Hiru puntuak eskuratuta hasi du liga Lauburu Ibarrak

Josu Artutxa Dorronsoro

Areto futboleko Bigarren B Mailako taldeak 1-2 irabazi dio Sala Quintori, etxetik kanpo jokatu duen lehen jardunaldian.

Aurpegi berri ugari ditu CMO Valves Lauburu Ibarrak aurten, besteak beste, Jokin Murillo eta Jose Manuel Moreno atezainak. Horiez gain, sei jokalari berri daude talde morean. Klubeko ordezkariek adierazi dutenez, «taldea sakonean berritu ondoren, oraindik ere kantxan harreman eta automatismo berriak eraikitzeko prozesuan dago».

Bada, igandean ekin zion 2026-2027 denboraldiari talde ibartarrak, asko landu beharreko garaipen batekin, Zaragozako Sala Quinto CD taldeari 1-2 irabazita. Tomas Acebedok egin zuen Laubururen denboraldiko lehen gola, 13. minutuan. Atsedenalditik itzuli eta berehala, bigarren zatiko lehen minutuan, Gorka Ruizek 0-2koa egin zuen.

Sala Quintok aldea murriztea lortu zuen 34. minutuan, Vitor Martinsen eskutik (1-2). Azken txanpan zirrara eta tentsio handia izan zen kantxan, etxeko taldeak berdinketa lortzeko aukerak izan baitzituen. 

Ibai Valverde talde moreko entrenatzaile pasaitarrak aitortu duenez, ibartarrek «beldurra» sentitu zuten zenbait unetan. «Kostatu zaigu baloiaren jabetza izatea, baina defentsan lan ona egin eta gero, berriro lortu dugu hori. Amaieran, atezain-jokalaria erabili dute, baina lan oso ona egin dugu defentsan». Markagailuan ez zen aldaketarik izan, eta ibartarrak hiru punturekin itzuli ziren etxera. 

Valverdek adierazi du «oso garrantzitsua» zela denboraldia garaipenarekin hastea, eta klubeko ordezkariek gaineratu dute «lehen urratsa» eman dutela. «Emaitzak ahalbidetzen du denboraldia sentsazio onekin abiatzea, baina talde berriaren bidea jardunaldiak aurrera egin ahala joango da forma hartzen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!