Azken urteetan hileko azken ostiralean euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzeak hartu dituzte hainbat herritako plazek, Sarek eta Etxeratek antolatutako deialdietan. Orain, ordea, hilabete «erabakigarriak» izaten ari dira, eta honen aurrean Euskal Herriko lau herritan azken ostiraletako elkarretaratzeak egiteari uztea erabaki dute, tartean Ibarran. Pasa den ostiralean egin zuten azken elkarretaratzea, beraz, eta bertan ibartarrekin batera elkartu ziren eskualdeko hainbat herritar. «Biktimei errespetuz eta enpatiaz begiratuko dion herri bat eraiki nahi dugu aitortuak eta erreparatuak izango diren herrian, euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea eskainiko dion Euskal Herrian. Hor jarri dugu helmuga, eta hori inoiz baino gertuago daukagu», esan zuten.
Ziklo bati amaiera emateko garaia dela esan zuten, eta gehitu zuten elkarretaratzeak egiteari uztea ez dela agortze edo neke bati lotutako erabakia, baizik eta egoeraren bilakaera bati erantzuten dion erabakia: «Urteetan blokeatuta egon den auzi baten desblokeoari lotuta dago erabakia. Hamar dira erregimen itxian dauden gipuzkoarrak, horietako hiru eskualdekoak, eta datozen hilabeteetan egunerokotasunean kalean egotea espero dugu. Orain bada agertoki bat duela gutxi imajinatu ere egingo ez genukeena. Espero dugu aurreikuspenak betetzea, eta horretarako lanean jarraitzea tokatzen zaigu. Datozen hilabeteak erabakigarriak izango dira, edo hori espero dugu behintzat, eta hori lortzeko ardura kolektiboa da. Elkartasun eta esfortzu kolektibo horrek indar gehiago izan behar du, eta bide horretan egongo dira deialdiak Bilbon egingo dugun urtarrilaren 9ko manifestazioa bitarte».