Oihane Mateos Oria kazetari ibartarra hil da

45 urte zituela zendu da Orain EITBren albiste zerbitzu digitaleko burua. 2017tik 2019ra ATARIA-ko zutabegile izan zen.

EITBk bere webgunean eman du albiste lazgarriaren berri. Oihane Mateos Oria kazetari ibartarra hil da gaur, 45 urte zituela. Mateosek Euskal Irrati Telebistari lotuta eman du bizitza profesionala. Euskadi Irratian hasi zen bekadun, eta Euskal Telebistako hamaika programatan lan egin ondoren, Gaur Egun eta Teleberri albistegietako erredaktore eta aurkezle izan zen. Horrez gain, Euskal Telebistako bigarren kateko De Boca en Boca programa zuzendu zuen. 

Euskal Telebistako arlo digitaleko buruzagitzan eman ditu ibilbide profesionaleko azken urteak. 2022az geroztik, Orain EITBren albiste zerbitzu digitaleko burua zen. «Oihanek indar handia jarri du erredakzioaren eraldaketan, eta Orain EITBren albiste zerbitzu digitalak bere gidaritzapean hasi zuen ibilbidea. EITBko erredakzioaren izenean, besarkada estu bat lagun eta senideei, baita Oihaneren ondoan ibilbidea partekatu dugun lankide guztioi ere. Lurrak goxo har zaitzala. Goian bego», adierazi du Euskal Telebistak Orain.eus webgunean argitaratu duen albistean.

2017tik 2019ra ATARIA-ko zutabegile izan zen kazetari ibartarra.

Ttap! euskarazko aldizkari multimediak elkarrizketatu zuen Mateos 2024an.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!