Ibarra-Galtzakomik lehiaketa abiatu dute

Tolosaldeko Ataria

Dagoeneko lanak bidaltzeko epea zabalik dago eta azaroaren 20ra arte izango da horretarako aukera. Sari banaketa abenduaren 11n izango da, 19:00etan, Ibarrako Kultur Etxean.

Martxan da Ibarra-Galtzakomik lehiaketa, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta Ibarrako Udalak elkarlanean antolatuta. Hemeretzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta ohi moduan, euskarazko komikigintza sustatzeko asmoarekin antolatu dute lehiaketa. Aurtengo gaia Gau beltza izango da, eta parte hartzaileek gai horren bueltako istorioak komiki bihurtu beharko dituzte.

Maite Caballero ilustratzaileak, Yurre Ugarte idazleak eta Joseba Larretxe Josevisky komikigileak osatuko dute edizio honetako epaimahaia. Urtero Euskal Herri osotik jasotzen dituzte lanak, eta aukera paregabea izaten da euskarazko istorioak komiki bihurtzen dituzten artista gazte eta helduentzat. Iaz, esaterako, 294 komiki jaso zituzten denera —17 urtetik gorako kategorian, sekula baino gehiago—.

Sariak kategoria guztientzat

Kategoriei dagokienez, ohi bezala, lau sailetan banatu dituzte sariak: 9 urte arte –2017an jaiotakoak barne–, 10 eta 12 urte –2016an eta 2014an jaiotakoak barne–, 13 eta 16 urte –2013an eta 2010ean jaiotakoak barne–, eta 17 urtetik gorakoak –2009an jaiotakoak barne–.

Kategoria guztiek jasoko dute saria, baina ohiko kategoriez gain, Denonartean argitaletxeak saritutako lan bat aukeratuko du argitaratzeko. Hain zuzen, iazko edizioan saritutako Jabi Isasiren Erresilientzia komikia urriaren 9an eta 10ean argitaratuko da Sarako Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura azokan.

Hala ere, sari guztiak ez ditu epaimahaiak aukeratuko. Partaide guztien artean eta sarituak izan ez diren komikien artean, Mahala baserriko produktuez osatutako bi saski zozketatuko dira. Zozketaren irabazleak abenduaren 10ean argitaratuko dira Galtzaundiren sare sozialetan.

Baldintzak

Lanek bete beharreko baldintza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak Galtzaundi.eus webgunean daude. Ezinbestekoa izango da horiek betetzea lanak baloratu ahal izateko. Lanak, besteak beste, euskara hutsean aurkeztu beharko dira, eta erabilitako euskararen bizitasuna kontuan hartuko da. Dagoeneko lanak bidaltzeko epea zabalik dago eta azaroaren 20ra arte izango da horretarako aukera.

Ibarra-Galtzakomik lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ikusgai izango dira abenduaren 11tik urtarrilaren 5era Ibarrako Kultur Etxean, eta sari banaketa abenduaren 11n izango da, 19:00etan, Kultur Etxean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!