Babesleku klimatikoen sarea garatu du Ibarrako Udalak

Ataria 2026ko martxoaren 4a

Sarea herritarrei aurkezteko, ibilaldi gidatua antolatu du bihar, 11:00etatik 12:30etara, udaletxetik hasita.

Klima-aldaketaren ondorioak gero eta ageriagoak direla jakinarazi dute udaletik; «bero-boladak, muturreko tenperaturak eta lehorteak ohikoagoak bihurtu dira azken urteotan. Egoera horrek herritarren osasunean eta udalerrietako egunerokoan eragin zuzena duenez, beharrezkoa da egokitzapen neurriak hartzea eta babes eremu egokiak prestatzea».

Testuinguru horretan, udalak babesleku klimatikoen sarea landu du, udalerriko gune fresko eta egokiak identifikatuz —kanpoaldeko zein barnealdeko espazioak—, tenperatura altuen aurrean herritarrei babes eta atseden guneak eskaintzeko. Parkeak, berdeguneak, udal eraikinak eta bestelako ekipamendu publikoak sare horren parte izan daitezke, babesleku klimatiko izateko baldintzak betetzen badituzte.

Sarea herritarrei aurkezteko, ibilaldi gidatua antolatu du bihar, 11:00etatik 12:30etara, udaletxetik hasita. Ibilaldia bereziki Ibarra Martxan egitasmoan parte hartzen duten herritar adinekoei zuzendua dago, «bero-boladen aurrean zaurgarrienetako kolektiboa baita», baina interesa duen edonori irekia izango da.

Ibilaldi gidatuaren helburua da babesleku klimatikoen sarearen nondik-norakoak aurkeztea, eta bertan sartzen diren espazioen helburuak eta funtzionamendua bertatik bertara ezagutzera ematea. Halaber, ibilaldian parte hartzeko gonbita zabaldu du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!