San Bartolome jaietako esku-programaren azala eta kartela aurkezteko epea zabaldu dute

Ataria 2026ko apirilaren 13a

Parte hartzaileek ekainaren 12a baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak, Ibarrako kultur etxean.

Ibarrako Udalak 2026ko Ibarrako jaietako esku-programaren azala eta kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du. 16 urtetik gorako edonork aurkeztu ahal izango ditu lanak, gehienez bi. Ibarrako jaiak 2026 testua izan beharko dute lan guztiek, ondo nabarmenduta. Horrez gain, Ibarrako jaiekin zerikusia duen ezaugarriren bat edota irudiren bat jaso eta adierazi beharko da. «Generoaren irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinez», adierazi dute antolatzaileek.

Tamainari dagokionez, esku-programaren azalak 21x21 zentimetroko neurria izango du. Diseinua neurri horietan edo neurri horien proportzioan aurkeztu beharko da. Kolorea eta teknika aukerakoa izango da. Aukeratutako teknika edozein delarik ere, diseinua paperean edo euskarri gogor batean aurkeztu beharko da aurrez aipatutako tamainan edo horien proportzioan. Formatu digitalean ere aurkeztu beharko da (JPG formatuan eta gutxienez 300 ppp-ko erresoluzioa izan beharko du).

Aurkezten diren lanak originalak eta beste inon aurkeztu gabeak izan behar dute. Ekainaren 12ko 13:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira, Ibarrako kultur etxean. Aurkezten den lanarekin batera, eta kartazal itxi baten barnean, egilearen datuak sartu beharko dira (izen-abizenak, helbidea, NAN zenbakia, adina eta telefonoa). Kartazalaren kanpoaldean eta aurkezten den lanaren atzealdean goitizena idatzi beharko da.

Epaimahaia hiru lagunek osatuko dute eta horien erabakia apelaezina izango da. Irabazleak, jaietako esku-programaren azaleko irudiaren egilea izateaz gain, 300 euroko saria jasoko du. Saririk irabazten ez duten lan originalak aurkeztu ziren lekuan bertan jaso ahal izango dira uztailaren 13tik 17ra bitartean, 9:30etatik 13:30era. Epe horretan jasotzen ez direnekin udalak erabakiko du zer egin.

Saritutako lana udalaren jabetzapean geratuko da eta nahi hainbat erreprodukzio egiteko eskubidea izango du. Erreprodukzio horiek egoki deritzon publizitate lanetan erabiltzeko ahalmena izango du Udalak eta kasu horietan autoreek ez dute inolako erreklamaziorik egiteko eskubiderik izango, eta jadanik eskuratutako sariaren zenbatekoaz gain beste diru-kopururik ere ezingo dute jaso. Udalak ez du bere gain hartuko lehiaketara aurkeztutako lanei gerta dakiekeen edonolako kalteren erantzukizuna.

Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek erabat onartzea dakar berarekin. Oinarrietatik eratortzen diren zalantza eta desadostasunetan Ibarrako Udalak interpretatzeko ahalmena izango du. Kultura Batzordea izango da lehiaketa honetan sor daitezkeen zalantza eta desadostasunak ebatziko dituen organo eskuduna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!