Segurako Xirikara antzerki taldeak emanaldia eskainiko du ostiralean, Ibarran

Ataria 2026ko apirilaren 13a

Euskara, umorea eta hitanoa ardatz dituen obra izango da, eta Ibarrako Udalak antolatu du hitzordua, 19:30ean, Ibarrako kultur etxean. Doakoa izango da.

Hitanoa bultzatzeko jaio zen Zopa antzezlana Segurako Xirikara umorezko antzerki talde amateurraren eskutik. Antzezlan honen arrakastarekin jarraituz, Ama, begira zazu antzezlana oroitu eta omendu nahi dute eta herriz herri bistaratu.

Hain justu, duela 30 urte estreinatu zuten antzezlanaren bertsio bat eskainiko du antzerki taldeak. Idoia Uranga zuzendariaren gidaritzapean izango dira oholtza gainean Aiora Juantorena, Aimar Balerdi, Arantxi Barandiaran, Koldo Alustiza, Ekiñe Izagirre, Maider Hernandez, Luli Telleria eta Olatz Etxeberria aktoreak.

Guztira sei sketch-ez osatutako ikuskizuna izango da. Jatetxe bateko langileen kontuak, moja eta gotzainaren arteko hika-mikak, harri altxatzaile baten ezinezko entrenamendua, neska zahar parearen etxean atea jotzen duen Jehovaren lekuko baten bisita, Torremolinosen uda pasan dagoen bikotearen ibilerak, eta azkenik, Euskal Telebistako kazetari bati kaleko inkesta bat egin nahian gertatzen zaizkionak. Umorea izango du ardatz obrak eta hitanoa plazaratuko dute beste behin ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!