Ioseba Mateos Mateos igerilari ibartarrak Alacanten (Valentzia) jokatutako ur irekietako Uniendo Faros zeharkaldiaren lehen edizioan parte hartu zuen joan den larunbatean, irailak 19. Alacanteko Portuko Obra eta Zerbitzuen Batzordearen 125. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan antolatu zuten kirola eta itsas ondarea uztartzea helburu zuen proba, eta horretarako zenbait distantziatako probak prestatu zituzten: kilometro 1, 2,5 kilometro, 5 kilometro, 10 kilometro eta 20 kilometro.
Mateosek 10 kilometroko proban parte hartu zuen; Cala de la Palmera inguruan hasi eta Alacanteko Portuan amaitzen zen ibilbidea. Azkenean, ordea, ibartarrak igerialdian egindako ibilbidea luzeagoa izan zen, eta 11 kilometro inguru egitera iritsi zen. «Ez zen igerialdi erraza izan. Itsasoaren egoera nahiko gogorra izan zen, eta baldintza horiek nabarmen eragin zuten proban. Horren erakusgarri da antolatzaileek 20 kilometroko proba bertan behera utzi behar izan zutela, eguraldiaren eta itsasoaren baldintzengatik, segurtasun-arrazoiak tarteko», azaldu du Mateosek.
Ibartarra bigarren postuan helmugaratu zen, Abraham Castillo Nieto probako irabazlearengandik minutu eta hamaika segundora. Castillok 2 ordu, 42 minutu eta 57 segundo behar izan zituen; Mateosek, berriz, 2 ordu, 44 minutu eta 8 segundo. Antonio Migel Eznarriaga Gutierrez izan zen hirugarren, 2 ordu, 48 minutu eta 27 segundoko denbora eginda.
Mateos «oso pozik» dago emaitzarekin, batez ere itsasoaren baldintzak kontuan hartuta, aurreikusitakoa baino ia kilometro bat gehiago egin zuelako igerian. «Esperientzia oso polita eta aldi berean gogorra izan da. Ur irekietako igeriketak baldintza desberdinetara egokitzea eskatzen du, eta Alacanteko proban itsasoak protagonismo handia izan zuen. Horrelako egunetan, helmugara iristeaz gain, sailkapenean podiumean egoteak are gehiago balio du», adierazi du ibartarrak.