Guztira zortzi taldek parte hartu dute gaur Taipein (Taiwan) jokatu den Munduko Sokatira Txapelketan, emakumezkoen 540 kiloko mailan. Ibarrak hirugarren postua lortu du, eta brontzezko domina eskuratu du. Guztiek guztien kontra jokatu dute hasieran, eta hor bigarren egin dute. Finalerdietan lehenengoa eta laugarrena elkarren aurka neurtu dira, eta bigarrena hirugarrenaren aurka.
Finalera sailkatzeko neurketan Txina Taipeiko klub batean aurka jokatu dute. «Tiraldiak oso gogorrak izan dira, latzak, eta saiatu gara, baina bi tiraldiak galdu ditugu», esan dute ibartarrek. Hirugarren eta laugarren postua Txina Taipeiko beste klub baten aurka jokatu dute. «Beraiek oso indartsu hasi dira, eta gu eutsi eta eutsi. Beraiek ia tiraldia irabazita zutenean, gu hasi gara gure aldera ekartzen, eta haiek deskolokatzen hasi dira. Azkenean guk irabazi dugu».
Bigarren tiraldian, ibartarren taktika izan da oso indartsu hastea aurkariak deseroso egon eta beren postura ez hartzeko. «Hasi gara ekarri eta ekarri, baina ez genuen bukatzen. Gero beraiek hasi dira erasotzen, baina azkenean gure alde etorri da eta guk irabazi dugu. Pozik gaude, zoriontsu, eta beti ikasten eta hobetzen. Orokorrean gustura gaude, eta gozatu egin dugu».
Bihar nazioen txapelketa hasiko da, eta Ibarrak Euskal Herria ordezkatuko du. Bihar 500 kiloko mailan eta etzi 540 kiloko mailan lehiatuko dira. Bihar jakingo dute zehazki zein izango diren aurkariak.