Beste zilarrezko domina bat Ibarrakoentzat

Ataria 2026ko martxoaren 16a

Munduko Sokatira Txapelketan nazioen arteko lehian bigarren postua lortu du Euskal Herriak 540 kiloko mailan.

Herenegungo zilarraren ondoren, atzo ere kolore bereko domina lortu zuten Ibarra Sokatira Taldekoek: Euskal Herria ordezkatuz, 540 kilo mailan. Azken jardunaldian izan zen atzokoa, eta guztira lehian zazpi talde aritu ziren: Euskal Herria, Txina Taipei, Japonia, Korea, Thailandia, Vietnam eta Ukrainia. Sailkapen fasean bigarrenak geratu ziren ibartarrak, eta finalerdia hirugarren geratu zen Ukrainiaren kontra jokatu zuten. Finalerdia irabazita, finala Txina Taipeiren aurka jokatu zuten. Finalean herenegungo gidoiaren antzekoa gertatu zen, ezin izan zutela irabazi Txina Taipeiren aurka. «Saiatu gara borrokatzen, eusten, baina koska bat gorago daude», esan dute ibartarrek.

23 urtez azpiko mailan, gizonezkoak zein emakumezkoak aritu ziren. Emakumezkoetan bi partaide bakarrik aritu ziren, eta Euskal Herriak Txina Taipeiren aurka galdu egin zuen, bigarren geratuz. Bertan parte hartu zuten Ibarra Sokatira Taldeko Naroa Flores eta Saioa Iriarte kideek. Gizonezkoetan Abadiñok bigarren egin zuen Euskal Herria ordezkatuz. Txapelketa mistoan Euskal Herriak ere bigarren egin zuen. Azken bi talde horietan ez zen Ibarra taldeko inor aritu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!