«Tokatu ahal zitzaigunen artean indartsuena da»

Ataria 2026ko maiatzaren 21a

CMO Valves Lauburu Ibarrak areto futboleko Bigarren mailara igotzeko lehen kanporaketa Xerez Toyota Nimauto taldearen aurka jokatuko du.

Larunbatean Jerez de la Fronteran (Espainia) jokatuko dute joaneko partida, eta hilaren 30ean izango da itzulerakoa Belabietan. «Tokatu ahal zitzaigunen artean indartsuena dela esan daiteke», azaldu du Ibai Valverde bigarren entrenatzaileak. «Talde oso sendoa da, eta eskarmentu handiko entrenatzailea du. Erronka zaila da, baina aldi berean oso motibagarria».

Inter Movistar klubeko bigarren taldea kanporatu dute Xerez taldekoek lehen kanporaketan. Lehenengoan 4-5 irabazi zuten etxetik kanpo, eta bigarrenean 6-0, beraz alde handiarekin lortu dute aurrera egitea. «Xerezeko jokalari asko ezagutzen ditugu lehenengo mailan aritutakoak direlako. Beraien partida asko ikusi ditugu, eta argi dugu nola jokatzen duten, eta zein den gure plana», esan du Valverdek.

Bihar goizean goiz abiatuko dira autobusez bidaia luzea egiteko. «Ikusita hango kiroldegia nolakoa den, hango zaleek nola bizitzen duten areto futbola, bizituko dugun partida horrek bidaia neketsua alde batera uzten du eta taldeak bertan jokatzeko duen ilusioa ikaragarria da», esan du Valverdek. «Partida ikusgarria izango da, eta emaitza on bat ekarri nahi dugu, kanporaketa Belabietan erabakitzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!