Naia Amondarain, Frantziako Tourrera

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 30a

Txirrindulari ibartarrak abuztuaren 1etik 9ra jokatuko den lasterketan parte hartuko du; besteak beste Mont Ventoux mendatea igo beharko dute txirrindulariek.

Abuztuaren 1ean hasiko da 2026ko Frantziako Tourra Lausannen (Suitza), eta hilaren 8an amaituko da Nizan; bosgarren aldiz egingo dute aurten. Guztira, 1.175 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek –inoizko luzeena izango da–, bederatzi etapatan banatuta.

Ez dute atsedenerako egunik izango, eta laugarren etapa 21 kilometroko erlojupekoa izango da Dijonen. Zazpigarren etapan, berriz, abuztuaren 7an, Mont Ventoux mendatea, Proventzako erraldoia bezala ezaguna, igoko dute.

98 txirrindularik parte hartuko dute Frantziako lasterketa nagusian, eta horietatik bat Tolosaldekoa izango da: Laboral Kutxa-Euskadi taldeko Naia Amondarain ibartarra.

Aurten, zenbait lasterketetan parte hartu du Amondarainek, baina urteko lehen itzulian, El Salvadorko Tourrean, lortu zuen emaitza nabarmenena, orain arte profesional mailan lortu duen onena. Hiru etapatan hamar onenen artean sailkatu zen, eta hirugarren izan zen sailkapen nagusian. Horrez gain, Euskal Herriko Itzulian, Italiako Giroan eta Kataluniako Voltan parte hartu du.

Maier Olano tolosarra fitxatu dute

Maier Olano Laboral Kutxa-Euskadi taldera batuko da. 19 urteko txirrindulari tolosarra lehen denboraldia ari da egiten 23 urtez azpikoen mailan. Massi-Baix Ter taldearekin hasi zuen urtea, eta Espainiako Txapelketatik aurrera, Grupo Eulen-Amenabarrekin ari da. Gipuzkoako txapeldunorde izan zen, seigarren sailkatu zen Eibar Hiria Sari Nagusian, 13. Nafarroako Women’s Elite Classicen eta 29. Kataluniako Voltan.

Urtarrilean Laboral Kutxa-Euskadiren Alteako egonaldian parte hartu zuen, eta egitura barrutik ezagutzeko aukera izan zuen. Orain, talde morearekin emango du hurrengo urratsa, nazioarteko egutegirik onenean hazten eta ikasten jarraitzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!