Lehenengoak izandako harrera ona errepikatu asmo dute

Leyre Carrasco 2026ko maiatzaren 6a

Maria Gurrutxaga eta Maialen Mariezkurrena Ibarrako Gazte Asanbladako kideak.

Ibarrako Gazte Asanbladak antolatuta, Kultur Astea izango da Ibarran bihartik igandera. 'Escalerillas Etxepe bat borrokan' dokumentala eta pintxo potea izango dira hasteko, eta larunbatean azoka egingo dute plazan, 19 posturekin.

Kultur Astea antolatu du Ibarrako Gazte Asanbladak bigarren urtez. Iazko egitasmoak izandako arrakasta ikusita, aurten bigarren edizioari gogotsu eutsi diotela kontatu dute Maria Gurrutxaga eta Maialen Mariezkurrena Ibarrako Gazte Asanbladako kideak: «Joan den urtean proposamen nahiko anbiziotsua egin genuen, eta azokan, bereziki, asko nabaritu zen arrakasta izan zuela egitasmoak. Geroztik herriko eragileekin harreman estuagoa egin dugu eta alde horretatik ere pozik gaude».

Nola bizitzen dute gazteek aisialdia? Zein kultur eskaintza dago Ibarran? Horrelako galderei tiraka sortu zitzaien Kultur Astea antolatzeko ideia. «Lehen saiakera horren asmoa eztabaida hori mahai gainean jarri eta gazteak horretan hausnartzen hastea zen eta horretarako hainbat mahai inguru antolatu genituen, baina aurten asteburua Ibarran hainbat jardueraz beteta dagoela ikusita, koordinazio bitartez osatu behar izan dugu egitaraua eta ezin izan dugu mahai ingururik antolatu», azaldu du Mariezkurrenak.

Hala ere, hausnarketarako espazioa ez da faltako eta horren bueltako hainbat jarduera antolatu dituzte. Esaterako, ostegunean, Escalerillas Etxepe bat borrokan, un vecindario en lucha dokumentala proiektatuko dute, 19:00etan, gaztetxean, eta ondoren, pintxo potea izango da. Larunbatean, berriz, bertso afaria egingo dute, 21:30ean, plazan. Bertan izango dira Andoni Rekondo, Danel Etxeberria, Janire Arrizabalaga, Mikel Iturrioz eta June Aiestaran bertsolariak. Bertso afarira joateko txartelak erosteko azken eguna gaur izango da. Atari eta Zubiaurre tabernetan egongo dira salgai, landunentzat 15 euroan eta langabeentzat 12 euroan.

Berrikuntza moduan, ostiralean, talo ikastaroa egingo dute, 17:30ean, plazan, eta bertan parte hartu nahi dutenek aurretik eman beharko dute izena Zubiaurre tabernan. «Lehen Ibarran azoka egiten zenean ikastaro horrek indar handia zuen eta tradizio horrekin jarraitzeko talo ikastaroa berreskuratzea erabaki dugu», azaldu du Gurrutxagak. Izan ere, aurten iazko helburu bera dute: «Eskaintza kultural askotarikoa, doakoa eta unibertsala antolatzea».

Herriko eragileak indartu

Herriko eragileei eta sortzaileei ere balioa eman nahi izan die, «horien jarduna erakusteko espazio bat izan dezaten, eta Euskal Herriko panorama kulturalean edo artistikoan dauden proiektuen berri emateko». Horren erakusle da larunbatean antolatu duten azoka. Ibarrako plazan egingo dute, 11:00etan hasita, eta aurten, guztira, 19 postu izango dira. Aurtengo parte hartzearekin pozik agertu dira asanbladako kideak: «iazko ekoizle guztiek errepikatzea erabaki dute, eta ekoizle berriak ere izango ditugu».

Iaz bezala, herriko sortzaileek ere jarriko dute postua. Esaterako, kultur etxeko tailerretan parte hartzen dutenen lanen erakusketa izango da eta umeentzako sormen txokoa ere jarriko dute. Azokara bertaratzen direnek gainerako kulturak dastatzeko aukera ere izango dute, Munduko Gastronomia deitu dioten txokoan.

Aurten, berrikuntza moduan, hainbat musika ekoizle gonbidatu dituzte azokan parte hartzera, eta Balio Dute diskoetxea izango da egun horretan Ibarran. «Autogestio bitartez antolatzen den ekoiztetxea da, hain zuzen, eta hor ere ikusi daiteke zein ikuspegitik ari garen lantzen aurtengo kultur astea», adierazi du Mariezkurrenak.

Kontzertuei dagokienez, aurten herriko musikariek presentzia handiagoa izango dute. Esaterako, ostiralean, The Hastelens talde ibartarraren kontzertua izango da, 23:00etan, Gaztetxean, eta larunbatean, berriz, DJ Mondongo ibartarrak girotuko du gaua, 00:30etik aurrera. Horrez gaina, igandean, H.Ondora taldeak emango du kontzertua, 18:00etan.

Asanblada zabalik

Ikasturte osoan zehar ekitaldi ugari antolatzen ditu Ibarrako Gazte Asanbladak. Tartean herritarrek gazteen proposamenak entzuteko eta beraiek proposamenak egiteko asanblada irekiak egiten dituzte, baina horiek arrakastarik ez dutela izaten aitortu du Mariezkurrenak: «Asanblada ireki ugari antolatu izan ditugu, baina ez da jende asko azaltzen eta aurten lanez gainezka gaudela ikusita, eraginkortasuna bilatu nahi genuen, eta horregatik ez dira asanblada irekiak egongo baina asanblada bera zabalik egongo da nahi duenarentzat». 

Halaber, herritarrei txandetan parte hartzeko gonbita egin diete. «Jendeak, normalean, parte hartzen du eta alde horretatik pozik gaude, guk bakarrik ezingo genuke dena aurrera atera», gaineratu du Gurrutxagak.

Izan ere, ekainean, Gazte Festak ospatuko dituzte Ibarran, eta egitarauarekin martxan dabiltza Gazte Asabladako kideak. «Hain denbora gutxian bi egitarau antolatzea izugarria da, eta aitortu beharra dugu aurten inoiz baino zailtasun ekonomiko gehiago ari garela izaten, dena garestitu egin delako eta ezintasun handia dago horri aurre egiteko», jakinarazi du Mariezkurrenak.

EGITARAUA

  • Maiatzak 7, osteguna
    • 19:00. Dokumental proiekzioa. 'Escalerillas Etxepe bat borrokan, un vecindario en lucha', Gaztetxean.
    • 20:00. Pintxo-potea eta kultur astearen irekiera, Gaztetxean.
  • Maiatzak 8, ostirala
    • 17:30. Talo ikastaroa, plazan.
    • 23:00. The Hastelens, gaztetxean.
  • Maiatzak 9, larunbata
    • 11:00. Artisau azoka plazan.
    • 21:30. Bertsoa afaria, plazan. Andoni Rekondo, Danel Etxeberria, Janire Arrizabalaga, Mikel Iturrioz eta June Aiestaran.
    • 00:30. Karaokea eta DJ Mondondo, gaztetxean.
  • Maiatzak 10, igandea
    • 18:30. H.ondora, gaztetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!