Ibarrako Udalak pasealeku berria egin du herrian; hain zuzen, Elduaran etxeko baratze zaharra zegoen lekuan egin du bide berria, berdegune batekin. Asteazkenean zabaldu zuten, eta dagoeneko erabilgarri dago herritarrentzat. Euskal Herria kaleko 27 zenbakiaren atzekaldea Gaiarre kaleko 3 zenbakiarekin oinezkoentzat lotzeko aukera ematen du pasealekuak.
Lehen baratzea zena pasealeku irisgarri bihurtu du udalak, eta berdegunea eta egoteko leku bat jarri ditu, zuhaitzak, eserlekuak, iturria eta aparkalekuak dituena. Jarduketari esker, inguruko aparkaleku kopurua handitu du udalak.
Espazio publiko berri horiek Euskal Herria kaleko 25 zenbakian garatutako bizitegi-jarduketaren parte dira, Elduaran etxe ezagunak betetzen zuen lekuan. Obrak amaitu ondoren, Ibarraberri SL enpresak utzi dizkio udalari espazio publiko berriak.
Euskal Herria 25 eta 27 zenbakien arteko pasabidea oinezkoentzako pasabide gisa ere egokitu du udalak, eskailerak berrituta eta argiztapena hobetuta, aparkatzeko ibilgailuak sartzea saihestu eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko.
«Jarduketa honen bidez, orain arte pribatua izan den espazio bat gehitu zaio erabilera publikoari, eta oinezkoentzako konexio irisgarri berri bat eta oinezkoentzako ibilbideak eta hiri-ingurunearen kalitatea hobetuko dituen egonaldirako berdegune bat sortu dira», esan du udalak.
