Zaragozan hiru puntu lortuta ekin zion denboraldiari areto futboleko Bigarren B Mailako CMO Valves Lauburu Ibarrak. Joan den asteburuan, bigarren jardunaldiko neurketa jokatu zuen etxean, Belabietan, mailaz igo berri den Arrasateko Mondrate taldearen aurka, eta beste garaipen bat lortu zuen: 5-3.
Ibai Valverderen taldea 7. minutuan aurreratu zen markagailuan, Ruizen golari esker, baina Mondratek berehala sartu zuen 1-1ekoa. Lehen zatia amaitzeko lau minuturen faltan, ordea, Lauburuk bi gol jarraian sartu zituen (Chinok eta Rivadullak), eta abantailarekin heldu zen atsedenaldira.
Bigarren zatia oso bestelakoa izan zen. Derbiek eragiten duten tentsioa izan zen kantxan, zenbait txartel hori –bi jokalariri txartel gorri bana atera zien epaileek–, eta gol trukaketa. Minutu bakarrean, 35. eta 36. minutuen artean, hiru gol izan ziren. Migel Leonek egin zuen 4-1ekoa, ondoren, Jokin Rayok sartu zuen Mondrateren bigarrena (4-2) eta Leonek berriro hiru goleko abantaila eman zion Laubururi: 5-2. 39. minutuan heldu zen Mondrateren hirugarren gola, Mikel Elizaranen eskutik.