Brontzezko domina lortu du Ioseba Mateosek Espainiako Txapelketan

Ataria 2026ko martxoaren 22a

Ioseba Mateos Mateos ibartarrak Espainiako Igeriketa Masterreko Fondo ‘Open’ IX. Txapelketan parte hartu zuen. Lehiaketa martxoaren 6etik 8ra bitartean jokatu zen, Las Palmas de Gran Kanariako José Feo igerilekuan.

Txapelketa Club Natacion Metropolek, Espainiako Igeriketa Federazioak (RFEN) eta Kirol Kontseilu Nagusiak antolatu zuten, eta guztira 98 klubetako 383 igerilarik hartu zuten parte.

Mateosek 3.000 metroko proban (+40 master maila) hirugarren postua lortu zuen, eta brontzezko domina eskuratu. Ariel Hernandez izan zen irabazlea (38.45,37), Andres Martin bigarrena (40.20,03) eta Mateosek 41.38,47ko denbora lortu zuen. Horrez gain, 1.500 metroko proban (+40 master maila) seigarren postuan sailkatu zen ibartarra, 20.13,61ko denborarekin.

2014an igeriketara itzuli zenetik, batez ere ur irekietako zeharkaldietan aritu da Mateos, eta igerilekuko lehiaketa iraganeko kontutzat izan du. Txapelketa horretan, azken momentuan izena eman zuen, hilabete inguruko prestaketarekin, neguan motibazioa mantentzeko eta lehiatzeko aukera izateko. «Ez nuen halako emaitzarik espero eta oso pozik nago lortutakoarekin. Etorkizunean ez dut baztertzen master mailako igerilekuko lehiaketetan berriro parte hartzea, esperientzia oso polita izan baita», azaldu du igerilari ibartarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!