ERREPORTAJEA

Dantzan ospatuko dute urteurrena

Leyre Carrasco 2026ko maiatzaren 8a

'Itsaspeko lapurrak' ikuskizuneko une bat. L. CARRASCO

Ibarrako Alurr dantza taldeak iaz 30 urte bete zituen, eta aurten ospatuko dute. Gaur emanaldi berezia egingo dute, 20:00etan hasita, Belabieta kiroldegian.

Hogeita hamar urte bete ziren iaz Ibarrako Alurr dantza taldea sortu zutenetik. Urteurrena ospatzeko emanaldi berezi bat egiteko asmoa izan zuen iaz taldeak, baina parte hartzaile guztiak biltzeko zailtasunak izan zituztela kontatu du Eli Nosellas taldekideak: «Zerbait berezia egin nahi genuen, eta horretarako, gaur egun Alurren parte hartzen ari den eta taldetik igaro den jendea elkartzea erabaki genuen, baina oso zaila egin zitzaigun». Gauzak honela, urtebete atzeratzea erabaki zuten, eta dagoeneko iritsi zaie eguna.

Gaur emanaldi berezia eskainiko dute, 20:00etan hasita, Belabieta kiroldegian. Bertan parte hartuko dute gaur egun taldea osatzen dutenek, baita garai bateko dantzariek ere. Horiekin batera, zuzeneko musika joko duten 15 musikari ere igoko dira oholtzara. Gaur egungo dantzak eta musikak ez ezik, garai bateko koreografia eta erritmo ezagunak berreskuratuko dituzte egun berezian. Eta emanaldirako sarrera doakoa izango da.

Gaztezuloren parte hartzea ere izango dute. Izan ere, Ibarrako haur, nerabe eta gazteei bideratutako zerbitzuak hamar urte betetzen ditu aurten, eta askotariko jarduerez osatutako egitarau zabala osatu dute aurtengorako. Horietako bat da Alurr dantza taldearekin batera egingo duten emanaldia. «Alurr dantza taldean dabiltzan haur, gazte eta guraso asko Gaztezuloren parte dira, eta beraz, emanaldi bateratua egingo dugu. Izan ere, Ibarra herri txikia da, eta eragileak elkarlanean aritzen gara beti», gaineratu du Nosellasek.

Eli Nosellas: «Ibarra herri txikia da, eta eragileak elkarlanean aritzen gara»

Horrez gainera, Alurr dantza taldearen urte hauek guztiak borobiltzen dituen dokumentala ere ari dira grabatzen taldeko partaide batzuk, Ibarrako Udalaren laguntzarekin. 25. urteurrenerako antzeko proiekzio bat egin zuten, baina oraingo honetan, Alurr dantza taldearen historia kontatuko dute, sorreratik gaur arte. Horretarako, taldeko partaide diren nahiz partaide izandako hainbat ikasle, irakasle, boluntario eta musikarien elkarrizketak bilduko dituzte. Duela urtebete inguru abiatu zuten proiektua, eta udarako amaitzea aurreikusten dute.

Atzera begira

Taldeak 1995ean hasi zuen bere ibilbidea, baina dantzarako tradizioa lehenagotik iritsi zen Ibarrara. 1974. urtearen bueltan bazen dantza talde bat herrian, Azkunde izenekoa. Urteak eman zituen neska-mutil talde hark txistularien laguntzaz dantza saioak eskaintzen. 1990. urte inguruan beste salto bat eman zuen taldeak. Ibarran dantza ikastaroak ematera joateko gonbita luzatu zioten Jose Luis Zubeldiari, eta ikastaro horietan sortu zen grina ikusita, orduko taldea dantza talde baten izaera hartzen hasi zen. Orduan jarri zioten Alurr izena taldeari; lurra du esanahia, eta mitologiako liburu batean aurkitu zuten.

Alurr dantza taldearen hastapenetatik dabil bertan murgilduta Nosellas. Azken urteetan koordinatzaile bezala aritu da, baina duela bost urte inguru ardura horiek juntakide berrien esku utzi zituen. «Kargu horren arabera antolatu dut nire lana eta bizitza; izan ere, garai haietan, eta gaur egun seguru ere, ardura bat hartzen zenuenean hori betetzeko izaten zen, eta gero gustukoa bazen zer esanik ez. Nik ardura hori gustukoa nuen eta bizitza dedikatu diot honi; nire oporrak Alurren igaro ditut, baita nire ordu estrak ere. Kargua utzita ere, beti egon naiz laguntzeko prest, eta urteurrenaren aitzakiarekin hala nabil», adierazi du.

Dantza taldea behar batetik sortu zela kontatu du, eta ilusioz gogoratu ditu proiektu honen hastapenak: «Dantza egitea gustatzen zitzaigun, herrian grina handia zegoen horretarako eta zerbait sortzeko behar bat ikusi genuen». Baina 2000. urtean makalaldi bat sufritu zuen taldeak. Jende gutxi geratu zen, eta egoera horri buelta eman behar izan zioten nolabait.

Gaur egun Sendi guraso elkartea dena, Cabezas de Padres de Familia —guraso elkartea— bezala ezagutzen zen garai hartan, eta elkarte horrek gainerako kultura taldeei eta beste herriko eragileei laguntza eskaintzen zion. Nosellas elkarte horren parte zen, eta herrian zegoen beharra aztertzen hasi ziren. «Ibarran dantza taldea zegoela ikusi genuen, eta hori bultzatu eta berpiztu egin behar zen nolabait; orduan, horren bueltan zebiltzan gazteak bildu genituen eta zerbait berritzailea proposatu zuten», kontatu du. Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoa ekarri zuten irakasle modura. Muruamendiarazek dantza tradizionaleko oinarriak mantenduz koreografia, eszenografia eta arropen berrikuntzak ekarri zituen. Ordutik, norabide horretan jarraitu du taldeak.

Berrikuntza horiek gorakada ekarri zuten taldera. Inguruko herrietatik jendea Alurren izena ematen hasi zela gogoan du Nosellasek, eta hortik sortu ziren emanaldi berriak. Alurrek bere lehen emanaldia 2002. urteko San Bartolome jaietan egin zuen eta bere lehen ikuskizuna 2008. urtean estreinatu zuen, Sua izenburupean. «Garai hartan nobedadea izan ginen; zuzeneko musika izan genuen, eta horrez gainera, beste kanta batzuk grabatuta eraman genituen emanaldira. Jantziak ere aldatu egin genituen eta euskal dantzetan oinarritutako koreografia berri batzuk sortu genituen. Taldetxo batekin hasi ginen, eta familia handitzen joan gara», kontatu du Nosellasek.

Horren atzetik etorri dira beste hainbat emanaldi, kasu honetan, Aiert Beobideren eta Iñaki Agirreren zuzendaritzapean: Oinazez, Izanak dirau, Uztartuz, Lanabesak, Soinaz, Bi punturen artean, Maruxak eta Irradak, besteak beste. Koreografo ospetsu eta dantzari gazteen ekarpen berriztatzaileek euskal pauso eta dantza tradizionaletan oinarritutako koreografia berriak sortzeko aukera ahalbidetu die Alurr taldekoei, eta gaur egun 17 ikuskizunek osatzen dute taldearen zerrenda; azkena, Hamaikua izenekoa, zeina maiatzaren 24an, igandean estreinatuko duten, 18:00etan, Ordiziako Plaza Nagusian.

Alurr handitzen

Gaur egun Ibarran bertan 17 dantza talde daude, bi urteko haurretatik hasita. Eta horrez gain, inguruko herrietan ere dantza eskolak ematen ditu Alurrek, besteak beste, Bidania-Goiatzen, Lazkaon, Ordizian, Legorretan eta Zaldibian. «Herri bakoitzean dantza taldea berpizten eta sortzen saiatu ginen, eta nik uste herri askotan lortu dugula, nahiz eta orain horietako asko independenteak izan. Lan hitzarmenetan eta herriarteko lanetan Amaiur Luluaga taldekideak hartu zuen horren ardura, eta bai bera eta baita Alurren dabiltzan eta igaro diren dantzari asko aritzen dira irakasle herri horietan. Baina orain herri askotan dantza talde independenteak izatea lortu da, eta hori ere bazen gure helburua, Ibarrako gure etxea gutxitzea eta besteak zabaltzea», azaldu du Nosellasek.

Gaur egun Ibarran bertan 17 dantza talde daude, bi urteko haurretatik hasita

Plaza, oholtza eta txoko ezberdinak pasatu ditu urte hauetan guztietan Alurr dantza taldeak. Gehienbat inguruko herrietan ibili izan da bere ikuskizun eta dantzak aurkezten, baina urrutiago ere mugitu dira Alurrekoak urte hauetan, hala nola, Frantziara, Esloveniara, Alemaniara, Irlandara, Italiara, Galiziara edo Kataluniara. «Garai batean Alurrekin egiten genituen bidaiak gure oporrak izaten ziren, baina gaur egungo gazteek edozein momentutan joaten dira oporretara eta edozeinek ez ditu gordetzen oporrak dantza egitera joateko. Gauzak asko aldatu dira, gu aldatu garen bezala, baina zikloak dira eta gu ere garai berrietara egokitzen goaz», esan du. Hala ere, tradizioaren garrantzia mantentzen jarraitzen dutela azpimarratu du, «nahiz eta jende askok ez duen lotura hori ikusten».

Tradizioa oinarri

Tradizioa eta berrikuntza uztartzea da Alurr dantza taldearen bereizgarrietako bat, eta «pixkanaka» garatu den ezaugarri bat dela azaldu du Nosellasek: «Jantziekin beti arriskatu izan dugu gehiago, eta jende askok azalpen bat jaso arte ez du ulertzen lotura hori. Koreografiarekin eta musikarekin berdina gertatu zaigu, baina pixkanaka hori dena lantzen joan gara». Dena dela, nabarmendu du ez dutela «inoiz» galtzen «tradizioaren oinarria» eta hori nabaritzen dela, batik bat, dantza pausoetan.

Dantza eskolan, oinarritik, pauso tradizionalak ikasten dituzte lehenik. Gerora, agian, dantza bera beste musika batekin egiten ikasten dute. Eta, azkenik, garaikideak tradizionalarekin izan ditzakeen puntu komunak aurkitu eta batetik besterako pasabide bat nola sortu lantzen dute.

Taldekideek hala adierazten dute Alurren filosofia: «Gure arbasoek gure erraietan landatutako haziak ereiten dihardugu. Eta guk, dantza dugu transmisio, dantza dugu ilusio, perkusio, emisio, adorazio, inspirazio, bokazio, deklarazio eta tradizio. Tradiziotik sorkuntzara egiten dugun jauzi horretan sartzen da pasioz eta erritmoz egiten dugun pauso bakoitza. Tradizioa irudikatu behar dugunaren ardura aspalditik hartua dugu, baina hori bera garaikidearekin nahasten dugu. Azken finean, hitzekin esaten ez dakigun hori dantzarekin kontatu ahal izateko. Euskal kulturatik errotu baina beste kulturetatik elikatzen garen dantza taldea gara. Jatorri eta iturri desberdinetatik gure kultura zabalduz eta aberastuz».

Boluntario sarea

Guraso eta boluntarioen lana ere azpimarratu nahi izan du Nosellasek: «Aurpegia ematen dugunok batzuk bakarrik gara, baina, gero, atzetik beste asko dabiltza, eta jende hori behar-beharrezkoa da hau dena aurrera ateratzeko, eta hori geroz eta zailagoa da lortzen». Oraingo emanaldian, esaterako, urte guzti hauetan boluntario moduan aritu direnei antolakuntza lanetan aritzeko eskaera egin dietela kontatu du: «Laguntza taldea deitzen genion hori izango dugu emanaldian, emanaldian lan asko egongo baita».

Horretarako, konpromisoa beharrezkoa dela azpimarratu du: «Garai batean taldean zeuden boluntario asko gurasoak ziren, eta horietako askoren seme-alabak jada ez zeuden taldean, eta haiek boluntario gisa jarraitu zuten. Zoritxarrez, jada ez dago garai batean zegoen grina hori. Gizarteko edozein momentutan zerbait gertatzen denean atzetik norbaitek egon behar du, eta hori familia guztietan ere gertatzen da; atzetik pentsatzen ari den norbait ez badago, gauza horiek kili-kolo egongo dira eta».

Eli Nosellas: «Alurr bezalako proiektu hauek gure kultura zabaltzeko balio dute»

Nosellasen ustetan Alurr ez da dantza talde hutsa, «proiektu bat baizik», eta Alurr bezalako proiektu hauek euskal kultura zabaltzeko balio dutela adierazi du: «Alurrek ere tradizioa transmititzen du, bakoitzak bere modura ulertu dezakeena, baina gure kultura, gure jantziak, gure ohiturak eta gure baloreak transmititzen ditu, eta beraz, proiektu bat da. Gaurko egunean, ordea, ez da hala ulertzen eta hor dago desberdintasun handiena. Alegia, gaur gaurkoz eskolaz kanpoko ekintza gisa ikusten dute, eta, agian, esentzia hori galtzen ari gara».

Dantzari Txiki Eguna, bihar

Alurren dagoeneko prest dute gaur egingo duten urtemuga ospatzeko emanaldi berezia. Hilabete luzez lanean igaro ostean, emaitza, azkenean, gaur izango da ikusgai Belabieta kiroldegian. Baina Ibarrako dantzariek horrekin nahikorik ez, eta bihar ere dantzarako aukera izango dute.

Izan ere, bi urtez behin antolatzen duten Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute Ibarran. Euskal Herriko dantzariek eta dantza taldeek ere parte hartuko dute larunbatean, besteak beste, Arrasatetik, Oñatitik, Beratik eta Anoetatik bertaratuko baitira, 10:30ean, Ibarrako San Bartolome plazara. Eguerdian bazkaria egingo dute, eta arratsaldean, Ttipikaren doinupean egingo dute dantzaldia.

Alurr dantza taldekoek asteburuko emanaldietara joateko gonbita zabaldu dute: «Dantza eta musikaz beteriko emanaldiak izango dira, baita sorpresaz josiak ere. Ez galdu!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!