Euskadiko industriaren eta enpleguaren etorkizunari buruzko hitzaldi-kolokioa antolatu du Ibarrako EAJk

Ataria 2026ko apirilaren 21a

Apirilaren 29an, asteazkenean, 19:00etan izango da Ibarrako Kultur Etxean, eta Jose Luis Azkue Eusko Jaurlaritzako Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariak gidatuko du saioa, 'Euskadiko industria eta enplegua mundu konplexu batean' izenburupean.

Hitzaldirako gai honen hautaketak zerikusi zuzena duela dio Ibarrako EAJk industria eta kalitatezko enpleguari ematen dion garrantziarekin, ongizatearen eta gizarte-kohesioaren ikuspegitik. «Hitzordua ezin hobea izango da Eusko Jaurlaritzak gai honetan duen estrategia ezagutzeko, eta nazioarteko testuinguru hain nahasian, ziurgabean eta ezin iragarriagoaren arrisku eta aukerak baloratzeko», adierazi dute.

Ekimen honek, EAJk Tolosaldean garatu nahi duen gertaera tematiko eta sektorialen programa inauguratuko du. Hala, beste proposamen batzuk ere jarraituko diote Berastegin, Berrobin edota Ikaztegietan, besteak beste.

EAJk ekimen hauekin helburu bikoitza du; batetik, gizarteari interes eta gaurkotasuneko gaiei buruzko informazio zuzena hurbiltzea; eta bestetik, herritarren elkarrizketa, entzuketa eta parte-hartzea sustatzeko baldintzak sortzea.

EAJren eredua «politika publikoen bultzadan» izan dela eta hori etengabeko hobekuntza dela diote. «Eredu honek ez konformatzea dakar lortutakoarekin, eta erronka edo arazo berri bakoitzaren aurrean konponbide eraikitzaileak eta bideragarriak bilatzea. Eredu honek EAJk gidatu du Trantsiziotik euskal erakunde guztietan, Euskadi Europan eta munduan abangoardiako posiziora eramanez», gaineratu dute.

Eredu honen barruan, herritarrekiko elkarrizketa eta entzuketa funtsezkoa dute, eta era berean, agente sozial mota guztiekin adostasuna bilatzea ere. «Egonkortasuna eta Auzolana gure industria eta enpleguaren aurrerabiderako funtsezko faktoreak dira. Konbikzio-esparru honetan planteatzen da ekitaldi honen antolaketa», esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!