ERREPORTAJEA

Zortzi urtez ondutako bikoa

Aitor Arroyo Askarai 2026ko martxoaren 6a

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai 'Eskailerapekoa'-aren promozio irudian. ATARIA

Eskailerapekoa izeneko ikuskizuna ondu dute Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena umoristek. «Ezkutuan dauden gaiak» lantzen dituzte oholtzan, eta bina bakarrizketa egiten dituzte txandaka. Ibarrako kultur etxean egingo dute, gaur, 19:30ean.

Garai batean «eskailerapekoa» eskatzen omen zen tabernatan eta ostatuetan, «ardo ona» eskatzeko. Hura ez zen ardo korrientea, eta baxoerdietarako erabiltzen zena ez bezala, eskailerapean egoten omen zen gordeta. Ardo ona ez ezik, gizarteak ere eskailerapean kontu asko ezkutatuta dituela iritzi diote Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak, eta hitz joko horrekin izendatu dute ikuskizun berria: Eskailerapekoa. Itzalean dauden kontuak taularatzea asmo, bina bakarrizketa egiten dituzte oholtza gainean, betiere ardatz hartuta eurak zeharkatzen dituzten gaiak, emakumetasuna eta «betaurreko umoreak».

«Emakumeen kontuak, emakumetasuna eta halakoak oraindik bigarren maila batean daude, ezkutatuta... Argitara atera nahi ditugu, eta gu zeharkatzen gaituzten gaiez ariko gara. Bestalde, ardo ona bezala, onduta, gure onena ematera gatoz», horrela hitz egin du Torregaraik ikuskizunaren izenburuaren eta abiapuntuaren inguruan; eta, barre artean zehaztu du ardorik ez dutela atsegin ez berak, eta ez Martiarenak. Hari berari tiraka nabarmendu du umoristak ez dela antzezlan bat, «binakako bakarrizketa ikuskizun bat» baizik: «Mirarik eta biok dagoeneko zortzi urte daramatzagu formatu hau erabiltzen. Gure egunerokotasunean garrantzia duten gaiak lantzen ditugu, txandaka, bakarrizketetan».

Gaiak, autoan

Aipatu bezala, bina bakarrizketa egiten dituzte, eta, guztira, lau gai landu: 40 urteen krisia; amatasuna eta nerabezaroa; gorputza eta perfekzioa; eta kirola zein erlijioa. «Mirari eta biok belaunaldi ezberdinetakoak gara, eta bakoitzaren bizitzako uneek kontraste politak sortzen dituzte». Lau hamarkada betetzearen krisiaz ariko da Martiarena, aurten beteko dituela-eta. Torregaraik, berriz, amatasuna eta nerabezaroa izango ditu hizpide: «Amatasun krisia iritsi da perimenopausiaren unean; eta horri buruz egingo dut hitz, besteak beste».

Segidan, Martiarena gorputzaz ariko dela azaldu du Torregaraik: «Gorputzaz bereziki emakumeok ditugun presioak: argal egotea, perfekzio horretara joatea... Eta horrek zein bide eragin dion bizitzan». Kirola ere aipatzen du amaieran, eta hari mutur horretatik tiraka, azken bakarrizketan, Torregaraik mendizaletasunaz egiten du hitz, eta baita erlijioaz ere.

Hizketarako gaiak nondik zehazten dituzten galdetuta, berehalakoan erantzun du: «Euskal Herriko leku askotara joaten gara elkarrekin, eta denbora asko pasatzen dugu kotxean. Tarte horietan bata bestearen berri ematen diogu elkarri, eta pixkanaka errepikatu egiten dira zenbait gai». Dena dela, ikuskizun berria pentsatzen janzkeratik hasten direla aitortu du: «Lan bakoitzean kolore ezberdin bateko txaketa erabiltzen dugu, uniforme moduko bat da; eta lehen pausoa hori aukeratzea izaten da. Ondoren, izenburua pentsatzen dugu, eta, azkenik, testua garatu». Lehen gogoetan kontraesankorra badirudi ere, azaldu du auto bidaia horietan gaiak ia erabakita uzten dituztela, eta, gerora, «erraza» izaten dela horri tiraka gidoia osatzea.

Behin testua idatzita, entseatzen hasi eta «elkar hobetu» egiten dutela uste du Torregaraik: «Gomendioak ematen dizkiogu elkarri, iradokizunak egin… Bion umoreak askotan egiten du bat, eta besteak zer esan nahi duen osatzeko gai ere bagara honezkero». Laugarren ikuskizuna dute elkarrekin, eta orain arte «oso ondo funtzionatu» dutela ere aipatu du: «Zeri buruz hitz egin nahi dugu? Geure buruari galdetzen diogu, batzuetan, baita ahoz gora ere [barrez]».

Lehengo lepotik burua

Elkarrekin osatutako aurreko ikuskizunen aldean, berriak «ezberdintasun nabarmenik» ez duela ere aipatu du umoristak: «Gure estiloa da. Biak batera, txandaka, eta gure bizitzako kontuak kontatzen, arreta emakumetasun horretan jarrita». Aurretik ikusi dituenak formatua ezagutuko duela ere aurreratu du, eta obra berria euren umorearen «jarraipen bat» dela: «Horrela aritzeak funtzionatzen digu, eta horixe gara gu».

Zentzu horretan, barrea eragiteaz gain, «hausnarketa sustatzen» ere ahalegintzen direla nabarmendu du: «Beti saiatzen gara gauzak egiten betaurreko umoreak jantzita. Umorea bai, baina betaurreko moreekin». Eta ildo beretik gehitu du ezkutuko gauzekin barre egitea bezain garrantzitsua dela horien inguruan hausnartzea: «Bi bueltako kontua izatea da helburua. Orain arteko ibilbidean horretan ahalegindu gara, eta guretzat garrantzitsua da aldarrikapen puntu hori mantentzea».

Idoia Torregarai: «Batak bestea elikatzen dugu; eta polita da, oraindik elkar harritu ere egiten dugulako»

Oholtzan bi izanda, izan zitekeen elkarrizketa, baina bakoitzak bere aldetik hitz egitea hobesten dute. Dena dela, bien arteko elkarlana «aberatsa, erraza eta naturala» bezala definitu du Torregaraik: «Batak bestea elikatzen dugu; eta polita da, oraindik elkar harritu ere egiten dugulako». Hori da, umoristaren ustez, elkarrekin «hainbeste denbora» pasatzeko arrazoietako bat, eta elkartzen direnean «sortu baino gehiago» egiten dutelakoan dago: «Elkartzean ez da batuketa hutsa, biderkatu egiten da. Gozatu egiten dugunez, sortzaileago bihurtzen gara, eta erraz lotzen ditugu gaiak; prozesua ere disfrutatu egiten dugu».

Bata besteari tamaina hartuta, ez dute izan «aparteko zailtasunik» sortzeko garaian. Dena dela, umoristak kontatu du ez dutela entseatzeko zein sortzeko leku propiorik, eta eskerrak eman dizkio Adunako Udalari, aukera eman dielako egonaldi artistiko bat egiteko: «Urtarrila osorik bertan pasa genuen; eta, ordainetan, bertan aurre estreinatu genuen ikuskizuna. Asko laguntzen du sortzeko leku atsegin eta goxo bat izateak; horrek ere eragin du prozesuan. Eta asko eskertzen dugu». Sortzeko denborari dagokionez, «serio» iazko azaroan hasi zirela kontatu du, eta otsailera bitarte aritu direla guztia «mamitzen». Dena dela, nabarmendu du horren aurretik hasiak zirela «gaiak-eta» lantzen, aipatu bezala, auto bidaietan.

Arrakasta aurrestreinaldian

«Adunakoa oso-oso polita izan zen. Sormenaren zati handi bat egin genuen toki berean aurkeztea oso ederra izan zen; indarra eman zigun. Gainera, Aduna oso herri txikia da, eta herritar asko etorri ziren ikustera», horrela hitz egin du Torregaraik lehen emanaldiaren inguruan. Hari berari tiraka aipatu du ikuskizuna bukatu eta «askotan» gerturatzen zaiela publikoko jendea, bitxikeria edo anekdota propioak kontatzera.

Umoristak uste du horren arrazoia dela jendeak bere burua islatuta sumatzen duela bakarrizketetako zenbait unetan: «Erraza da identifikatua sentitzea. Zaharxegoak, beharbada, nirekin; eta, gazteagoak, Mirarirekin». Dena dela, orain arteko emanaldiek harrera «oso beroa» izan dutela ere aipatu du, eta «pozgarria» dela hori: «Algortan egin dugu, Itziarren… Leku horietan behin baino gehiagotan izan gara, eta publikoa etxekoa bezalakoa da. Seinale ona da errepikatzea; hirugarren edo laugarren aldiz deitu izan gaituzte».

Ikuskizuna «edozein publikorentzat» egokia dela nabarmendu du Torregaraik, ñabardura batzuekin: «Ez dugu gezurrik esango: ja señora batzuk gara; eta, ni, are gehiago [barrez]». Zentzu horretan, gaztetxoekin konektatzea zailagotzat du egileak, eta ikuskizuna «16 urtetik gorakoentzat» dela esaten omen dute: «Gure publiko beroena 30 urtetik gorakoa da. Baina, adibidez, nerabezaroaz hitz egitean, oso identifikatuta sentitzen dira nerabeak eta gurasoak». Horrez gain, aitortu du «arreta berezia» jartzen dutela «adineko emakumeengana» iristeko: «Ezkutatutako belaunaldi bat izan da, eta oso pozik hartzen gaituzte beti». Halaber, onartu du emakumezkoak direla bertaratzen diren gehienak, baina ez dela «inondik inora» emakumeentzat bakarrik: «Jendeak bi emakume ikusten ditu oholtzan eta pentsatzen du emakumeentzat dela. Egia da gure publiko gertukoena dela, baina guztientzat dago irekita, noski».

Ibarran, zaharrak berri

Ibarra plaza ezaguna da bikote artistikoarentzat; hain zuzen, hirugarren aldiz izango omen dira bertan. Esperientziari buruz galdeginda, «beti erantzun oso ona» jaso dutela kontatu du Torregaraik: «Publiko bati kostatzen zaio beharbada hasieratik barre suelto egitea. Bada, Ibarran ez da horrela: gogoan dut iaz izan ginela eta pertsona batzuk barreari ezin eutsi eta malkotan aritu zirela».

 

Idoia Torregarai: «Gu gaude oholtzan, baina jendeak ere aukera izaten du parte hartzeko eta iritzia emateko»

Gaurko emanaldiaz ere gauza bera espero dutela aurreratu du, eta jendea, bukatutakoan, «barre-terapia» eginda etxeratzea. Zentzu horretan, zalantzan egon daitezkeenak ere bertaratzera gonbidatu ditu: «Gu gaude oholtzan, baina jendeak ere aukera izaten du parte hartzeko eta iritzia emateko». Umorea eta hausnarketa uztartzeko «hitzordu egokia» dela uste du, eta joaten denak aukera izango duela barrearen bidez ondo pasatzeaz gain, hausnartzeko eta ezagutza pixka bat gehiago jasotzeko.

ESKAILERAPEKOA

Gaur, ostirala

Lekua. Ibarrako kultur etxea.

Ordua. 19:30.

Hizkuntza. Euskara.

Ikuskizuna. Binakako bakarrizketa.

Generoa. Umorea.

Umoristak. Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!