Talde erdia bakarrik izango da Munduko Txapelketan

Imanol Garcia Landa 2026ko martxoaren 11

Hegaldiekin izan dituzten arazoengatik Ibarra Sokatira Taldekoek erabaki dute emakumezkoak bakarrik joatea. Bihar hasi eta igandera bitarte izango da lehia.

Munduko Sokatira Txapelketa izango da jokoan bihartik igandera bitarte Taiwango Taipei hiriburuan. Bertara Ibarra Sokatira Taldeko emakumezko sokatiralariak joango dira parte hartzera. Berez talde osoa joatea zen asmoa, eta horrela prestatuta zuten, baina hartuta zuten hegaldiak Abu Dhabin egiten zuen geldialdia, eta bertan behera geratu da, AEBk eta Israelek Iranen aurka egindako erasoen ondorioz sortutako egoerarengatik.

Aurreko astea oso mugitua izan da Ibarra taldekoentzat. «Hegaldi berriak hartu behar izan genituen aurreko astean, eta prezioak oso goian zeuden. Hainbesteko taldea batera mugitzeko ez genuen modurik, ezta ekonomikoki suposatzen zuenagatik ere. Taldeak ezin zuen bere gain hartu», esan du Ainara Otamendi taldekideak. Hori horrela, eta emakumezkoek klub bezala zein euskal selekzio bezala parte hartuko dutenez, horiek bakarrik joateko erabakia hartu behar izan dute. «Ez duzu berdin bizi, ez duzu ilusio bera... Egunak pasa ahala egoera onartzen joango gara, baina talde erdia ez doa, eta hori gogorra da», azaldu du Otamendik. Beste euskal talde batzuei ez die eragin egoerak, beste nonbait zutelako hegaldiaren geldialdia. «Horrela tokatu da, eta gauza gutxi egin daitezke, baina amorru handia eragin digu egia esan».

Emakumezkoen talde osoa doa, eta laguntzaile bezala beste bi kide doaz. Guztira hamaika emakumezko sokatiralari dira. Mutilek agian tiratzeko aukera izan dezakete, beste talderen batek eskatu duelako beraien parte hartzea. Klubetan zein euskal selekzio bezala parte hartuko du Ibarrak. Klubetan nahi duten taldeek parte hartzen dute, eta euskal selekzio modura Euskal Herriko Txapelketa irabazi dutenek. Emakumezkoetan Beti Gaztek irabazi zuen, baina ez dira joango Munduko Txapelketara, eta orduan, Ibarrak hartuko du beren lekua, bigarren izan baitzen bi pisuetan. Munduko Txapelketan bi kategoria daude emakumezkoetan, eta bietan parte hartuko dute, 540 eta 500 kilotan, bai kluben modalitatean eta baita selekzioetan ere.

Zaila da aurreikustea

Bihar eta etzi klubetako txapelketak jokatuko dira, lehenengo egunean pisu baxuena eta bigarrengoan altuena. Larunbatean eta igandean selekzioen artekoa izango da jokoan, eta hor ere lehenengo egunean pisu baxuena eta bigarrengoan altuena. Dominen lehian aritzeko aukera izango duten zehaztea oso zaila dela dio Otamendik: «Azken urteotako Munduko Txapelketak Europan jokatu dira, talde europar gehiago egon gara eta gure burua kokatzen genuen. Asiatik talde gutxiago etortzen ziren, eta horiekin borroka egongo zela bagenekien. Txapelketa Asian izanik, Europatik talde gutxiago goaz bertara, eta asiarrak gehiago izango dira». Txina kontinentala eta Txina Taipei hori izango dituzte aurkari, baina aspaldi beraien aurka egin gabeko Japongo eta Koreako taldeak bertan izango dira. «Pentsatzen dut klubei dagokienez, Taipeikoek talde gogorrak izango dituztela, eta ez da erraza izango, maila oso altua erakutsi dutelako. Baina ez dakigu beraien apustua klubei begira edo selekzio modura egingo duten». Emakumezkoetan aspaldiko parte hartze handiena izango da.

Selekzioen arteko txapelketari dagokionez, antzekoa gertatuko dela gaineratu du: «Aspaldi ikusi gabeko selekzioak izango dira: Japon, Korea, Mongolia, Vietnam... Eta ikusteko dago zer maila izango duten. Borrokatzea lortzen badugu, hor ibili gintezke». Taipeitarrei eta txinatarrei irabaztea azken urteotan oso zaila izaten ari dela dio, eta Euskal Herriak hirugarren postuan amaitu izan du. «Bestalde, polita da ikustea hainbeste talde izatea bertan. Ea zerekin egiten dugun topo».

Orain bi urteko Munduko Txapelketa Suedian jokatu zen, eta orduan Ibarra Sokatira Taldeak bigarren postua lortu zuen kluben arteko pisu baxuenean. Euskaldunen arteko finala izan zen, eta Beti Gazte izan zen irabazlea. Txina kontinentala izan zen hirugarren eta Txina Taipei geratu zen hirugarren. Bestalde, 540ko mailan hirugarren izan zen Ibarra.

Euskal Herriko Txapelketa

Ibarra Sokatira Taldeak bigarren postua lortu du emakumezkoen bi pisuetan Euskal Herriko Txapelketan. «Beti Gazte oso indartsu bat ikusi dut aurtengoan, edo gu beste urteetan indartsuago egon gara», esan du Otamendik. «Pisu handian hiru jardunaldi jokatu genituen, eta hor ibili ginen lehian, baina ikusten zen koska bat gorago zeudela. 500 kilotan finala jokatu zen, eta egun horretan bagenuen esperantza, baina, esan bezala, koska bat gorago egon dira aurtengoan, eta meritu osoz irabazi dute».

Gizonezkoetan 680 kiloko mailan egun batean jokatu zuten. «Pisuz oso behera ibili dira aurten, eta orduan pisu handienetan kili-kolo ibili dira». Beste pisuetan, 640 eta 600 kiloetan, pisuz behera ibili ziren, baina borrokan aritu ziren, eta 600 kiloetan finala jokatu zuten. Gero finalean bosgarren egin zuten. 560 kilotan egun bakarreko jardunaldia izan zuten, eta laugarren egin zuten. «Pisu txikiagoetan lehiakorragoak izan dira, beraz», zehaztu du Otamendik.

Aurtengoa urte berezia izan da herri kiroletan, eta sokatirari eragin dio. Euskal Herriko Federazioaren zuzendaritza kinka larrian ibili da, eta klubek hartu dute ardura txapelketak antolatzeko. «Pixka bat estraofiziala izan da, eta taldeak aritu gara antolakuntzan eta epaileak boluntario aritu dira», esan du Otamendik. «Taldeok txapelketak ofizial bezala hartu ditugu, eta baita irabazleak euskal selekzioa ordezkatzeko saria jasotzearena. Azkenean, emaitzetatik harago, parte hartu izanari bere balioa eman behar zaio».

Argazkiak: Potronko

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!