Udal Foroa egin dute Ibarrako Udalak eta Uzturpe Ikastolak

Ataria 2026ko ekainaren 1a

Joan den asteazkenean elkartu ziren Ibarrako udaletxean, eta Eskolako Agenda 2030 programaren baitan mugikortasun jasangarria praktikan jarri dute.

Eskolako Agenda 2030 programarekin jasangarritasunerako bidea urratzeko prozesua abian jarri zen duela urte batzuk. Ikastetxeetarako ingurumen eta iraunkortasun hezkuntza programa bat izanik, eta ikasleak protagonista direla, komunitate osoa –familia, irakasleak eta udala– inplikatzen du tokiko arazoak konpontzeko eta helburu jasangarriak lortzeko. Proiektu hau, eskualde mailan modu koordinatuan egin ohi da, Tolosako eta Tolosaldeko ikastetxeen parte hartzearekin, eta Ibarrako Uzturpe Ikastolak ere bertan parte hartzen du.

Azken bi ikasturteotan mugikortasuna landu dute eta garapen jasangarrirako 11. helburuarekin bat egin dute: «Hiri inklusiboago, seguruago, erresilienteago eta jasangarriagoak lortzea». Hemendik 2030era asmoa dute hirietako per capita ingurumen‐inpaktu negatiboa murriztea, eta arreta berezia eskaintzea airearen kalitateari eta udal‐hondakinen eta beste hondakin batzuen kudeaketari.

Era berean, Uzturpe Ikastolako ikasleek, Ibarrako Udalaren babesarekin, mugikortasun jasangarria praktikan jarri dute. Maiatzaren 20an kalera atera ziren bizikletarekin eta Ibarrako plazatik hasita hiru ibilbide egin zituzten Tolosako hiru puntu konkretuetara, bizikletarekin bidegorria jarraituz modu seguruan nola mugitu behar zen ikusteko: Ibarrako plazatik Tolosako Usabal kiroldegira egin zuten lehena; Tolosako Leidor aretora bigarrena; eta Tolosako Gorriti plazara hirugarrena.

Ibarrako San Inazio kaleko 7tik aurrera Tolosako Zumardiaundiraino bidegorririk ez dagoenez, tarte horretan errepidetik joan behar izan zuten bizikletarekin. Udala gabezia horren jakitun da, eta horregatik, urte honen amaieran gauzatuko du San Inazio 1 kalea berrurbanizatzeko proiektua Tolosako Udalarekin batera koordinatuta. Berrurbanizazio lan honek, bidegorri bat izateko aukera ekarriko du. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!