Auzolanean elkartu eta euskal egutegi propioa aldarrikatu dute

Tolosaldeko Ataria

Urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, eskolak ematea eta auzolan eguna egitea erabakita zeukan Ibarrako Uzturpe ikastolak; baina, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ohartarazpen baten ondorioz ezinezkoa izan denez, auzolan eguna bakarrik egin zuten.

Auzolana izan zuten atzo Uzturpe ikastolan. Ehundik gora pertsona elkartu ziren «ikastolaren eta euskararen alde ekarpena egin, harremanak hobetu eta komunitatea indartzeko». Izan ere, urriaren 12ko Hispanitatearen Egunean eskolak emateko eta auzolana egiteko asmoa zuen Uzturpek, Errektore Kontseiluak —langileen eskariari erantzunez— horrela erabakita. «Baina, salaketa bat medio, Hezkuntza Ikuskaritzak urriaren 12a eskola eguna izatea galarazi digu», esan du Uzturpeko zuzendari Itziar Saizarrek.

Gaineratu du ez dituztela Hezkuntza Sailaren arrazoiak eta mehatxuak ulertzen, «ez eta partekatzen ere; horregatik, lanean jarraituko dugu, hurrengo ikasturtean ikastolan lantzen ditugun balioekin bat datozen egunak ospatu eta, euskal egutegi propio baten barruan, gure ikasturtea antolatzeko».

Euskal egutegia aldarrikatuz, ehundik gora «uzturpetar» elkartu ziren atzo, auzolanean kanpoko zein barruko espazioak txukuntzeko. «Bereziki eskertu nahi diegu auzolan hau aurrera eramatea posible egin duten norbanakoei eta Ibarrako Udalari, emandako material eta laguntza guztiarengatik. Eta, nola ez, parte hartu duten familia eta langile guztiei». Elkarlana nabarmendu du, eta esan du egunero euren onena ematen jarraituko dutela ikasleek merezi duten kalitatezko euskal hezkuntza jaso dezaten: «merezi ditugun baliabide guztiak ikastolan izan ditzagun eta komunitatean adostutako euskal egutegia indarrean jar dadin».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!