Ibarrak zilarrezko domina lortu du Euskal Herria ordezkatuz

Ataria 2026ko martxoaren 14a

Munduko Sokatira Txapelketa dago jokoan Taipein, eta Ibarra Sokatira Taldekoek nazioen arteko lehian bigarren postua lortu dute 500 kiloko mailan.

Beste domina bat eskuratu du Ibarra Sokatira Taldeak Munduko Txapelketan. Atzokoa kluben arteko txapelketan brontzezkoa bazen, gaurkoan zilarrezkoa izan da nazioen txapelketan Euskal Herria ordezkatuz. 500 kiloko mailan lortu dute bigarren postua. Sei taldek hartu dute parte maila horretan: Euskal Herria, Txina Taipei, Korea, Thailandia, Japonia eta Vietnam.

Lehendabizi sailkapena izan da jokoan, eta ibartarrak bigarren geratu dira Txina Taipeiren atzetik, beste guztien aurkako tiraldiak irabazita. Ondoren, finalerdietan lau talde onenak sartu dira. Korearen aurka jokatu dute, horiek hirugarren bukatu baitute sailkapen fasea. Beste finalerdia Txina Taipei eta Thailandia artekoa izan da. Korearen kontra irabazita, finalean Txina Taipei izan dute aurkari. «Saiatu gara, borrokatu dugu, baina izugarrizko maila dute, eta gaur gaurkoz zaila da beraiei aurre egitea», azaldu dute.

Bestalde, Ibarra Sokatira Taldeko Lander Otermin Abadiño taldekoekin aritu da lehian Euskal Herria ordezkatuz 600 kilotan, eta hirugarren egin dute, azken neurketan Ingalaterrari irabazita. Lehen postuan Txina Taipei geratu da eta bigarrengoan Herbehereak.

Azkenik, Ibarra Sokatira Taldeko Naroa Floresek 23 urtez azpiko Euskal Herriko selekzioarekin parte hartu du txapelketa mistoan, eta hirugarren postuan geratu dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!