Kalakan taldea Ibarran izango da ostiral honetan. Euskal musika tradizio garaikideko hirukote bat da, 2009an Hendaian (Lapurdi) sortua. Jamixel Bereauk –ahotsa, danborra, ttunttuna, pilota–, Xan Errotabeherek –ahotsa eta txistua– eta Bixente Etxegaraik –ahotsa– osatzen dute taldea. Euskal kultura tradizionala eta musika modernoa uztartzen dituzte, ahotsak eta euskal perkusioak erabiliz moldaketa minimalistetarako. Gaur arte zazpi lan kaleratu ditu taldeak, eta horietako asko ostiralean izango dira entzungai Ibarran.
Hirukoteak San Bartolome elizan eskainiko du emanaldia, 19:00etan; hileta egonez gero, 22:00etan hasiko da kontzertua. Beharrezkoa da gonbidapena lortzea. Doakoak izango dira eta horiek Ibarrako kultur etxean eskuratu daitezke.