Maiatza jardueraz beteta abiatuko dute ibartarrek. Izan ere, Ibarrako Gazte Asanbladak, bigarren aldiz, Kultur Astea antolatu du. Maiatzaren 7an abiatuko dute Escalerillas Etxepe bat borrokan, un vencidario en lucha dokumentalaren proiekzioarekin, 19:00etan, Gaztetxean. Horren ostean, 20:00etan, pintxo potea egingo dute.
Maiatzaren 8an, talo ikastaroa egingo dute, 17:30etan, plazan. Gainerako herritarrek bertan ekoitzitako taloak erosteko aukera izango dituzte. Iluntzean, The Hastelens taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da, 23:00etan, Gaztetxean.
Maiatzaren 9an, azoka eguna izango dute. Herriko plazan bilduko dira inguruko artisau eta ekoizleak, eta guztira, denetariko 19 postu egongo dira. Iluntzean, bertso afaria egingo dute, 21:30etan, plazan. Bertan izango dira Andoni Rekondo, Mikel Iturrioz, Danel Etxeberria, June Aiestaran eta Janire Arrizabalaga bertsolariak. Bertso afarirako tiketak Atari edo Zubiaurre tabernetan izango dira salgai eta maiatzaren 4a baino lehen erosi beharko dira, landunak 15 eurotan eta langabeak 12 eurotan. Egunarekin amaitzeko, karaokea eta DJ Mondongo izango dira Gaztetxean.
Amaitzeko, maiatzaren 10ean, H.ondora taldearen kontzertua izango da ikusgai, 18:30etan, Gaztetxean.