ELKARRIZKETA

«Niretzat dena izan da akordeoia; ogibidea eman dit eta disfrutatzeko aukera»

Jon Miranda Labaien 2026ko martxoaren 27a

Xabi Zubeldia Ugartemendia musikaria. J.M.

Bihar Hernialden emango dute Akelarre: marearen kontra dokumentala. Pelikularen ondorengo solasaldian parte hartuko du 2000tik 2005era taldekide izandako Xabi Zubeldia Ugartemendiak.

Xabi Zubeldia Ugartemendiaren (Ibarra, 1974) musika ibilbidea ez da Akelarre taldera mugatu, nahiz eta mugarri garrantzitsua izan zen beretzat Euskal Herriko plaza talde ezagunenetako batean aritzea. Akordeoi jotzailetzat du bere burua eta bizitzaren parte handi bat soinu handiari zor diola dio.

Noiz hasi zinen musika ikasten?

Sei urterekin, oso gazterik, eta gurasoek bultzatuta. Iñaki Olazabalekin hasi nintzen eskusoinua jotzen eta pare bat urte egingo nituen harekin, soldaduskara joan behar izan zuen arte. Zortzi bat urterekin Isidro Larrañagarekin hasi nintzen, eta haren aldamenean egin nuen akordeoiarekin ibilbide osoa.

Zuk aukeratu zenuen eskusoinua?

Esango nuke gurasoek aukeratu zutela. Gainera, etxetik ere badatorkit. Aitona zena, soinu jotzaile ibiltzen zen erromeriatan. Badut 1933ko bere argazki bat txantxoekin batera agertzen dena eskusoinua joz. Aita ere oso zalea dut, eta modu batera jarraitu dut nire aurrekoen saga [barrez].

Zein harreman duzu akordeoiarekin?

Niretzat dena izan da akordeoia; ogibidea eman dit eta disfrutatzeko aukera. Eskusoinuari esker tokiak ezagutu ditut eta jende oso jatorra ere bai. Asko ikasi dut instrumentu honi esker. Nik beti esan izan dut soinu jotzailea naizela.

Zer du bada instrumentu horrek?

Melodia jo dezakezu, base erritmikoa eman diezaiokezu kantuari, baita base harmonikoa ere. Oso instrumentu konpletoa da. Gainera, hauspoak ematen duen sentsibilitate hori, piano batekin adibidez, oso zaila da lortzen. Adierazkortasun handiko instrumentua da, oso-oso berezia niretzat.

Lorpen handiak ere izan dituzu soinu jotzaile bezala.

Hamabost bat urterekin Europako Grand Prix txapelketa irabazi nuen. Emaitza ederra izan zen, asko ikasi nuen, baina gogor lan egin ondoren. Uda guztia pasatu nuen egunean zortzi orduz akordeoia jotzen; goizean lau ordu ematen nituen akademian Isidrorekin, eta arratsaldean beste hainbeste ematen nituen etxean, nire lagunak igerilekuan edo parrandan zebiltzan bitartean.

Soinu jotzaile bezala bai, baina gerora maiz ikusi izan zaitugu teklatuan. Nondik nora aldaketa?

Txapelketen dinamika horrekin ez dut esango erreta bukatu nuenik, baina nekatuta bai. Gainera, lehiaketa haietan aurkezten genituen obrak ez ninduten hainbeste betetzen. Argi nuen, bestalde, talde batean jo nahi nuela, eta horretarako, piano edo teklatu batekin aukera gehiago izango nuela. Honenbestez, hamasei bat urterekin Jexux Mari Esnaola lizartzarrarekin hasi nintzen pianoa ikasten. Oso irakasle ona izan zen niretzat eta asko lagundu zidan.

Marruma izan zen zure lehenengo taldea.

Bai. Joxe Mendizabalekin genbiltzan harmoniako klaseetan eta hark beti xaxatzen gintuen talde bat sortu genezan. Klasean ibiltzen ginenetatik hiru animatu ginen, eta gutako baten ezagun batekin batera, lau lagun hasi ginen Marruman: Mikel Atxega baxuan, Koldo Sainz gitarrarekin eta Mikel Larrarte baterian. Guretzat dena berria zen. Asko entseatzen genuen, orduak ematen genituen Gorriti plazako lokalean. Oroitzapen oso ona daukat eta talde garrantzitsua izan zen niretzat. Zer esanik ez Martxaundi I disko hartan parte hartzea: mugimendu handia sortu zen, ezerezetik talde asko sortu ziren eta harreman handia izan genuen elkarrekin. Zerbait berezia sortu zen.

Zenbat denbora eman zenuen Marruman?

Lau bat urte edo eman nituen. Neure burua oso akordeoilari sentitzen dut, eta taldean instrumentuak ez zuen lekurik. Pena handiz baina Marruma utzi nuen; oraindik ere harreman oso ona daukat taldekide izan nituenekin. Nik beste bide bat hautatu nuen, eta plaza taldeetara bideratu nuen nire musika ibilbidea.

Zergatik plaza taldeak?

Soinu jotzailetzat ikusten nuen neure burua, eta ikusten nuen plaza taldeetan gustuko nuen musika jo nezakeela akordeoiarekin: euskal abestiak, dantzak, fandangoak, arin-arinak, mutxikoak, Lantzeko inauteria... Errepertorio horrekin eroso ikusten nuen neure burua. Abaniko zabala nuen eskura, nekien hura ondo jotzeko eta jendeari eskaintzeko. Horrelaxe hasi nintzen Basajaun taldean. 19 urte besterik ez nituen, eta herriz herri ibiltzen hasi nintzen; dena zen deskubrimendua niretzat. Ederki pasa nuen.

«Soinu jotzailetzat ikusten nuen neure burua, eta ikusten nuen plaza taldeetan gustuko nuen musika jo nezakeela akordeoiarekin»

Zenbat denbora eman zenuen Basajaunen?

Beste hiruzpalau urte egin nituen haiekin eta segidan deitu zidaten Zirika taldetik. Lan mordoa egiten genuen, eta batez ere, ezkontzak egiten genituen. Olatz Kortarekin ere ibiltzen nintzen jatetxe batean asteburuetan kontzertuak ematen, Mikel Garikoitzekin ere grabatu nituen bi disko... Plazetan bazen beste mugimendu bat eta emanaldi asko egin genituen.

Plaza irakasbide handia al da musikari batentzat?

Bai, baina behin ere ez zaio ikasteari uzten. Bolada horretan bertan, Zirikan nenbilela, tarte bat hartu nuen neure burua gehiago prestatzeko. Musikalki beste pauso bat eman nahi nuen, sonoritate aldetik. Donostiako Jazzle musika eskolan eman nuen izena, eta musika bizitzeko eta jotzeko beste era bat zabaldu zitzaidan han. Jazza, bluesa eta beste soinu batzuk ikasi nituen. Patri Goialde eduki nuen irakasle harmonia modernoan, eta asko ikasi nuen. Sonoritate berri horiek nire estilora ekartzen saiatu nintzen.

«Donostiako Jazzle musika eskolan eman nuen izena, eta musika bizitzeko eta jotzeko beste era bat zabaldu zitzaidan han»

Horregatik hots egin zizuten Akelarren hasteko?

Orduan ni Egin kantu! ETBko programan nenbilen, Joxe Mendizabalekin batera. Juanma Labandibarrek Akelarreko aurreko teklatu jotzaileak taldea uzteko asmoa zuela esan zuenean jarri ziren nirekin harremanetan. Ordurako taldean zebiltzan Xanet Arozena eta Iker Gartzia ezagutzen nituen; Xanet beste proiektuetatik, eta Iker, berriz, Basajaunetik, han argi teknikari aritu baitzen. 2000ko otsaila aldera deitu zidaten, eta proba bat egin zidaten. Akelarreko kantak ezagutzen nituenez, ez zitzaidan zaila egin. Gustatu zitzaien eta handik gutxira esan zidaten barruan nengoela.

Zuk aurretik ezagutzen zenuen Akelarre?

Bai, noski. 1983an, Ibarrako festetan ikusi nuen lehenengo aldiz, uholdeak izan zireneko gau hartan. Gurasoekin joan nintzen plazara eta burrunba harekin inpresionatuta geratu nintzen. Oso ondo jotzen zutela iruditu zitzaidan eta errepertorio oso aberatsa zutela. Zeinek esango luke handik urte batzuetara ni neroni egongo nintzenik oholtza hartan. Horregatik Akelarren nengoela esan zidatenean, poz izugarria sentitu nuen, baina beldurra ere bai.

«Akelarre ez zen edozein talde; urte askotako ibilbidea zuen eta erantzukizun handia zen haiekin aritzea»

Beldurra zergatik?

Arduragatik. Akelarre ez zen edozein talde; urte askotako ibilbidea zuen eta erantzukizun handia zen haiekin aritzea. Aurreko teklistek ere lan izugarria egina zuten. «Gai izango ote naiz?» galdetzen nion neure buruari. Taldekideen laguntzaz eta ni ere asko saiatuz, erronka aurrera atera nuen.

Zu taldean sartu zinenerako jaitsita al zegoen plaza taldeen martxa?

Gainbehera bazetorren. Guk plaza taldeen azkeneko urteak ezagutu genituen, nolabait.

Hala ere, ibili ibiltzen zineten batetik bestera.

Bai, eta askotan amorrua ematen dit esaten digutenean gurea firin-faran, festarik festa ibiltzea zela. Gu etxetik 16:00ak aldera atera, eta jo behar genuen herrira joaten ginen: gertu bazegoen ondo, baina bestela izan genezakeen aurretik pare bat orduko bidaia. Muntaia, lauzpabost ordutan egiten genuen: agertokia handia edo txikia izan, guk muntatzen genuen, guk eskailera hartuta argiak zintzilikatzen genituen egituran. Emanaldiak ere ez ziren motzak: gutxienez lau ordu ematen genituen jotzen, Iparraldean oraindik ere luzeagoak izaten ziren. Gero jaso egin behar izaten genuen: ordu eta erdian biltzen genuen guztia. Azkenerako, askotan, goizeko 08:00ak edo 09:00ak ziren bueltan etxera iristerako.

«Hogei egunez segidan jo izan genuen gure garaian. Txikituta bukatzen genuen, baina, hala ere, ez daukat oroitzapen txarrik»

Eta hurrengo egunean berriz?

Bai. Hogei egunez segidan jo izan genuen gure garaian. Txikituta bukatzen genuen, baina, hala ere, ez daukat oroitzapen txarrik. Nekea sentitzen genuen, baina hain gustuko genuen lana, eramangarri egiten zitzaigula. Taldekideok ordu asko ematen genituen elkarrekin, entseguetan eta emanaldietan, eta familia moduko bat osatzen genuen. Eskerrak horri, taldekideen arteko harreman ona derrigorra da horrelako martxa bizia eramateko.

Bazenituzten plaza finkoak?

Bai. Bizkaiko Ispaster, Fruiz eta Gatika, adibidez; Gipuzkoako Aia, Donostiako Loiola auzoa eta Ibarra. Plazak elkarrengandik ezberdinak ziren. Bizkai aldean, Arratialdean, esate baterako, euskal dantzak asko dantzatzen zituzten. Hemen Gipuzkoan Ibarra edo Amezketako plazak oso exijenteak ziren; euren agendatan nahi izaten zituzten plaza taldeek herri horietako plazak. Herri txikietan estimu handia zioten Akelarreri: gure zain zeudela sentitzen genuen, ondo zaintzen gintuztela sentitzen genuen. Festa batzordeetan ahalegin handia egiten zuten gu hara jotzera joan gintezen. Plaza horietan aritzea garrantzitsua izaten zen, Donostiako Aste Nagusian aritzea baino garrantzitsuagoa.

Zein zen Akelarren zenuten publikoaren profila?

Askotarikoa. Guk oholtza gainetik ikusten genuen jendeak bazekizkiela kantuak eta jarraitzaile oso fidelak geneuzkala. Asko gure atzetik etortzen ziren, herriz herri. Badago Loko deitzen diogun lagun bat, Akelarrezale itsu-itsua dena. Orioko Boga-Boga jatetxea eduki zuen, eta urtero eramaten zuen taldea hara. Bere ezkontzan ere jo zuen Akelarrek, eta bere bizitzako oparirik handienetakoa izan zela esan izan du. Gaur egun ere, autoa gure akerrarekin errotulatuta dauka.

Oraindik ere diskoen salmentak eusten zioten garaia zen. Zu taldean sartu, eta berehala ‘Gorria’ diskoa kaleratu zenuten.

Esperientzia polita izan zen. Aukera izan nuen nik sortutako kantu bat sartzeko diskoan: Lumaia. Jexuxmai Lopetegiren Noizbehinka estudioan grabatu genuen. Ez zen nire lehen diskoa izan, baina ekoizpenean zuzenean parte hartu nuen, eta gauza asko zaindu behar izan genituen. Oraindik ere saltzen ziren diskoak, baina hasita zeuden bestelako plataformak. Jendeak gutxiago kontsumitzen zuen.

Zuek ibiltzen zineten garaian, zein beste plaza talde ibiltzen zen?

Gure garaian, beste plaza talde batzuk utzita zeukaten. Minxoriak dagoeneko ez zebilen, eta Egan, berriz, bananduta zegoen. Izotz, Laiotz, Drindots eta beste talde batzuk bazebiltzan gure garaian. Joselu Anayak Araba eta Nafarroa aldean ibiltzen ziren. Gainera, gu taldean ibili ginen garai hartan trikiti taldeen boom hori gertatu zen: Tapia eta Leturia, Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider eta horiek guztiak etorri ziren eta estilo aldaketa gertatu zen. Pentsatzekoa da, haiek denak agertzeak terreno puska bat kenduko zigula. Baina ez genuen elkarren arteko lehiarik sentitzen.

Ezta Eganen eta Akelarren artean ere?

Agian zertxobait egon zitekeen, baina izatekotan gu baino lehenagoko belaunaldikoen kontua zen. Gu oso ondo moldatu ginen beste taldekoekin. Xanet, adibidez, Akelarren hasi aurretik Eganen egon zen.

«Planteatu genion geure buruari estiloa aldatzea, baina ikusi genuen kontzesio gehiegitxo egitea zela»

Nekeak eragin zuen taldea desegitea?

Argi dago lana jaitsi egin zela. Muntaia handia zen geuk eramaten genuena. Ikaragarrizko kamioia geneukan, argiteria eta soinua puntu-puntuan eduki behar izaten zen, eta gastu finko asko geneuzkan. Taldeko bost musikariak ginen taldearen jabe —kooperatiba modura funtzionatzen genuen—, eta jornala ordaintzen genien bi teknikariei. Lana jaisten ari zela ikusita, planteatu genion geure buruari estiloa aldatzea, baina ikusi genuen kontzesio gehiegitxo egitea zela. Akelarrek ordurako ibilbide bat egina zuen eta ibilbide horretatik urruntzeko arriskua ikusten genuen. Ez geunden horrelako aldaketa bat egiteko prest. Naturaltasun osoz erabaki genuen uztea.

Traumatikoa izan zen bukaera?

Ez, giro oso ona genuen elkarrekin, eta guztion artean adostu genuen. Pena bai, sentitu nuen. Elkarrekin lortu genuen konplizitate hori, lagunartea galtzeak eragiten zidan tristezia. Eguneroko harreman hori izateari utzi genion, baina oraindik ere oso ondo moldatzen gara elkarrekin, lagun onak gara.

2005eko urtarrilaren 21ean azkeneko kontzertua, baina gerora itzuli izan zarete. 

Bai, taldea utzi genuenetik, urtero bazkari bat egiten dugu elkarrekin. 2009an bazkari hartan biratxo bat egiteko aukera komentatu genuen. Gogotsu geunden, animatu eta sei bat emanaldi egin genituen. Handik urte batzuetara, 2017-2018 urteetan berriro itzuli ginen, baina beste planteamendu batekin, ez hain modu inprobisatuan. Guk aukeratu genuen non jo, plaza esanguratsuak aukeratu genituen —Gatikan, Fruizen, Aian, Oialumen–. Hor zerbait berezia bizi izan genuen; gure artean pentsatzen genuen betiko jendea etorriko zela gu ikustera. Taldea utzi genuenean sare sozialik ez zegoen apenas, baina 2017 inguru horretan bestela funtzionatzen zuen kontuak. Sarrerak Interneten salgai jarri eta bat-batean dena kolapsatu egiten zen, salmenta puntuetan ilarak sortu ziren... Beste dimentsio bat hartu zuen kontuak, eta espero ez genuen oihartzuna izan zuen gure itzulera hark.

Zuek izan zineten gerora etorri den joera abiatu zenutenak?

Modu batera bai. Gerora talde askok jarraitu dute bide hori. Norbera libre da nahi duena egiteko. Iruditzen zait, ordea, gaur egun jendea makro-kontzertuetara begira dagoela. Badirudi horiek gehiago saltzen dutela, kontzertu txikiek baino. Konbentzituta nago Akelarrek BECen kontzertu bat emango balu orain, bete egingo litzatekeela. Ez ote garen ari mikro-kontzertu horiek ahazten, taberna eta gaztetxeetan egiten diren horiek. Oso toki gutxi daude jotzeko, eta toki horietan jotzeko baldintzak ere oso kaskarrak dira musikarientzat.

«Gaur egungo gazteak oso prestatuak daude, musikalki maila ikaragarria dute»

Marruma taldean hasi zinen zu. Gaur egun talde batean hasi nahi duten gazteek, zuek izan zenutena baino errazago edo zailago dute?

Ez dakit esaten. Argi daukadana da gaur egungo gazteak oso prestatuak daudela. Musikalki maila ikaragarria dute. Lehen bazirudien Euskal Herrian trikitia edo rock erradikala besterik ez zeudela. Orain estilo askotako taldeak daude euskaraz. Hori oso garrantzitsua da euskararentzat berarentzat, eta pena ematen dit gazte hauek inoiz baino maila altuago eduki, eta geroz eta toki gutxiago edukitzea jotzeko.

Zubimusu ikastolan ia 20 urte daramazu musika irakasle. Gazteek badute kultura musikala?

Bai. Ikusten dut gaur egungo musika asko entzuten dutela. Zetak, adibidez, asko gustatzen zaie, baita Bulego edo ETS ere. Go!azen bezalako programek, nire ustez, asko lagundu dute. Euskal kantu klasiko asko moldatu dituzte, eta horietatik asko ikasi dute ume hauek. Agian ez dute jakingo originala zein den, baina nire lana da irakasle bezala jatorrizko bertsioa erakustea. Horrelako programek ekarpen handia egin dute.

Horretan egiten duzu ahalegina irakasle lanetan?

Bai. Garrantzitsua da gazteek ezagutza hori edukitzea. Zentzu horretan, Ikastolen Elkartearentzat, Eki programaren barruan, ikasmateriala prestatzen ere jardun dut azkenaldian. Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik seigarren mailara arteko gazteentzako liburuak prestatu ditugu eta aurten atera dira.

 

«Esango nuke plaza taldeen panorama ez dela txarra. Nik garai batean esango nukeena baina hobeto ikusten dut egoera, egia esan»

Gazteek badute plaza taldeen erreferentziarik?

Nire semeak Olgetan plaza taldean jotzen du. Erromeri tradizionala egiten dute, eta tarteka ikusi izan ditut, eta gustatu zait egiten dutena. Jende gazteak euskal dantzak gogotsu dantzatzen ditu —soka dantzak, betiko kalejirak, fandangoak, arin-arinak—. Eta horiekin batera, errepertorio berri bat ere osatu dute: Ken Zazpitik hasi eta Zetak, Bulego, ETS eta horien kantuak moldatu dituzte plazarako. Esango nuke panorama ez dela txarra. Nik garai batean esango nukeena baina hobeto ikusten dut, egia esan.

Zein uste duzu izan zela Akelarrek 33 urteko ibilbidean egin zuen ekarpena?

Gurea bezalako taldeek utzi dituzte ia klasiko bihurtu diren kantu batzuk: Kantuz, Eperrak, 1, 2, 3, 4 ispilu... Atzetik datozenek kantu horiei heldu nahi badiete, gu pozik. Akelarre sortu zenean, 1972an, oraindik ere euskara zigortuta zegoen eta kanpoko hainbat talderen kantuak euskaratzen hasi ziren. Lan handia egin zuten norabide horretan. Eagles taldearen Hotel California da horietako bat. Kantu haiek bultzada handi bat eman zioten taldeari, ez baitzen gaur egun bezain erraza abesti horietara iristea. Hemengo plaza taldeek irisgarri bihurtu zituzten. Balio erantsi bat izan zen hori.

«Dokumentala ikusi, eta solasalditxo bat egiten dugu taldekide batek edo pare batek. Oso gustura egoten gara»

Neurri batean ‘Akelarre: marearen kontra’ dokumentalak jasotzen al du ekarpen hori?

Bai, hori da asmoa. Bagenuen material bat jasota, eta 2017-2018 bira hori bukatu genuenean, disko-liburu bat egiteko ideia pasatu zitzaigun burutik. Gero pandemia etorri zen, eta albo batera utzi genuen ideia. Hala ere, ez genuen argi ikusten zein forma eman asmoari. Horretan geundela, Iker Gartzia gure argi teknikariak bota zuen dokumentalaren ideia. Aurrera egin genuen, ekoiztetxearekin harremanetan jarri, eta haiek arduratu dira guztiaz. Haien esku jarri dugu materiala —argazkiak, bideoak eta kantuak—. Guk jarraitzaileen ikuspegia jaso nahi genuen, baina baita partaide izan ginenon begirada ere. Kontatu nahi genuen guk nola bizi izan genuen. Uste dut hunkigarria eta polita geratu dela.

Herriz herri ari zarete dokumentala erakusten. Gustura harrerarekin?

Urriaren 19an Lekeitioko Euskal Zine Bileran aurkeztu genuen, eta gerora, herriz herri gabiltza. Dokumentala ikusi, eta solasalditxo bat egiten dugu taldekide batek edo pare batek. Oso gustura egoten gara. Ibarran, Tolosan, Villabonan eta Berrobin eman dugu. Bihar Hernialden jarriko dugu pelikula, eta apirilean Zizurkilen.

Akelarren ibilitako musikaritzat ezagutzen zaitu jendeak hemen inguruan. Inoiz zama izan al da hori zuretzat?

Zama behin ere ez; alderantziz, poz izugarria da niretzat Akelarrerekin lotzen banaute. Niretzat oso talde garrantzitsua izan da, batez ere, euskal kulturaren alde egin duen guztiagatik. Ni horren parte izateak eta jendeak hala ikusteak, harrotasuna ematen dit. Harrotasun handia. Nire musika ibilbideko unerik garrantzitsuena izan da Akelarrekoa, dudarik gabe. Ohore bat izan zen jende horrekin aritzea; taldetik pasatu diren guztiak ez dira edonor euskal musikaren panoraman.

Zein beste proiektutan zabiltza gaur egun?

Akelarre utzi eta gero 4nek izeneko taldea sortu genuen. Akelarreko Juanpa eta Joseba San Sebastian, eta Imanol Goikoetxea ere batu ziren proiektura. Talde ederra geratu zitzaigun baina azkenean ez zen guk nahi bezala atera. Pena handiz baina 4nek desegin genuen. Gaur egun Haitza taldean nabil, Xanetekin eta Juanparekin; gure kantuak eta rock estiloko piezak egiten ditugu. Gehiago gaude gozatzeko jotzeko baino, astean behin entseatu eta ondo pasatzeko.

Askotan jotzen dute zuregana ingurukoek musikan laguntzeko edo kantuak sortzeko?

Bai. Ezetz esatea ere asko kostatzen zait, eta normalean baietz esaten dut. Ez dut sakrifiziotzat hartzen, beti jende ezaguna eta jatorra izaten baita niregana etortzen dena. Ikastolakoak adibidez: Zubimusuren 50. urteurrenerako kantua sortu nuen, eta urte batzuk beranduago, Kilometroetako kantua. Orain, Alurrek maiatzean egin asmo duen emanaldian laguntzen ari natzaie.

Eta hilean behin, Tolosa Kantarin.

Hori da. Ikaragarri disfrutatzen dut. Euskal errepertorioa jotzen hiru akordeoilari ibiltzen gara. eta harreman polita dugu elkarrekin. Jendearen erantzuna ikusi eta estimu hori daukagula jakinda, oso gustura egiten dudan gauza bat da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!