ELKARRIZKETA

«Borroka ez da amaituko denak etxeratu arte»

Jon Miranda Labaien 2026ko irailaren 2a

Beñat Uribe-Etxeberria Sareko kideak eta Jon Ijurko presoen senide ohiak uste dute datozen hilabeteak «erabakigarriak» izango direla preso eta iheslariak etxeratzeko.

Sareko bozeramaileetako bat da Beñat Uribe-Etxeberria (Villabona, 2000) eta Ibarrako elkarretaratzeen antolakuntzan jardun du urteetan Jon Ijurkok (Txarama, 1957). Itxaropentsu begiratu diote etorkizunari.

Zergatik erabaki duzue azken ostiraletan elkarretaratze gehiago ez antolatzea?

Jon Ijurko: Ibarran erabaki hori hartu dugu pentsatzen genuelako une egokia zela. Zorionez, Ibarran ez dugu gaur egun presorik edo iheslaririk. Sufrimendua, bai, hor dago; motxilan daramagu. Gure gogoeta, aldi berean, bat zetorren Saretik egiten ari diren gogoetarekin.

Beñat Uribe-Etxeberria: Hala da, Ibarrakoa ez da kasu isolatua. Euskal Herriko beste hainbat herritan ere ari dira urrats hori ematen: orain arte hilero, azken ostiraletan, modu iraunkorrean antolatu izan den mobilizazioari amaiera ematen. Guzti hori prozesu baten barruan kokatzen dugu, eta guk naturaltzat jotzen dugu. Presoen kopurua bost, sei edo zazpi aldiz handiagoa zenean sortu zirela mobilizazio hauek, eta gaur egungo egoera guztiz bestelakoa da. Ekainean Arrasaten aipatu genuen orain arte iraunkorki egin ditugun mobilizazio horiek egokitzeko eta gaur egungo tamainara eta beharretara ekartzeko unea dela. Beraz, prozesu batean gaude, eta uste dugu baldintzak ematen direla herri batzuetan mobilizazio hauek egokitzeko, aldatzeko edo, zergatik ez, amaitzeko. Ibarra izan da adibide horietako bat.

«Uste dugu baldintzak ematen direla herri batzuetan mobilizazio hauek egokitzeko, aldatzeko edo, zergatik ez, amaitzeko»

Beñat Uribe-Etxeberria

Berezia izan nahi zenuten azken ostiralekoa. Eskualdeko jendeari ere zabaldu zenioten gonbidapena.

Ijurko: Bai. Pentsatu genuen eskualdeko zenbait herritako jendea gonbidatzea eta polita izan zen. Amaieran mokadutxo bat jan, eta garai hartako eta oraingo egoeraz hitz egin genuen.

Ibilbide bat ere egin zenuten. Nondik nora joan zineten?

Ijurko: Urte hauetan guztietan, hainbat tokitan bildu izan gara. Azkeneko urteetan kultur etxearen atzealdean, errepide bazterrean elkartu gara. Espaloia txikia denez, aurreko ostiralean Euskal Herria plazara mugitu ginen, Euskadiko Kutxaren aldameneko plazara. Han egin genuen lehenengo zatia: isilunea egin, gero Beñatek hitz egin zuen dinamika berrari buruz, eta handik giza katea eginez Subegiraino joan ginen mokadu bat jatera. Han beste ordu eta piku eman genuen elkarrekin jaten, hitz egiten eta garai hartakoak gogoratzen.

Indar faltagatik, edo nekeagatik hartu duzue elkarretaratzeak uzteko erabakia?

Ijurko: Egia da azken urteetan jende kopurua jaitsi egin dela eta neke puntu bat ere egon dela. Normala da. Baina guk argi daukagu zerbait mantendu behar dela. Talde dinamizatzaile bat daukagu, txikia izan arren talde bezala funtzionatzen duena. Pentsatzen genuen momentu hau egokia izan zitekeela, neurri batean, dinamika eta planteamendu berri horrekin bat egiteko eta baita gure burua freskatzeko ere. Hemendik aurrera, borroka honetan nola jarraitu behar dugun pentsatu beharko dugu. Zeren borroka ez da amaituko azken preso, iheslari eta deportatuak etxeratu arte.

Eskualdean badakizue beste herrietako elkarretaratzeak mantentzen ote diren?

Uribe-Etxeberria: Oraingoz ez daukagu ezer argirik. Ibarrakoak akaso lagunduko du naturalki edo inertziaz egiten dugun hori zalantzan jartzen, eta badakit herri batean edo bestean hausnarketa hori martxan dutela. Oraindik, tamalez, Villabonan eta Lizartzan, esaterako, ez dira baldintzak betetzen hileroko hitzorduak uzteko; beste egoera batean gaude herri horietan.

Duela 24 urte hasi zineten elkarretaratzeak antolatzen Ibarran. Zergatik pentsatu zenuten Ibarran ezinbestekoa zela dinamika iraunkor bat abiatzea?

Ijurko: Momentu hartan pentsatzen genuen ezinbestekoa zela erantzun irmo bat ematea, ez urtean behin edo bitan gogoratzea bakarrik, baizik eta tentsioa mantentzea, egoera ere halakoa zelako. Momentu batean, 2002an, 11 preso izan genituen Ibarran, eta orduan eman genuen pausoa. Eta, egia esanda, dinamika hori mantentzeak preso eta iheslarien senideei babesa erakusteko aukera eman digu. Aukera zabala izan da, ez bakarrik oso gertu geunden pertsonena, baizik eta inguruko herritar askorena, alde guztietako jendearena. Ideologia politiko berdinak izan edo ez izan, humanoki eta jarrerari dagokionez, beti izan da oso lagungarria.

«Momentu batean, 2002an, 11 preso izan genituen Ibarran, eta orduan eman genuen pausoa»

Jon Ijurko

Senideok babesa sentitzen zenuten?

Ijurko: Handia. Nahiz eta jende guztia ez azaldu kontzentrazioetara, zenbait taberna eta denda txikik beren erakusleihoak eskaintzen zituzten gure kartelak, gure eltzeitsuak eta gure aldarrikapenak jartzeko. Eta hori zaila zen 2002an. Ez zen erraza. Ikusi besterik ez dago Iruñean gertatu zena, nola hil zuten Angel Berrueta eztabaida baten ondoren.

Zuetako askok askotan ezin izaten zenuten elkarretaratzeetan egon, bisitengatik.

Ijurko: Bai. Normalean ostirala izanik, bisitetara ateratzen ginen. Ostiral arratsaldean edo larunbat goizean, jendea martxan jartzen zen: Teixeirara joateko, Darocara, Sotora, Granadara, Huelvara, Frantzian Fresnesera... 2002an, astero, hamaika presoen senideak martxan geunden. Hori zerbait normala zen guretzat. Jendeak momentu horietan izugarrizko bultzada eman zion ekimenari eta izugarrizko laguntza eman zigun senideoi.

Tentsio unerik ere bizi izan duzue urte hauetan guztietan?

Ijurko: Bai, izan dira. Normalean Ertzaintza pasatzerakoan, batzuetan paso egiten zuten, baina beste batzuetan gelditu ere egin izan dira: nahiz eta baimena eskatuta eduki paperak eskatu izan dizkigute. Momentu horietan tentsioa sortu izan da. Behin baino gehiagotan izan ditugu tirabirak. Isunak ere bai. Baina horri buelta eman diogu. Azken batean, gure helburua ez da inorekin borrokan aritzea. Gure presoen senide eta lagunen eskubideak defendatzea izan da gure asmo bakarra. Aurrera egin dugu, kosta ahala kosta, eta gure borrokak fruituak eman dituela esango nuke.

Garrantzitsua iruditzen zaizue kontakizun hori belaunaldi berriei transmititzea, hemen herri honetan gertatu dena, egon den sufrimenduaren aitortza egitea?

Ijurko: Baditugu erronka batzuk aurretik. Adibidez, errelatoaren borrokan ere parte hartu nahi dugu. Ibarran gertatutakoa idatzi nahi dugu, baina gu subjektu aktibo bezala, eta ez beste norbaitek kontatuta. Uste dut bide zabala daukagula egiteko. Gu izan ginen horren protagonista. Guk badakigu zer gertatu zen, eta guk jarri behar dugu hizki larritan gertatu zen guztia jendeak jakin dezan.

Uribe-Etxeberria: Elkarbizitzaren agertoki bat eraiki nahi badugu herri honetan, ezinbestekoa izango da oraindik indarrean jarraitzen duten ondorio eta sufrimendu horien konponbidea. Baina, baita ere, errelato edo memoria ariketa justu eta elkarbanatu bat osatzea, hori izango baita bermea berriro gerta ez dadin. Herri honetan hamarkadetan zehar sufrimendu izugarria egon da, eta horrek ondorioak utzi ditu. Eta, noski, bizi izan dutenek kontatu egin behar dute, eta guk gazteok entzun egin behar dugu.

Eta, Beñat, Sarearen ikuspegitik, zenbat falta da euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko agertoki horretara iristeko?

Uribe-Etxeberria: Ez zaigu erraza egiten erantzutea. Ezin dugu esan urrun dagoenik. Urrunago egon da, noski, eta urrats nabarmenak eman ditugu. Urrats oso kualitatiboak, gainera. Baina, tamalez, oraindik oztopoak handiak dira euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herri bat ezagutzeko.

Oztopo horiek salbuespeneko lege eta politika batzuen ondorio dira. Salbuespeneko lege horiek duela 20, 25 edo 30 urte sortutako legeak dira, orduko testuinguru konkretu batean eta egoera konkretu bati erantzuteko sortuak. Uste dugu orduan ere salbuespenezkoak zirenak gaur egun, eszenatokia eta Euskal Herrian bizi dugun egoera guztiz aldatu denean, are eta salbuespenezkoagoak direla. Eta, bestetik, politikak daude: ez bakarrik espetxeetatik egiten diren politika penitentziarioak, baizik eta ondoren epaitegietan eta abar egiten direnak. Beraz, badaude oraindik korapiloak, eta korapilo batzuk oso sendoak dira. Baina uste dugu datozen hilabeteetan korapilo horiek askatzeko aukera ere izan dezakegula. Orain multzoa txikiagoa denean, agian geratzen den multzorik zailena izan daiteke, baina indarrak fokalizatzeko aukera ere eskura dugu.

Espetxe politikaren eskumena ere iritsi da Eusko Jaurlaritzara. Argi izpirik ikusten duzue gauzak konpontzeko?

Uribe-Etxeberria: Ikusten duguna da, eta arduradun politikoek egiten dituzten adierazpenetan behintzat hala esaten dute, badagoela lanketa bat euskal espetxe eredua deitu dioten hori sortzeko edo garatzeko. Esan dezakegu euskal espetxe eredu horrek lehen urratsak eman dituela, edo lehen pausoak ematen hasi dela. Oinez ikasten ari da, baina falta zaio oinez ibiltzen hasteko. Oraindik asko du iragan batean iltzatuta dagoen eredu batetik urruntzeko, eta, zergatik ez esan, askotan mendekutik ere zerbait izan dezakeen eredu batetik. Baina ikusten dugu borondate bat. Ikusten dugu bide horretan garatzeko eta urratsak ematen jarraitzeko borondatea. Beraz, espero dugu borondate horretan sakontzea eta datozen hilabeteetan euskal espetxe eredu horren garapen argiago bat ikusi ahal izatea.

Datozen hilabeteak giltzarriak izan daitezke, eta aurrerapauso nabarmenak eman daitezke.

Uribe-Etxeberria: Bai. Argi daukagu erabakigarriak izango direla datozen hilabeteak. Horregatik, orain arte mantendu dugun esfortzu kolektibo edo esfortzu iraunkor hori ere estutzeko unea dela uste dugu.

«Orain arte mantendu dugun esfortzu kolektibo edo esfortzu iraunkor hori ere estutzeko unea dela uste dugu»

Beñat Uribe-Etxeberria

Zenbat presok jarraitzen dute erregimen itxian?

Uribe-Etxeberria: Gaur-gaurkoz, 108 preso dira zigorrak betetzen ari direnak. Horietatik 95 dira euskal preso politikoen kolektibokoak. Kalea zapaltzen duten eta zapaltzen ez dutenen arteko aldea benetan esanguratsua da. 95 horietatik 28 dira kalea zapaltzen ez duten euskal preso politikoen kolektiboko kideak. Eta 28 horiek ez dira kopuruaren erdia; erdia baino askoz gehiago dira egunerokoan kalea zapaltzen ari direnak, 100.2 puntuaren edo hirugarren graduaren bitartez. Helburu argi bat daukagu: 28 horiek eta, kolektibotik kanpo egon arren erregimen itxian dauden eta kalea zapaltzen ez duten gainerako presoak datozen hilabeteetan kalea zapaltzen jartzea.

Azken urteetan erakutsi badugu eta bermerik eskaintzerik badugu, dispertsioarekin amaitzea lortu genuen. Gero, lege arruntera gerturatzen zuen politika bat ezartzea ere lortu genuen. Espero dugu, lehen aipatu bezala, datozen hilabeteetan ere erronka hori, helmuga hori, eskuratu ahal izatea.

Eta 28 horietatik, Tolosaldekoak zenbat dira?

Uribe-Etxeberria: Hiru dira. Gari Etxeberria lizartzarra (EPPKtik kanpo dago) zigorra datozen hilabeteetan amaituko du, beraz, nolabait, ibilbide penitentziarioa egin ez badu ere, aurki amaituko du bere zigorra. Bestetik, Karlos Besanceren eta Manex Castroren kasuan, ibilbide penitentziario horren garapenean hasiak dira dagoeneko lehen urratsak ematen. Espero dugu datozen hilabeteetan ere urrats horiekin jarraitzea eta kalea zapaltzen duten eskualdeko beste presoen pare egotea: egunerokoan lanera, ikasketetara, praktiketara edo dena delakora ateraz, eta, nolabait, espetxe sistemak teorikoki esaten duen moduan, birgizarteratze prozesu hori garatuz eta egunerokoan senide, lagun eta beste kideekin kalean egoteko aukera izanez.

Lege arrunta aplikatuz gero, 28 horiek ere kalea zapaltzen arituko lirateke?

Uribe-Etxeberria: Lege arrunta eskuan hartuta, gaur egun ez legoke euskal presorik egunerokoan espetxean zigorra betetzen ari denik baldintza beretan. Zigorra betetzen jarraituko lukete, baina beste baldintza batzuetan eta gradu progresiboaren bidetik, egunerokoan kalea zapalduz. Gehiago esango dut: gehienak kontrol telematikoaren bidez egongo lirateke, espetxera itzuli beharrik gabe, eta asko eta asko baldintzapeko askatasunean. Azken finean, lege arruntak eta espetxe politika arruntak baremo batzuk ezartzen dituzte, urratsak emateko baldintza batzuk, eta horiek betetako zigor urteen arabera izaten dira. Eta dakigun bezala, aurten ere beteko dira 15 urte ETAk bere jarduera eten zuenetik. Horrek berak erakusten du anakronikoa dela oraindik egoera hau, eta tamalez zenbait pertsonak bi hamarkada baino gehiago daramatzatela espetxean.

16 pertsona erbestean daude.

Uribe-Etxeberria: Egun identifikatzen dugun korapilorik handiena hor egon daiteke. Espero dugu datozen hilabeteetan korapilo hori askatzen hasteko gaitasuna izatea. Egoera oso zaurgarria da. Ikusi besterik ez dago: azken hilabeteetan, bi iheslarik galdu dute bizia hamarkada luzez Euskal Herritik kanpo egon ondoren. Hiru edo lau hamarkada daramatzate Euskal Herritik kanpo. Horrek adierazten du adinean ere gora egin duten pertsonak direla, eta askok gaixotasunak dituzte, batzuk larriak ere bai. Beraz, errespetuz tratatzen dugu gai hau, badakigulako egoera muturrekoa dela. Espero dezagun lehen esan dugun borondate horretan sakontzea eta, erakundeetatik eta beste zenbait estamentutatik, egoera honi konponbide bat eman nahiaren zantzuak ikusten hastea.

Argazki hau ikusita, zer pentsamendu datorkizu burura Jon, pasatakoak pasatu eta gero?

Ijurko: Ez dakit. Errealitate oso ezberdina da. Baldintzak ere desberdinak dira. Kartzelara joan-etorrian, senideak galtzen genituen. Hamasei senide hil dira errepideetan, eta askoz gehiago zauritu istripuetan. Orain, Zaballara edo Basaurira, Martutenera, Donostiara edo Iruñera joaten gara. Baina ez dago konparatzerik. Asteburuko bidaiak, asteburuko antolaketa... Lehen, astero-astero, pertsona batek preso baten bisita antolatzeko ardura hartu behar zuen: nor joango zen, txartelak egin, eskaera, zer ordutan joan behar zuen kartzelara... Bederatzi edo hamar orduko bidaia, 40 minutuko bisita egiteko. Eta kasu batzuetan bisitarik gabe ere geratzen zinen, agian berandu iristen ginelako edo funtzionario batek zerbait gaizki ikusi zuelako paperetan. Denetarik izaten genuen. Atzera begira jarrita, ez daukat inongo konparatzerik garai hartakoaren eta oraingoaren artean. Baina gaur egun gure senideak kartzelan jarraitzen dute. Hor dago lehengoaren eta oraingoaren artekolotura.

Ibarran Kuadrillen Egunean egin zuten ekimenetako bat. ATARIA

Zer proposatzen duzue Saretik aktibazio sozialerako?

Uribe-Etxeberria: Uste dut ardura kolektiboa dela. Askotan ardura instituzioetan edo espetxeetako zuzendaritzetan jarri izan dugu. Uste dugu ardura guztiona dela. aurten lanketa bereziago bat egin nahi dugu, hain zuzen espero eta nahi dugulako urtarrilaren 9an Bilbon egingo dugun manifestazioa azkena izatea. Lehen azaldu dudan moduan, azkena izate horrek erakutsiko luke oraindik indarrean jarraitzen duten sufrimenduekin amaitu dugula edo amaitzeko zantzu argiak izango ditugula behintzat. Udazkenerako egutegia prest daukagu. Pixkanaka-pixkanaka joango gara martxan jarriko ditugun ekimen ezberdinak publiko egiten.

Hortaz, prest zaudete, Jon, dinamika desberdinetan mobilizatzen jarraitzeko?

Ijurko: Bai. Guk argi hartu genuen erabakia. Argi geneukan fase baten amaiera zetorrela, eta datorren fasera egokitu beharko dugula. Beñatek aipatu duen bezala, dinamika berri bat edo zenbait ekimen etorriko dira. Guk, gure aldetik, badugu bai aukera eta bai gogoa gauzak egiten joateko, helmuga zein den kontuan hartuta. Aipatu dugun bezala, lehenbailehen preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herri bat izatea.

Jon, euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herri bat irudikatzen zenuenean, zuk halako amaiera bat irudikatzen zenuen?

Ijurko: Egia esanda, ez. Gazte-gaztetatik, imajinatu izan dut egun batean amnistia handi batekin preso guztiak herriko plazara etorriko zirela eta milaka pertsona egongo ginela haien zain. Hori zen ametsa. Denak etxean izango ditugun une hori geroz eta gertuago dago, baina beste modu batean izaten ari dira. Hori bai, talde politikoek urratsak eman ditzaten, lehen eta orain, beti izan da ezinbestekoa kaleko mobilizazioa. Nik uste dut zerbaitetan asmatu baldin badugu horretan asmatu dugula: herritarrek mobilizazioaren bidez erakutsi dute Euskal Herri libre eta aske bat nahi dutela, eta aske izateko ezinezkoa da preso eta iheslariak mantentzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!