzarena. Maizterrak antolatzen ari gara eta modu kolektiboan ekintza sindikala egiten. Ez da soilik etxegabetze bat dagoenean salaketa egitea; gure asmoa modu kolektiboan antolatzea eta mobilizatzea da. Egia da hemen ere borrokak aktibatuta genituela, baina Espainiako estatuan gertatutakoak txinparta moduko bat eragin du, eta mobilizazio-uholde bat sortu du. Uste dugu garrantzitsua eta ezinbestekoa dela une honetan mobilizatzea. Baina Euskal Herritik eta Euskal Herrirako eraikitako greba bat antolatu behar dugu, gure marko propioa eta gure aldarrikapenak erdigunean jarrita. Horretarako, patronala interpelatu behar dugu eta soldatak erdigunean jarri behar ditugu. Era berean, etxebizitza asko dituztenak eta etxebizitzaren negozioan ari direnak ere interpelatu behar ditugu, patronalaren kide direlako. Eta administrazioei dagokienez, egia da Euskal Herriko erakundeek ez dituztela eskumen guztiak, baina badituzte etxebizitzari beste modu batera heltzeko nahikoa eskumen ere. Horiek denak interpelatu behar ditugu azaroaren 11n.

LABek zein aldarrikapen jarriko ditu mahai gainean?

Bost aldarrikapen nagusi ditugu: lehenik, soldatak hobetzea eta gutxieneko soldata propioa izatea; bigarrenik, etxegabetze guztiak gelditzea; hirugarrenik, alokairuak mugatzea eta, oro har, etxebizitzen prezioak jaistea; laugarrenik, funts putreen esku dauden etxebizitzak desjabetzea eta parke publikoa handitzea; eta bosgarrenik, etxebizitzaren erabilera espekulatiboari mugak jartzea.

Egun horrek balio dezake faxismoaren eta balio erreakzionarioen gorakadari aurre egiteko?

Bai, guretzat hori ere garrantzitsua da. Olatu erreakzionarioari eta faxismoaren gorakadari aurre egiteko sindikalismo indartsu bat behar dugu. Euskal Herrian, ordezkaritza politikoari dagokionez, egoera ez da Frantziako edo Espainiako estatuetan bezalakoa. Baina denok dakigu gure inguruan ere gero eta gehiago entzuten direla iruzkin erreakzionarioak, eta balio horiek indartzen ari direla. Greba honek, eta oro har une politiko honetan egiten ditugun mobilizazioek, horri guztiari aurre egiteko balio behar dute. Kalera ateratzea garrantzitsua da, argi uzteko ez diogula faxismoari bidea libre utziko.

Euskal gehiengo sindikalak erregistratu du Hego Euskal Herrian azaroaren 11ko greba. Zer moduz daude harremanak LABen eta ELAren artean?

Azkeneko kongresuan ondorioztatu genuen ez daukagula elkarlan estrategikorik, baina bai identifikatuta ditugula elkarlanerako aukera egon daitezkeen hainbat eremu. Gutxieneko soldataren aldeko borrokan, esaterako, elkarlana izan dugu, baina beste hainbat eremutan ez da posible izan. Une honetan, eremu jakin batzuetara mugatzen da elkarlana.

Eta gainerako sindikatuekin?

CCOO eta UGT dira ordezkaritza handiena duten beste bi sindikatu. Haiekin ere baditugu harremanak, baina elkarlana zailagoa da. Batetik, euskararekiko dituzten jarrerengatik; bestetik, garatzen duten kontzertazio-sindikalismoagatik. Askotan, patronalarekin adostutako elkarrizketa-eredu batean kokatzen dituzte negoziazioak, eta logika horren barruan egiten dituzte harremaenak. Lan-zentro askotan bat egiten dugu sindikatu guztiok, eta ikusten dugu nola behartzen ditugun CCOO eta UGT gure borroketara etortzera. Hori guretzat garaipena da, baina arrastaka ekarri behar izaten ditugu askotan. Haien jarrera horrek mugak jartzen dizkio elkarlanari eta beste aliantza batzuk eraikitzeari.

Beste sindikatu batzuekin, aldiz, harreman naturalagoa daukagu. STEILASekin, hezkuntzan, edo sektore jakin batzuetako sindikatu txikiagoekin, esaterako, elkarlan ona eta harreman onak ditugu.

Zer moduzko ordezkaritza du LAB sindikatuak?

Gaur egun, LABek inoizko ordezkaritza-mailarik handiena dauka. Hego Euskal Herriko bigarren sindikatua gara, eta Gipuzkoan ia % 30eko ordezkaritza dugu. Hemen puntu erdi bakoitzak garrantzia dauka, eta joerak aztertu behar dira. Garai batean, % 15eko ordezkaritzatik gora pasatzea lorpen handia zen guretzat. Orain, Euskal Herrian ohiko ordezkaritza-maila hori gainditzen dugu, eta Gipuzkoan % 30era iristeko zorian gaude. Horrek erakusten du azken urteetan egindako lanaren emaitza.

Harrotasunez gogoratzen duzu uneren bat sindikalgintzan egin duzun ibilbidean?

Gutxieneko soldataren aldeko greba orokorra. Prozesu hori oso barrutik bizi izan nuen, hasieratik amaierara. Grebaren erantzuna nolakoa izan zen ikustean, pentsatu nuen merezi izan zuela. Merezi du, oraindik irabazi gabeko borroka baita. Greba horrek erakutsi digu antolakuntza kolektiboaren bidez aurrerapausoak lor daitezkeela. Ez dira emaitza guztiak berehala lortzen, eta oraindik ere bide luzea dago egiteko, baina baldintza hobeetan jarri gaitu. Sektore batzuetan lorpenak izan dira, eta horrek erakusten du borrokatzea merezi duela. Elkartasun-ariketa handia izan zen.

Zer esango zenieke eskualdeko langileei eta langileen ordezkariei?

Langileen ordezkariei esango nieke egiten duten lanari balioa eman behar diotela. Langileen aldarrikapenak jasotzea, denak entzutea eta aldarrikapen horiek kolektibizatzea ez da askotan erraza izaten. Enpresariarekin talka egin behar izaten da lan-zentroan bertan, eta horretarako langile guztiak elkartzea ezinbestekoa da. Uste dut lan horri askotan ez diogula behar adinako balio ematen. Baina funtsezkoa da delegatuen lana langileak antolatzeko, haien aldarrikapenak elkarrekin lantzeko eta borroka kolektiboa eraikitzeko.

Datorren urtean egingo du LABek kongresua. Zein asmo duzu etorkizunera begira?

Ezin dut ezer aurreratu. Urtebete baino gehiago falta da Biltzar Nagusirako. Pixkanaka kongresua prestatzen joango gara, eta ikusiko dugu. Ni gustura nabil, nahiz eta batzuetan gogorra egiten zaidan ardura hau. Iruditzen zait, hemendik edo beste lekuren batetik egin diezaiokedala ekarpena sindikatuari. Ikusiko dugu zer dakarren etorkizunak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!